Aimar Etxeberria Korta
QUEBEC

Babesa galtzen ari da independentismoa, abertzaletasun defentsibotik atera ezinda

Hatz puntekin ukitu zuen Quebecek independentzia 1995ean, bigarren saiakeran, Kanadatik banatzetik 55.000 boto eskasera geratu zenean. Independentismoa, baina, ez atzera ez aurrera da egun, egoera sozial, ekonomiko, linguistiko eta kultural berrietara egokitu ezinda. Horrek abertzaletasuna joera kontserbadoreetara eraman du.

Quebec, Euskal Herriaren antzera, estaturik gabeko nazioa da, azken 50 urteotan bere etorkizun politikoaren jabe izateko ahaleginean dabilena. Bi herrien arteko paralelismoa, beraz, denbora-dimentsiora ere hedatzen da, paradigma politiko-ideologiko baten adibide. Euskal askapen mugimendua lez, 60eko hamarkadan gorpuztu zen Quebeceko abertzaletasun modernoa, “iraultza lasaia” bezala bataiatutako aroan. Jean Lesage lehen ministro liberalaren agindupean, modernizazio eta sekularizazio prozesu bat bizi izan zuten quebectarrek, herrialdearen garapen ekonomiko eta kulturala hauspotu zuena. 1976an Rene Levesque (Alderdi Quebectarra) lehen ministro bezala hautatu izanak, ordea, eman zion behin betiko bultzada abertzaletasunari; 1980an bozkatuko zuen lehenengoz independentziaren inguruan Quebecek, eta hautesleen %59,56k egin zuten independentziaren aurka.

Orduz geroztik, bigarren aldi batez ere itzuli dira quebectarrak hautetsontzietara herrialdearen estatus politikoaren inguruan euren iritzia ematera. 1995ean izan zen, eta ezezkoak irabazi zuen bigarrenez ere, botoen %50,58arekin; independentzia lortzetik 55.000 botopaper eskasera geratu zen Quebec. Kontsultak, baina, ordura arte jazo gabeko aldaketa bat eragin zuen; arrakalak ireki zituen sendoa zirudien Kanadako zoru politikoan. Jazoera haietatik asko hitz egin eta idatzi da “Quebeceko ereduaren” inguruan, honek erreferendumak deitu eta independentzia aldarrikatzeko dituen eskumenen inguruan batez ere. Eskoziako erreferendumaren ostean –ezezkoa garaile honetan ere botoen %55arekin–, Kataluniako aferak –eta Iñigo Urkullu lehendakariaren bisita ofizialak– gerturatu gaitu berriz Kanada osatzen duten hamar probintzia eta hiru lurraldeetako bat den eremu honetara.

Adostasuna, noraino?

Social Sciences Academy of the Royal Society of Canada elkarteko lehendakaria eta Quebeceko Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslea da Alain-G Gagnon Montrealen eta, besteak beste, aurtengo uztailean argitaratu den analisi bat egin du Quebeceko Lavaleko Unibertsitateko Dave Guenette kidearekin batera. Erakundeen bidaia ofizialek izan ohi duten kontrol kutsuaren ondorioz ezin izan dugu aurrez aurre elkartu Gagnonekin, baina prest agertu da galdetegi bati erantzuteko.

1980ko eta 1995eko erreferendumak egiteko prozesuetan egin du azpimarra Gagnonek bere lanean, Quebeceko Gobernuak «independenteki eta autonomoki, inori kontsultarik egin edo Ottawari baimenik eskatu gabe, bere instituzio propioen bidez» aurrera eraman zituela-eta. Horrek ez du esan nahi, baina, Kanadako Gobernuak paperik jokatu ez zuenik 1980eko eta 1995eko kontsultetan, hauen aurka agertu ez bazen ere. Gagnonen esanetan, bere bitarteko propioekin egin zuen kanpaina Ottawak, «lege probintzialen aurrean makurtu gabe». Detailea, baina, garrantzitsua da oso: Kanadako autoritate politikoek «malgutasunez» jokatu zuten, herrialdearen testuinguru konstituzionala aintzat hartuz, erreferendumen egikaritzea toleratuz.

1995eko saioan aukera independentista ia gailendu zen arte Kanadako Konstituzioak ez zuen erreferendum bat egitearen inguruan hitz egiten; beste modu batera esanda, ez zuen etorkizun politikoaren inguruko galdeketarik debekatzen. Gagnonen ondorioen arabera, kanadarren artean aurkakotasun politikorik eragiten ez duen oinarria da hori, baina kontua ezberdina da independentzia aldarrikatzeaz aritzean. 1995eko galdeketaren ostean, Auzitegi Gorenera jo zuen Kanadako Gobernuak, Quebecek independentzia unilateralki aldarrikatzerik ba ote zuen kontsultatuz. Epaia ezaguna da: ez du independentzia aldarrikatzeko gaitasunik Quebeceko Asanblea Nazionalak, baina quebectarren gehiengo batek erreferendumean hala erabakiz gero negoziatzera behartuta dago Kanadako Gobernua, «modu onean» gainera. Epaia lege egin zuen Gobernu kanadarrak, bere modura baina.

