Xabier Izaga Gonzalez
Interview
IñakiOrtiz de Villalba
betagarriko abeslaria

«Letrak eta musika jorratzeko, beti izan dugu kontuan beste batzuek egindako bidea»

Hatortxu Rock jaialdian eman zuten kontzertu gogangarria Betagarriren agurra izan zen. Taldeko abeslari Iñaki Ortiz de Villalbak proiektu berri bati ekin dio jada.

Duela 24 urte, Gasteizko institutu bateko lagun talde batek «zarata egiten hastea» erabaki zuen, inolako pretentsiorik gabe. Eta hasi baziren, hasi ziren. Zenbait hilabeteren buruan, maketa bat grabatu zuten, ezusteko arrakasta izan zuena, eta oholtzarik oholtza hasi ziren, lehenengo diskoa argitaratu arte hiruzpalau urte joan ziren arren. Konturatzerako, baina, Betagarri euskal musika talde erreferentziala zen, Euskal Herrian eta kanpoan.

Milatik gora kontzertu eman zituzten 22 urtean, eta, bi urteko isilaldiaren ondoren, Lakuntzan, Hatortxu Rock jaialdi erraldoian, beren azken kontzertua eman zuten joan den uztailaren 28ko gauean. Eta ez zuten huts egin gazte andanaren aurrean, beren ibilbide luzearen mailari eutsita. «Esker hitzak baino ez ditugu», esan zuten euskal preso politikoen aldeko jaialdiaren antolatzaileek, «oholtza gainean eta haietatik kanpo Betagarrik erakutsi duen elkartasuna» gogoraraziz.

Iñaki Ortiz de Villalbak ez du soberako aurkezpenik behar. Bizitza erdian ahotsa jarri dion taldearen ibilbideaz jardun du GAUR8rekin, euskal musikan lorratz nabarmena utzi duen etapa horretaz eta haren amaieraz, baina baita berri baten hasieraz ere, dagoeneko abian baitu bere hurrengo proiektua.

Hatortxu Rockeko kontzertua etapa baten bukaera izan zen.

Agian, nolabait, horrela izan zen, azken finean Betagarri aparkatuta utzi dugu-eta guztiok. Badakizu, gauzak bukatzen direnean, beste batzuez hasten zara pentsatzen. Betagarrirekin, pentsa ia-ia 22 urte eman ditugula, azkenengo bietan jotzeari utzi genion-eta. Ikusten genuen taldeak ere aire apurtxo bat behar zuela eta arnasa hartu behar genuela guztiok. Bi urte horiek hausnartzeko izan ziren, eta hausnarketa horren bueltan, uztea erabaki genuen.

Hala ere, Hatortxu Rocken jotzeko elkartu zineten.

Bai, lehendik hitzartuta zegoen. Jaialdi horrek izan behar zuen agian garai berri bateko lehen kontzertua edo garai zaharreko azkena. Azkenean bigarrena izan zen. Horrela erabaki genuen denon artean, ez jarraitzea Betagarrirekin. Ez dago zergati nagusi bat, baina asko daude; azken finean, beste bide batzuk jorratzea erabaki genuen. Hatortxukoa oso hunkigarria izan zen, oso kontzertu polita; batetik, Obrent Pas-ekin eta hainbat euskal talderekin partekatu genuen agertokia, eta, bestetik, kontzertuaren, jaialdiaren motiboa guztiz bihotzekoa zen, eta guk oso gustura egin jo genuen horrelako marko batean.

Esanguratsua da Betagarrik bere azken kontzertua aldarrikapen marko batean egin izana. Zuen ibilbidean argi utzi duzue alderdi hori.

Bai, noski. Guk badakigu nondik gatozen, eta, nolabait, garai bateko semeak gara. Hainbat iturritatik edan genuen, ez bakarrik letren edukiak jorratzeko, baizik eta musikarena ere bai; beti izan dugu kontuan beste batzuek egindako bidea, ezta? Gu 90eko hamarkadan garrantzitsuak izan ginen, 2000koan ere bai, eta Katalunian badugu iragan bat oso esanguratsua. 1.030 kontzertu inguru jo ditugu, eta horietatik Katalunian 300 inguru izango ziren. Guk zenbait uda eman ditugu Kataluniatik atera gabe. Orduan Katalunia Euskal Herrira begira zegoen. 2000. urtean, pentsa zer arrakasta genuen han, gure zuzeneko bat bertan grabatu genuela: “Zuzenena”. Zuzenena, bi zentzutan: zuzenekoena eta egokiena. La Mirona aretoan, Gironan, grabatu genuen, 2004. urtean, uste dut. Izugarrizko arrakasta zuen Betagarrik Katalunian, bere musikagatik, transmititzen zuelako, baina baita euskal talde bat zelako, euskaraz abesten zuelako; kataluniarrek antzekotasun bat ikusten zuten. Orain badirudi guztiz alderantziz gertatzen dela, euskaldunok Kataluniara begira gaudela, eta seguruenik hainbat talde ere bai.

