Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Efemerideen gurutzebideko gogoetak

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren ingurumarian heltzen dira beti Stieg Larsonen nobelakoak diruditen Suediako Akademiako gizonak indarkeriaren izaera estrukturala agerian uztera. Aurten ere Nobel saririk ez andreentzat. Mende luzeko ibilbidean 49 soilik izan dira sarituak, 833 gizonen aurrean. Andre bakarra hamazazpi gizonen aurka. Halaxe hezurmamitzen da patriarkatua zientzian, gizonen munduko gainerako arloetan bezala. Adibidez, Watson eta Crickek Rosalind Franklinen argazkia lapurtuta XX. mendeko Nobel sari gogoangarrienetakoa jaso zutenean. Edo bigarren saria jasotzeko izendatua zela, akademiak Marie Curie ikertu zuenean bere bizitza pribatuaren gaineko zurrumurru bat medio. Hamaika kasuren artean, Marianne Grunberg-Managorena gogoratu nahi dut gaur. Severo Ochoaren ikerketa taldeko kide, bera izan zen polinukleotido fosforilasaren aurkikuntzaren artikuluen lehen sinatzailea. Arthur Kornbergen lanekin batera, munduko laborategi guztietan ADN eta RNAa izatea ahalbidetu zuten ikerketok ezohiko lastertasunaz saritu zituen akademiak, Marianne bidean ahaztuta.

Heldu den larunbatean 57 urte beteko dira Dominikar Errepublikan Patria, Mirenva eta Maria Teresa Mirabal ahizpak Trujillo diktadorearen aginduz erail zituztenetik. Gaur, berriz, 97 urte betetzen dira Alexandra Kollontaik bultzatuta Sobietar Batasuna abortua despenalizatu zuen lehen herrialdea bilakatu zenetik. Marianneren ama aborturako eskubidea izango zuen lehen andreetakoa izango zen urtebete geroago, orduko Petrograden, alaba izan zuenean. Pasa den astean ospatu zen iraultza boltxebikearen mendeurrena eta nabarmentzekoa da andreen askapenean izan zuen eragina. Legeak egin ziren, baina are, lan ideologiko sakona egin zen garaiko olatu konstruktibistaren eskutik. Irudira ekarri dudan Rodtxenkoren kartel ezaguna lekuko, “Liburuak jakintza arlo guztietan!” deiadarrarekin. Andreak ikastera deitzeko mezu hori, hain zuzen, Ikasleen Nazioarteko Egunaren biharamunean ari naiz partekatzen, atzo bete baitziren 78 urte naziak Pragako Unibertsitateko ikasleen aurka oldartu zirela.

Efemerideak pilatzen jarrita, astelehen honetan data seinalatua dugu euskaldunok, Santiren eta Josuren erailketen urteurrenekin. Franko diktadorea halako egun batez hil omen zen, nahiz eta badakigun soilik parrandan zebilela, dena ondo-ondo lotuta utzita. Katalanen hilabeteotako ekinbidearen bultzadak behar bada ekarriko du erregimenaren behin betiko erortzea –kantuak zion bezain laster izango ez bada ere– eta apika sortuko da beste iraultza baten efemeridea. Bitartean, gizonen mundua dinamitatzen badugu nahikoa lan.

Amanda Todden kasua aztertzea egokitu zait lan baterako: hiru urteko jazarpen matxista orokortuak (batek argazkiak lapurtu eta gero taldeak marjinatu) suizidiora eraman zuen 2012an. Bere kasuak argi uzten du arazoa ez dela hainbeste andrea erasotzen duen norbanakoa, baizik eta taldeak, jendarteak, ideologiak, akademiak eta epaitegiek eurek erasoari eskaintzen dioten kobertura. Amandak hil honetan beteko lituzke 21 urte, bizi izan zuen egoeraren errudun sentitu ordez, adibidez, gasolina poto eta pospolo batekin egingo balu amets. •