“Argitasun Legea” da horren adierazpidea, Legebiltzarra aferan «parte» ez ezik «epaile» ere egiten duena, Gagnonen arabera. Aipatu legeak dioenez, Komunen Ganbera da erreferendumaren galdera zein balizko independentziaren aldeko emaitza “argia” dela erabakitzeko gaitasuna duen erakunde bakarra. Horrek bi arazo jartzen ditu mahaiaren gainean: Ganberaren “arbitro” papera, honen neutraltasuna zalantzan jarri daitekeelako; eta emaitzaren inguruan a posteriori hartutako erabakia, zeinak anbiguotasuna eragin dezakeen. Hori dela eta, «fede txarrean» egindako legea dela salatzen du Gagnonek. Quebecen aipatu legearen aurkako erantzuna ere ezaguna da: 99 Legea, zeinak dioen quebectarren %50 +1ek erreferendumean hala erabakiz gero Kanada behartuta dagoela sezesioa negoziatzera.

Gagnonen iritziz, arrazoia du Iñigo Urkullu lehendakariak herrialdeek independentzia erreferendumak negoziatu egin behar dituztela esaten duenean, nahiz eta aitortu Quebecen kasuan behin ere ez dela halakorik eman. Aldiz, dio Kanadak jurisprudentzia zabala garatu duela gatazka politikoei soluzioak emateko, eta gaineratu du Estatu federalaren oinarriak eta zuzenbide estatua errespetatuz bilatu dituela bideak horretarako. 1998ko Auzitegi Nagusiaren ebazpena litzateke adibide.

Independentismoa, kale itsuan

«Eman guri gehiago, edo alde egingo dugu». Hala aldarrikatu dute quebectarrek iragan 50 urteotan. Asegabe jarraitzen du Quebecek, baina ez du alde egin; ez du bere helburua lortu, eta ez du ematen epe motzean horretarako aukerarik izango duenik ere. Esaterako, 1981eko hauteskundeetako botoen erdia jaso zuen Alderdi Quebectarrak –abertzaleen alderdi nagusiak– 2014ko ariketa berean. Beste adibide bat: alderdiaren buru den Jean-François Liseek agindu du ez duela independentzia erreferendumik antolatuko bere lehen legegintzaldian Alderdi Quebectarrak 2018rako aurreikusten diren Asanblea Nazionalerako hauteskundeak irabazten baditu. Ez daude, beraz, quebectarrak uneotan hirugarren saiaketa baterako.

Baina zer gertatu zaio behinola helburua behatzekin ukitu zuen herriari? Jean-Herman Guay politologoa galderari erantzuten ahalegindu da “Sovereignty at an impasse. The highs and lows of Quebec nationalism” lanean. Bertan, batez ere, hiru arrazoi azpimarratzen ditu: quebectarren bizi-kalitatearen garapena, Kanadaren eredu federala bera eta aldaketa demografikoak. Hala ere, ez ditu alde batera uzten Alderdi Quebectarraren baitan egindako akatsak –hamar urte pasatxoan lau lider eta hamaika estrategia izan ditu–, edota independentismoaren banaketa bera 2006an, Quebec Solidarioa alderdiaren sorrerarekin.

Bizi kalitateari dagokionez, defendatzen du quebectar frankofonoena anglosaxoiena eta Kanadako gainerako biztanleen parekoa dela gaur egun, 60ko eta 70eko hamarkadetan ez bezala. Raymond Bourbeau inkesta etxearen arabera, ia bost urteko aldea zegoen Quebeceko frankofonoen eta anglosaxoien bizi itxaropenean 1950ean, 2001ean hilabete batzuetakoa zenean; eta 1970ean Ontario eta Quebeceko probintzien artean hiru urteko aldea zena aste batzuetakoa zen 2011n. Adibide batzuk baino ez dira, baina beste hainbeste eman litezke diru-sarreren, negozio jabetzen edota garapen sozialaz hitz egitean.

