Maider Iantzi

Bortxatzaileen ordez bortxatua epaitzen ari dira

Epaiketa ateak itxita egiteak (biktimaren eskariz, baina baita erasotzaileen galdez ere) ez du eragotzi kaka zabaltzea. Eta bortxatua ari da zikintzen bortxatzaileak beharrean. Asteazkenean, azkenik, neskaren abokatuek isiltasuna hautsi behar izan zuten hedabideek bere deklarazioa berreraiki zutelako defentsaren iturriekin. Gaztearen deklarazioa beti bera izan dela eta transmititutako lasaitasuna egia erraten ari den seinale dela argitu beharrean izan dira. Hedabide eta sare sozialen erabiltzaile aunitzentzat bazka ederra izaten ari da berriro emakume baten sufrimendua. Behin injustizia jasatearekin aski ez eta bigarren aldiz erasotzen ari dira gaztea, bera epaitzen ari direlako bortxatzaile taldearen ordez.

Zaborra zabaltzen duten bozgorailu berak gertatzen ari dena salatzeko eta lana ongi egiteko tresna ere izan daitezke, ordea. Eta neska epaitzen hasi orduko agertu dute jendearen sumina (Oihana Llorente lankideak ederki jasotzen du NAIZen, Zirimolatzen blogean). Etxera oinez itzultzen ahalko naiz? Noiz ligatzen ahalko dut berriz? Bakarrik bidaiatzeko moduan izanen naiz? Gustuko kantuarekin dena ematen ahalko dut? Halako galderak egiten azaltzen da, adibidez, hainbat emakume bideo batean, bortxatutako neska gaztearen azalean jarriz eta zauriak sendatu eta ongi bizitzeko duen eskubidea epaitzen ari direla ohartaraziz. Beti eskatzen zaio erasoa jasan duenari salaketa jartzeko, baina horrek ekartzen duen txar guztia agerian gelditzen ari da Iruñeko kasu honetan ere. Hipokrisiak utzi eta jar gaitezen emakumearen lekuan behingoz. •