Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

IRAIA OIARTZABAL

Lehengo jostunen antzera, egongela goxoa, oihal ederrak eta ispilu handi bat ditu tailerrean Oiartzabalek. Goi joskintzaren eta neurrira egindako jantzien aterkipean, bere burua sortzailetzat du. Hor topatu du bere esentzia. Ezkontza soinekoak egiten ditu bereziki, emakume bakoitzaren irudimenean dagoenari forma emanez. Emaitza, soineko bat baino askoz gehiago.

Goi joskintza modaren munduarekin lotu ohi den arren, ez da horrekin identifikatua sentitzen Iraia Oiartzabal (Pasai Antxo, 1987) diseinatzailea. Nahiago du sormenaren arloarekin lotzea, bere burua sortzailetzat duelako: existitzen ez den hori irudikatu eta sortu, josi, eskuz, mimoz. Eta modu pertsonalean. Ez daude bi pertsona berdin munduan, ezta bi soineko berdin bere tailerrean.

Sorkuntzaren eta goi-joskintzaren bidegurutzean izan du aukera, birritan, Kukai dantza taldearekin lan egiteko “Gelajauziak” (2013) eta “Oskara” (2017) ikuskizunetako jantziak diseinatuz eta josiz. Kreatiboki aberatsak izan dira bi prozesuok, irakaspen apartak. Azken prozesuak, gainera, Estatuko hedabideetako titularretara eraman zuen iragan ekainean pasaitarraren izena, jantzi diseinu onenari Max saria irabazi baitzuen Oiartzabalek.

Bi prozesuak oso ezberdinak izan zirela aitortzen du. Lehen ikuskizunak ez zituen azkenak aurkeztu zizkion erronkak jarri mahai gainean, besteak beste, «Marcos Morauren exijentzia maila», gogoratu du miresmenez. «Oso argi zuen zer nahi zuen, beretzat ez zen nahikoa antzeko zerbait egitea, berak buruan zuena baino ez zuen nahi».

Juan Luis Goenaga margolariarekin kolaboratu du, margo bat soineko bihurtuz. «Prozesuotan emaitzak hain izan dira izugarriak! Alde sortzailean sentitzen naiz ondo, horrek betetzen nau, eta, azkenean, lortu dut nire burua definitzea», dio.

Neurrira egiten du arropa Donostiako Erdialdean duen tailerrean, garai bateko sastreen modura: egongela goxoak, oihalak ukitzeko aukera, ispilu handiaren aurrean amets egitekoa… Bertan jasotzen ditu bezeroak, gehienak, ezkontzera doazen emakumeak, beren soineko zuri ederraren bila hurbiltzen direnak. «Hasieratik aritu naiz neurrira josten. Hori eskatzera datorren bezeroa une berezi bat ospatzera doana da. eta, oro har, ezkontzak izaten dira une horiek». Bestelako festa-soinekoak ere egiten ditu, adibidez gainontzeko gonbidatuentzat.

Bezeroarekin harremana josiz

Gaztea baino eskarmentuduna, erritmo bizian egin du ibilbidea. 23 urterekin ireki zuen tailerra, eta, dioenez, enkarguak aukeratu egiten ditu gaur egun. Esfortzu handia eta lana baino ez dago atzean, ilusioa eta gogoa proportzio berean.

Pasai Antxon jaioa, Irungo Kunsthal eskolan arte plastiko eta diseinuko ikasketak egiten hasi zen, baina 2007an hartu zuen Bartzelonarako bidea; han jo zituen lehen ateak formakuntza jasotzeko. Felicidad Duce goi mailako moda diseinuko eskolan moda ikasketak egiten aritu zen, eta, aldi berean, Miguel Elola Balenciagaren ikasle izandako diseinatzailearekin lanean. Han lortu zuen neurrira jantziak egiteko oinarria eta jakintza. Handik zuzenean Donostiara, bere ibilbide profesional propioa abiatzeko prest.

Iraia Oiartzabalen atzean Iraia Oiartzabal «bakarrik» dago: berak marrazten ditu patroiak, berak mozten ditu oihal delikatuak ondoren josteko, berak forratzen ditu botoiak banan-banan soineko bakoitzaren oihal berberarekin… Lanok guztiok egiten diren gelan kaos ordenatua sumatzen da, bizitza: pareta batean 2017an josi dituen eta josteke dituen soineko zurien marrazkiak ageri dira, ezkonduko diren emakumeen izenak alboan. Sekretu eta ilusio asko ezkutatzen dituzte marrazkiok. Luzeak, estuak, finak dira, forma ezberdinetakoak, dir-dir egiten duten pieza eta harritxoekin. Ezinezkoa soineko bat bestea baino gehiago maitatzea, dio.

Bezeroak atea jo eta berau irekitzean sortzen den harremana, bihozkada, oso garrantzitsua da, esanguratsua, bi norabideetan. Kode bera hitz egitea, elkar ulertzeak balio handia du. «Feeling-a hasieratik egotea oso garrantzitsua da. Prozesua luzea da, urtebete lehenago jartzen gara lanean, eta intimoa, konpartitzen diren uneengatik», kontatu du. Hori da hainbatetan aipatzen duena: «konpartitu, parte hartu». Beretzat, ezkongaiek hitza izatea, beren iritzia jasotzea soinekoari ekarpenak egiteko, gauza politenetakoa da. «Horrek berezi sentiarazten ditu, hau da, beren soinekoetan parte hartu dutela sentitu behar dute, emaitza bion ekarpenen uztarketa delako, ez da nik egindako lana bakarrik».

