Iker Barandiaran

Ikasturtea hasteko jarrera estetikoak

Seme nagusia ikastolan hasiko da laster. Bera ilusioz dago eta ez diot hori kendu nahi, baina hemendik aurrera poliki-poliki joango dira bestelako zereginak jolasari lekua eta denbora kentzen. Ume izateari utzi ez, baina bere kasa eta bere erritmora gauzak deskubritzetik at, etorriko dira ikasteko eta egiteko arau zorrotzagoak, beste batzuek ezarriko dizkiotenak; batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako. Orain arte ia guztia izan da bere intuizioari, nahiei eta beharrei jarraitzea, berezko hazkunde naturala hain zuzen ere. Orain erremintak emango dizkiote, baina ezingo dio beti bere barrenari entzun eta erantzun.

Nik nire kasuan ez nuen inoiz eskolarako uniformerik izan, ezta desio ere, jakina; nire garaiko beste batzuek, ordea, bai. Oraingo garaian, berriz, inon idatzita ez badago ere, ume askoren kasuan futbol taldeetakoak izan ohi dira uniforme horiek. Inork ez ditu behartzen, etxe askotan ez da futbolik inoiz telebistan ikusten, baina… Jakin nahiko nuke nondik datorkien zaletasun hori! Reala batetik, Athletic, Bartzelona (Emirerriaren eta erreferendumaren arteko gorroto-maitasun bizipena indarrean), eta, azken aldian, gaitz erdi, Eibar ere! Beno, eta ezin ahaztu Debagoienean, inguruko herriekin parekatuta salbuespena den UDA, Aretxabaleta kirol taldea, hain zuzen. Azken hori aztertzeko moduko sentsibilizazio eta marketin adibidea da, futbol enpresa handiei bizkarra eginez gaztetxoengan hurbiltasuna eta atxikimendua lortu duena.

Gure garaian niri zegokidanez uniformerik ez, baina bazen gerora inoiz berriro ikusi ez dudan jantzi bat: kaikua, alajaina. Ikastolak errotzen hasitako garai haietan nire zenbait ikaskidek janzten zuten ikurrinaren koloreek inspiratutako borladun jertsea. Ekintza boluntarioa zen, guraso batzuek oso errotuta zutena antza. Izan ere, ez dakit etxe bakoitzean halako zenbat zituzten, baina ume batzuek ia-ia egunero janzten zituzten kaikuak. Betidanik oso elementu kitch-a iruditu izan zait kaikua, garai eta sentsibilitate jakin batekin oso lotua eta zentzu askotan gogora ekartzeko modukoa, baina nire harridurarako gaur egungo revival estetiko zein ideologikoek oraindik ere berreskuratu ez dutena.

Aldiz, gure aitona-amonekin eta tradiziozko Euskal Herri baserritarrarekin hertsiki lotutako txapelak badu oraindik nolabaiteko jarraipena. Nahiz eta nire kasuan onartu behar dudan aitonak aspaldi horietako bat eskaini zidanean ez nuela jakin zer erantzun, eta, bera ez mintzeko gorde banuen ere, jada ez dudala aurkitu. Penaz diot orain. Eta, nola diren gauzak, gerora, garai batean, Gasteiz zein Iruñeko, adibidez, rock zale batzuek txapela larruzko jakarekin batera janzten zuten, banatuta egondako bi mundu estetikoki elkartuz. Hala ere, esan beharra daukat nire seme nagusiak txikitan txapelarekin ikusten zituen gizonak zenbatzeko ohitura zuela, gauza exotiko edo bitxitzat hartzen zuelako. Eta halako ezohiko ohiturei jarraiki, bada aspalditik erraz asko asmakizuna izan daitekeen kontakizun xelebre bat: hara, norbaitek nonbait argazkian txapela jantzita duten gizonen eskelak bildumatan batzen dituela.

Hori guztia esanda, aitortu beharra daukat nik ikasturte berri hau ilusioz, harrotasunez eta inbidia sanoz jota hasi dudala Kataluniako herritarrak eta eragileak beraien sentimenduen eta eskubideen alde erakusten ari diren jarrerarengatik. Tradizioa eta modernoa dena batuta, estetika guztien gainetik beraien kabuz hazi eta bidea egiten jarraitu nahi dutelako. Eta, horretarako, ezinbestez aurrean jartzen dizkieten hesi guztiak eta ustelkeriaz –adieraren zentzu guztietan– jota dagoen erro frankistadun sistema uste baino lehenago iraultzen ari direlako. Garai berri baten hasiera da, eta guri ere tokatzen zaigu behingoz aurrera egitea, eskubide oro ukatzen dizkigutenei bizkarra emanez. •