Gure historian, Katalunia eta han grabatutako diskoaren kontuaz gain, beste gauza aipagarri asko izan dira. Japonian izan gara, Alemanian eta Suitzan 60 kontzertu inguru egin ditugu, euskara oro har Europan zehar eraman dugu... Europan esanguratsuak izatea oso garrantzitsua zen guretzat. Gogoan dut beti iragartzen zutela Betagarri taldeak Francok debekatu zuen hizkuntzan abesten zuela. Alemanian oso kezkatuta zeuden Gernikarekin, horren jabe baziren; ez ziren nazionalisten oso lagun, ordea. Haiek, ezkertiarrek batez ere, naziekin lotzen zuten nazionalismo guztia, eta zu saiatzen zinen nazionalismoak ez duela zertan baztertzailea izan azaltzen, nazio bat aldarrikatzea faxismoarekin lotzen duen ideia horri aurre egiten... Eztabaida sakonetan sartzen ginen Alemanian!

Garrantzitsua da kanpoan abestea?

Oso garrantzitsua, niretzat interesgarriena. Kanpora ateratzea, zure musika kanpora ateratzea, gauzak partekatzea, hitz egitea, beste herrialde batzuetan nola bizi diren ikustea, han lagunak eta ezagunak izatea... oso aberasgarria da. Azken batean, taldea bai, jakina, musika egitea, jotzea eta abar ondo dago, baina, nire ustez, Betagarrik egin duen gauzarik garrantzitsuena kanpokoekin, ez bakarrik Kataluniakoekin, baizik eta Europako eta beste leku batzuetako jendearekin, Madril, Valladolid, Espainiako beste herri eta hiri batzuetako kideekin partekatzea, gertutasun bat izatea, elkartasun bat sortzea izan da. Haiek esandakoa da: «Guk ere Euskal Herria maite dugu, zuena bezalako taldeak maite ditugu». Eta hori, pentsa, garai nahiko latzetan esaten ziguten. Taldeak eman digun onena harreman horiek izan dira.

Oker ez banago, zure bokazioa ez zen musika, ezta?

Ez, ez, inondik inora! Guri musika gustatzen zitzaigun, eta garai hartan Gasteizen talde gutxi zeuden, are gutxiago euskaraz kantatzen zutenak. Zeudenak punk eta heavyak ziren. Gure erreferentea Gasteizen, argi eta garbi, Hertzainak izan ziren; ni haien jarraitzaile sutsua nintzen. Beraz, haien kontzertuetara joaten ginen, eta, azkenean, euskal musika osoari erreparatu genion. Ska gustatzen zitzaigun, euskaraz abestea gustatzen zitzaigun, institutuko lagun talde bat ados jarri ginen horren inguruan eta Betagarri taldea sortu genuen, inolako asmo berezirik gabe…

Baina nahi gabe ere...

Nahi gabe, bai. Guk hiru urte eman genituen maketa batekin, baina jendea gure kontzertuetara joaten zen. Eta inork ez zigun disko bat grabatzerik eskaini.

Maketa hark izan zuen arrakasta ere ez zenuten espero, nonbait.

Ez, ez. Ni harrituta geratu nintzen, esate baterako, Galiziako tipo batek deitu zidanean, maketa hori jarrita, bere aretora jotzera joan behar genuela esateko. «Hau zeharo flipatuta dago», pentsatu nuen nik momentu hartan, baina ikusi genuen oihartzun handia izan zuela.

Azken batean, lagun talde bat zineten.

Bai, baina handik eta hemendik deitzen ziguten eta gu joan egiten ginen. Edonola ere, lehenengo diskoa ateratzea kostatu egin zitzaigun, eta pentsatzen genuen beste talde batzuek, hainbeste jotzen ez zutenek eta horrenbesteko arrakastarik ez zutenek, diskoa ateratzen zutela eta guk ez genuela horretarako eskaintzarik. Egia esan, ez genuen eskaintzarik. Azkenean, Mil a Gritos Records, Soziedad Alkoholikakoen diskoetxea sortu zen eta hainbat talde bultzatu zituen, tartean gu. Lehen disko hark [“Betagarri”], hedapen eta oihartzun handia izan zuen, eta bidean jarri gintuen.

Eta ezinbesteko erreferentzia bihurtu zineten Euskal Herriko musikan.