Azaldu duenez, soinekoa bozeto batetik abiatzen da, baina hori baino lehen emakumea entzun egiten du. Horrek pista asko ematen dizkio bere nortasunaz, bilatzen duenaz… «Baten batek esan dit nahi dudana egiteko, parametro batzuen barruan. ‘Iraia, ez dut ideiarik. Begira nazazu, inspira zaitez eta aurrera’, esaten didate», dio. Ezkontzagatik galdetzen die Oiartzabalek: begiradak erakarri nahi dituen, diskrezioa bilatzen duen, lotsatia den, konplexuak dituen edo ausarta den… «Gauza asko irakur daitezke».

Bost probak

Guztiak, ordea, ez daude soinekoa neurrira egiteko prest, emaitza hasieratik ikusteko beharra dutelako. Hori izaten da, bere ustez, askoren oztopoa. «Nigan konfiantza jartzen dute beren buruan dutena pixkanaka eta elkarrekin sortzen joateko. Sorpresa faktore hori, fantasia puntu hori da zoragarria, proba bakoitzean soinekoa osatuago ikustea… Hasieratik nigatik egin duten apustua niretzat guztia da».

Bozetora goaz. Karpeta mardul batean ditu aurten egin dituenak; apalean, 2018rako dituen eskariak. Behin marrazkia eginda, lehen proba, toile deitutako kotoi zurian egiten da. Batik bat diseinatzailearentzat da baliagarria, orduan egiaztatzen duelako patroia bera zuzena den, neurriak eta formak egokiak… Ezkongaiak, berriz, lehen aldiz ikusiko du bere burua zuriz jantzita, oraindik bere soinekoaren traza handirik sumatuko ez duen arren. Hurrengo proban bai, soinekoa dagokion oihalean josita, eguna hobeto irudika dezake. Oro har bost proba izaten dira, eta gehienak amarekin joaten dira, edo ahizparekin, eta lehen kontaktua askotan lagun batekin egiten dute. Bitxikeria gisa, aitarekin bi baino ez zaizkio joan, eta aurten dezente izan dira bakarrik joan direnak.

Batzuetan besteen iritziak arazo izan daitezkeela-eta, baditu abantailak bakarrik joateak: erabateko askatasuna erabakiak hartzeko, nahi gabe bada ere, besteen hitzek eragina dutelako beti. «Nire aholkua da beren buruarekiko ahalik eta autentikoen izan daitezela. Egun horretan kendu mozorroak edo zamak eta jendeari esan: ‘ni hau naiz’. Ispilu aurrean begiratu eta ikusi nahiko zenukeen hori ikusi. Gogoekin ez gelditu behintzat. Hori da-eta penarik handiena», nabarmendu du.

Soinekoarekin komunikatu

Akaso ezkontzak aipatzean pentsatu ohi da udaberrian edo udan, baina Iraia Oiartzabalek orain du lan sasoi gogorra. Dioenez, uztailarekin batera, iraila eta urria dira hilabete gogorrenak. Hainbat soinekoren azken probak egiten ari da asteotan, azken puntadak eman eta prest izateko. «Eta datorren urteari begira, lan gehiago», dio karpeta zuri mardul bat seinalatuz. Zorionez esfortzua emaitza izaten ari da eta orain zer egin aukera dezakeela aitortu du. Adibidez, erronka suposatzen duten soinekoak, sorkuntza aldetik berriztatzaileak direnak, ohikotasunetik ateratzen direnak… Izan ere, eskatzen den horretan ere mundu oso bat dagoela aitortzen du. Batzuek sexy joan nahi dute, besteek diskrezioa bilatzen dute, guztien begiradak bereganatu nahi dituztenak ere badaude, jakina, edo «gonbidatuak aho zabalik» utzi nahi dituztenak, «festaren erregina» izan nahi dutenak… Hala ere, eta estiloak estilo, denboraldi bakoitzean ustez eramaten denaz ondo informatuta heltzen dira. «Instagram edo Pinteres-en kontuak irekitzen dituzte, mugikorra sutan dute urte osoan zehar, argazki piloz betetako galeriak… eta eraginak nabaritzen dira». Oiartzabalek hori guztia alde batean utzi eta burua irekitzeko eskatzen die, besteengandik ezberdina izango den soinekoa egiteko aukerak hamaika direlako, eta zein baino zein ederragoa. «Nola sentitu nahi duzu? Zer gustatzen zaizu eta zer ez?».

Horretarako egiten du lan Bartzelona nahiz Madrileko oihal etxe onenekin, besteak beste. Zeta, muselina, satina… ukitu, sentitu, eta irudikatu. «Xehetasun bakoitza disfrutatzeko prozesuak dira, halako soineko bat ez duzulako beste inoiz egingo –iritzi du–. Ez da ezkontzeko soineko huts bat».•