Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Erbiak

Erbiak. Lasterketetan erritmo finkoa markatzen duten korrikalariak, atzetik datozenentzat erreferentzia izango direnak. Aurten hogeita bat izango omen dira Behobia-Donostian eta, lehenengo aldiz, lan horretan ariko direnetako lau emakumeak izango dira. Erbiak. Txirrindularitzan, Frantziako Tourra iritsi eta “gregario” deitzen zaie, “morroi” ere bai, talde-buruaren mesedetan tropelari tiraka jartzen direnei, edo “liderraren” ihesaldia errazteko erasoa jotzen dutenei. Kilometro batzuetan dena eman eta lehertuta, errepidearen zabalera osoa hartzen duten sigi-sagetan etapa ozta-ozta bukatzen dutenei. Erritmoa beti besteen arabera hartuko bagenu bezala; beti besteek markatutako bide eta bihotz-taupadetan mugituko bagina bezala.

Esatearen esatez maiztutako baieztapena da presaka bizi garenarena; erlojuak eskumuturrera lotuta, autoko leihatilak itxi, irratia ozendu eta azeleragailuari sakatuta zeharkatzen ditugu udazkeneko errepide bustiak lanera bidean; telefono-deiak, Watsappa, Telegrama, Twitterra, Facebooka eta segi; lana, aisia, lana, aisia, lana, lana, aisia, lana eta asteburuetako gau basatiak, mundua erre nahia; eta lasaitasuna aldarrikatuz pultsometroa eta kronometroa gorputzera itsatsita lasterka abiatzen gara lehen oinez zeharkatutako mendi-bideetara, astetik astera azkarrago, bideari ostutako segundo bakoitzagatik borrokan. Egiten dugun denean onenak izan nahian. Joseba Sarrionandiak “Hitzen ondoeza” liburuan idatzia du tamalgarria dela batzuetan onena izan nahia ona izan gabe. Kirola bizitzara eramana.

Aldatu egin gara. Denok zerbait eman behar dugula esaten genuen gutxi batzuk dena eman ez dezaten. Orain bizitza bizi egin nahi omen dugu, gozatu, kezkak ahaztu. Eta pintxo-pote eta igandeetako bermut arteko albistegietan Kataluniaz hitz egiten dugu; urriaren 1az eta Independentzia Aldarrikapenaz eta 155az eta kartzelaz eta Bruselaz; aspaldi ez bezalako emozioak sentitu ditugu segundoz segundo, antsiaz berritutako berrietan; kirol lasterketetako “ibilbide” eta “erritmo” hitzak erantsi dizkiogu politikari; hunkitu, poztu eta amorratu egin gara telebistaren eta Twitterraren pantailen bestaldetik; betiko kolore eta erritmoko gure egunei –lana, aisia, lana, aisia, lana, lana, aisia– ihes egin nahiko bagenie bezala, katalanek bidea zabalduko zigutelakoan. Akaso, politikan ere, erbiak nahi ditugulako ibilbidea eta erritmoa markatuko dizkigutenak. Lagun batek esana da bikote harreman baten krisiaren lehenengo adierazpena besteei buruz hitz egiten hastea izaten dela; “gu”-a desegiten ari dela disimulatzeko aritzen garela besteez.

Herri galdeketak izan ziren joan zen asteburuan; manifestazioak Bilbon; asanblada, tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak. Ari gara. Baina ahalegin handia eginda erakartzen da jendea; nekatuta omen gaude, ahituta, ideia gutxirekin. Eta, bat-batean, milaka lagun elkartzen dira lasterka Behobiatik Donostiara joateko. Eta harritu egiten nau ikusteak mugitzea hainbeste kostatzen omen zaion herri honek zenbat korri egiten duen. •