Arabarrak izanda gainera! Eta nire ustez, taldeak Araban eragina izan zuen, gazteengan eta jende askorengan… Tira, hau ez nuke nik esan beharko, eta agian gehiegi esatea da, baina Araban gauzak ikusteko moduan gazteriaren zati batean eragina izan du Betagarrik, beste hainbat euskal taldek bezala.

Ez dakit zeuk esan behar duzun ala ez, baina badirudi hala dela.

A, eta guk ez dugu inongo konplexurik izan arabarrak garela esateko; harro, gainera!

Izenetik hasita. Bi adieratan, gainera, ikatza egiteko txondorrari botatzen zaiona eta bestea.

Hedabideetan askotan gaizki jarri dute: “Betagorri”, ”Betiegarri”, ”Betegarri”… era guztietara “Betagarri” izan ezik. Jakina, jendeak ez zuen hitza ezagutzen, baina Araban bai, erabiltzen da, gure amak eta amamak Eharin [Gasteiz ondo-ondoko herrixkan] erabiltzen zuten “sua bizitzea” adierarekin, haizearen bidez edo egurra botaz: «emaiozu betagarri». Eta erdararekin nahastuta ere erabiltzen da: date más betagarri, “bizkortu adi”, alegia. Eta hori gelditu zen gehienbat. Txondorrari dagokiona Kanpezu eta Mendialdetik kanpo ez da oso ezaguna.

Egin duzue etapa honen balantzerik?

Lehen esan dizudan bezala, hau nire bizitza izan da, ez bizitza osoa, baina erdia bai. Eta istorioak eta pasadizoak eta gorabeherak milaka izan dira, onak eta txarrak, denetatik izan dugu. Ezingo nuke bakar bat nabarmendu. Ez dakit, esaterako, gogora datorkit Japoniako areto bat, jendez bete zen, gu euskaraz kantatzen, hemen funtzionatzen zuen ikuskizun bat eskaini eta han ere funtzionatzen zuela ikustea… Letra ulertu gabe ere, gure musika ulertzen zutela eta dantzan ari zirela ikustea izugarria izan zen. Eta izugarria izan zen, halaber, hemengo [Gasteizko] gaztetxean egin genuen lehen kontzertua, edo Madrilen jotzea, Caracol aretoan adibidez, edo gune okupatu batean eta milaka lagun euskarazko abestiak entzuten, non eta Madrilen. Horrelako gauzek harritu egiten zaituzte, eta betiko gelditzen dira. Gasteizko jaietan, Foru enparantzan edo txosnetan jotzea ere, familiakoak kontzertuetan ikustea... Nire gurasoek ez dakit zer pentsatzen zuten, beharbada ezkontzetan eta jaunartzeetan jotzeko taldea ginela-edo! «Ea gure mutilak zer egiten duen» etorriko ziren lehen aldiz. Flipatuta geratu ziren.

Nola erabaki zenuten egingo zenuten musika mota?

Betagarri nolabait berezia izan zen musika berezia egiten zuelako. Esate baterako, gu Kataluniara joaten ginen eta bagenekien han oso gustukoa zutela ska, baina ska klasikoa, ska jamaikarra. Guk ska, rock eta punk musikak nahastu nahi genituen, eta uztarketa horretatik, lelo akuilatzaileetatik, rocketik, metaletatik zerbait berezia sortu zen, entzutean «hau Betagarri da» esaten zenuena; erritmoa, soinua, ahotsa… horregatik zen nolabait berezia. Eskaini genuena ez zen betikoa, barrutik sortutako gauza bat izan zen, eta taldeak bazuen arrakasta zuzenean. Orduan, hemen, Euskal Herrian, martxa eta dantzatzea gehienbat trikitiaren bidez ezagutzen genuen. Horregatik 90eko hamarkadan Skalariak eta Betagarri zentzu horretan bi talde esanguratsu izan ziren. Negu Gorriak jotzeari utzita zegoen ordurako, beranduxeago Fermin hasi zen… baina Negu Gorriak mestizajean ikaragarriak ziren: ska, reggae, hardcore… Erraztasun hori zuten. Gu ska eta rockean finkatu ginen apur bat, eta ildo horretatik jo genuen.

Diozunez, ahotsak eta metalek ere ezaugarritu dute taldea.