Paradoxa, baina, alor esklusiboki politikoan ematen da Guay politologoaren arabera. Nazio Batuen Erakundeak dioenez, mundu osoko herrialdeen artean lehen hamar postuetan aurkitzen da Kanada bizi kalitateari dagokionez; bigarren postuan dago Garapen Sozialaren Indizearen arabera, zeinak giza eskubideak eta gutxiengoekiko errespetua neurtzen dituen; eta zortzigarrena da Munduko Zoriontasun Txostenari erreparatuta. Gainera, mundu mailako estatu federalen artean deszentralizatuenen artean aurkitzen da. Paradoxa aipatu dugu aurrez, Quebec izan daitekeelako, beste faktore batzuen artean, Kanadak mundu mailako indizeetan egun dituen emaitzen “errudun”. Bere existentzia eta mehatxuarekin, mugimendu independentista quebectarrak Kanadaren baitan onura ekonomiko, sozial eta kulturalak eragin dituela defendatzen du Guayk. Estatuarentzat arrakasta izan dena quebectar independentziaren gainbehera izan da; mugimendu independentistaren joak Quebec independentziara gerturatu beharrean urrundu egin du politologoaren esanetan.

Aldaketa demografikoek ere izan dute eraginik. XXI. mendera sartu aurretik banaketa linguistikoa frankofonoen eta anglosaxoien artean ematen zen, batik bat. Immigrazioaren gorakadaren ondorioz, baina, ama hizkuntza ez frantsesa ez ingelesa ez dutenen kopurua hazi egin da. Horrek, modu batean edo bestean, honakoa eragin Guayren ustean: gutxiengoek subiranotasunaren aldeko mugimenduak afera “etniko” edo “arrazistekin” lotu dituzte, Alderdi Quebectarraren iragan progresistarengatik aldenduz.

Kontuak kontu, Kanada eta Quebecen arteko gatazka konstituzionalak ez ditu lehen adina lerroburu betetzen. Subiranismoaren aldeko mugimenduak ez du lehen adinako irudimenik Guayren ustetan: «Faktore guztiak elkarren ondoan jartzean konturatzen zara hautabide independentistaren babes galera ez dela misterio bat; faktore sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalen gorakadak eragin du horretan, eta mugimendu subiranista nazionalismo defentsibo bilakatu da, egoera berrira moldatzen ez den nazionalismoa».

Gagnonek ere antzeko ondorioa ateratzen du: «Inork ez du espero independentzia erreferendum berririk, ez epe motzean bederen. Ez dirudi afera konstituzionala ezbaian jarri nahi duen agenterik dagoenik, baina horrek ez du esan nahi independentista, nazionalista eta autonomistek euren proiektu politikoak alboratu dituztenik. Esan nahi duen bakarra da egun ez dagoela gehiengorik erronka serio bati heldu diezaiokeenik».

Katalunia eta Quebec, hiru ezberdintasun

Gagnon eta Guenette unibertsitate irakasleek eginiko lanean azpimarra berezia egiten zaio Quebec eta Kataluniaren arteko ezberdintasunei, antzekotasunik aipatzen baldin bada ere: hizkuntza propioa, autonomia politikoa, zortzi milioi inguruko biztanleria, Estatuaren baitako pisua… Baina, kontrajarria den testuinguru politiko eta konstituzional batean aurkitzen dira bi herriak.

Kanada eta Estatu espainiarraren konstituzioak ez dira berdinak irakasleen arabera, are gutxiago hauen kultura politikoa. «Ohiturazko» konstituziotzat jotzen dute Kanadakoa, auzitegiei zein botere politikoari malgutasuna ematen dien konstituziotzat. Espainiarra, berriz, «legegilea» litzateke, «gehiegi» aukeran, eta Estatuaren batasuna zaindu behar duena guztiaren gainetik.

Bestalde, botere politiko zentralek mugimendu independentistekiko izan duten jarrera aztertu dute bi adituek. Kanadako Gobernua, 1995ean egindako bigarren erreferendumaz geroztik aktiboagoa izan bada ere, urrun legoke espainiarrak Kataluniarekiko erakutsi duen «intrantsigentziatik».

Hirugarrena, berriz, auzitegi konstituzionalen izate «justu eta bidezkoa» da. Kanadan Auzitegi Gorenak estatuaren probintzia baten sezesioa onartzen duela adierazi badu –baldintza batzuk betetzen diren neurrian bederen–, Auzitegi Konstituzional espainiarrak argi eta garbi esan du ez duela baimentzen independentzia erreferenduma beraren gauzatzea ere.

Estatu espainiarraren marko konstituzionala eta botere politikoen intrantsigentzia «berebiziko oztopoak» dira Gagnon eta Guenetten iritziz, ez soilik Kataluniaren independentziari dagokionez, baizik eta «herriaren borondate politikoaren espresioarentzat» berarentzat ere. «Horrek Espainia demokrazia errealaren eremu den ospea ahultzen du».