Xabier Mikel Errekondo

Kontxako bandera, epika eta lotsa

Irailaren 10ean inoizko estropadarik ikusgarriena jokatu zen Kontxan eta ene begiek eguzki bi ziruditen emozioz gainezka sutan, aurpegia bera baino zabalago telebista pantailari itsatsita, sekula ikusi gabea sinistu ezinik. Zirraragarria, ikaragarria… hitz totelka erretorikan hiztegia motz egin zitzaidan. Olatu bortitz ilun artean hamalauna kideko oskol koloredunak borroka etengabean bertan bagina bezala genituen sentitu, orain irentsiak orain arnas hartzen baleak lez. Hitz bakarrean, epikoa!

Kontxako Bandera zegoen jokoan eta emakumezkoetan zein gizonezkoetan bi ikasgai argi izan genituen: kronometroa baino arerioa dela gainditu behar eta Bandera beraren afera lotsagarria. Kontxakoa ez da minutu-segundoen neurketa soila, 13.29ko estropadak 10.38koak baino emaitza hobea lor dezake, eta 21.39koak 18.53koak baino (errekor eta guzti). Gakoa ez baita kronometroa haustea, arerioari aurre hartzea baizik. Igande magikoak kirol honekiko ikuskera eta maitasuna biderkatu egin zigun eta generoen arteko distantzia ezdeustu. Izan ere, epikak ez du kronometroarekin zerikusirik, ez sexuarekin, pertsonarekin eta egoerarekin baizik.

Kontxako Bandera trapu txuri-urdin bat baino askozaz gehiago da, eta, hala ere, politikari arduradunak ezin traketsago ibili ziren, errazkeriatan. Prezioaren aitzakia merkepean Bandera trapu huts bihurtu zuten bizio politiko errepikatuen inertzia jarraituz… apustu politikariren baten inguruko enpresa dela Valentziakoa! Ederra udal arduradunena, kalapita lotsagarriaren ondoren made in Valentzia bandera ez zuten ikuskatu ere egin eta akatsez jositako bandera astindu behar izan zuten Donibaneko eta Orioko arraunlariek; politikariak zeramatzan ontzian bertan; bikoitza iraina. Usadiozkoa bitartean, urtetan puntada bakoitza herrian bertan eskuz eta mimoz emandakoa, baztertua!

Magikoa izan zen bai igandekoa, lotsabako batzuek Kontxako Bandera trapu soilera makurtu zutenekoa eta arraunlarien epikak trapu iraingarria berriro Bandera preziatu izatera. Lotsa eta epika. •