Bai. 90eko hamarkadan ez zegoen metaldun bandarik. Potato zegoen, baina Potato reggaea zen, oso patxadatsua, erdaraz… eta Betagarri euskal munduarentzat pizgarri bat izan zen. Negu Gorriak taldean eta Kortaturen “Azken guda dantza”-n ere bazeuden metalak, eta guk hasieratik metalak erabili genituen, eta ondoren talde askok erreparatu ziguten guri eta Skalariei beren taldeak egiteko, metalak sartzeko, hala nola E.T.S., Skakeitan, Itziarren Semeak, Ze Esatek!... Egun talde esanguratsuak dira, astebururo jotzen ari direnak. Vendetta Skalariak-en ondorengoa da, baxu jotzailea talde horretakoa zen, bateria ere azken txanpan horiekin ibilia... eta badakit ETSko abeslaria gure kontzertu guztietara etortzen zela...

Lehenengo diskoa grabatzea kostatu zitzaizuen, baina gero, alderdi horretatik ere, talde emankorra izan zarete.

Bai, gutxi gorabehera bi urtean behin disko bat grabatu izan dugu.

Kanpoan, esan bezala, asko ibili zarete, batez ere Katalunian, eta, 2000tik aurrera, gehiago.

Argentinara eta Ameriketako Estatu Batuetara euskal etxeen bitartez joan ginen. Boisen Berri Txarrak taldearekin batera jo genuen. Alemanian harreman onak egin genituen, hango diskoetxe batek disko bat argitaratu zigun eta proposatu zizkigun birak onartu genituen. Guk orduan kanpoan jotzeko txipa genuen, eta harremanak badituzu eta jotzeko baldintzak baldin badaude, joan egiten zara, ez? Oso zaila zen Euskal Herritik ateratzea, eta galera handirik ez zegoen bitartean… eta ez zegoen galerarik, zeren, esaterako, Alemanian lo egiteko ez genuen gasturik, jaten ematen ziguten... ez, hara joateak ez zigun gastu handirik eragiten. Eta Katalunian katxea genuen, baldintza onetan joaten ginen, ez denbora pasatzera; musikatik bizitzera, hemen bezala. Kanpora ateratzeko, hazia bota behar da, itzultzeko. Askotan ez duzu lortzen.

Hemendik aurrera, zer? Egin duzu planen bat?

Zerbait egingo dugu, ez? Uste dut ildo beretik jarraituko dudala musika aldetik. Nik sortu ditudan kantuak beste esparru batera eraman nitzake, baina ez dut nahi. Uste dut Betagarriren halako jarraipena egingo dudala.

Baduzu talderik?

Oraindik izena ez dago zehaztuta. Zenbait lagun disko bat garatzen laguntzen ari zaizkit, abestiak egiten ari gara. Eta hor gabiltza Enriko Rubiños, Vendettako bateria-jotzailea, Ruben Anton talde bereko tronpetista, Andoni Garcia Matxain, Lauroban eta Emon taldean egondako gitarra-jotzailea, Julen Barandiaran Txiki baxu-jotzailea, Izaro bakarlariarekin jotzen ari dena... Ikusten duzunez, guztiak dira gipuzkoarrak, Ruben Anton Vendettako tronpetista [nafarra] izan ezik. Ruben ere proiektuan sartuko da-eta. Oraingoz diskoa prestatzen ari gara, eta gero ikusiko dugu taldean gelditzen diren, beren proiektuekin bateragarria den… Nik musikariak behar nituen, hauekin banuen harremana, batez ere Enriko eta Rubenekin, lagunak gara-eta, hainbat lekutan elkartutakoak. Badakit mugak daudela, beste proiektu batzuetan daudela eta beren taldeek lehentasuna izango dutela. Sanferminetan esan nien, gaupasa batean, nirekin jotzeko prest egongo ziren, eta esan zidaten: «Iñaki, apuntatzen gara». «Ziur zaudete? Begiratu zer ordu den…», esan nien nik, eta eurek baietz, baietz. Eta hor gabiltza kantuak prestatzen, Tolosa eta Gasteiz artean. Ikusiko dugu zer fruitu ematen duen...

Beraz, momentuz proiektua lagun arteko disko bat egitea da, eta, gero, gerokoak.

Horixe da. Ez dakit, litekeena da ahal izanez gero udara begira proiektu hori defendatzea… ikusiko dugu.

Durangorako prest egongo da?

Ez, ez dugu astirik. Gainera, oraindik tronboia falta zaigu. Tronboia airean da [barrez].

Zer-nolako sentsazioak dituzu?

Oraindik entsegu gutxi egin ditugu, baina badakit oso musikari onak direla. Nik baditut kantu batzuk eginda, eta letrekin Onintza Enbeitak lagunduko dit. Onintza ETBko programa batean ezagutu nuen, eta ondoren Whatsapp bidez galdetu nion letra batzuk egiten lagunduko zidan. Berak «jakina!» erantzun zidan.