Xabier Mikel Errekondo

Epikarik gabe ez da errepublikarik

Urrun, urrunera oso egin dute kataluniarrek errepublikar Estatua eraikitzeko bidean. Orain urte batzuk atzera genuen begiratzen haiek ikusteko. Gaur, eskua bekain estutuan paratuta ere, gero eta txikiagoak dakusagu zerumugan pausoek harrotutako lanbropean ia galduta. Eta guk hemen jarraitzen dugu biraoka batak besteari, ezgaitasunak jota aulki geldoan biraka arraun bakarrarekin eragiten nola. Bihotzek soilik nekez dezakete lor independentzia, ezinbestekoa dute alboan mende batez demonizatu dugun praxia. Ez dut sinesten salto bakarrean burututako iraultzan. Nago brankara egiteko modu bakarra dagoela: pauso bi aurrera eta bat atzera, bihotza eta praxia lagun.

Handia da Europaren erdian errepublikar Estatu berri bat. Baina espainiar botereak ez du mendeak atzera indarrez eta odolez menperatutako lurren giltzarrapoa birrintzeko aukerarik akordatuko, indar osoz kolpatuko baizik. Beraz, errepublikaren apustua bururaino eramango badute, nahi eta nahi ez epikak blaitutako bidea ibili beharko dute, konpromisoak, elkarlanak, izerdiak eta, bai ala bai, odolak zizelkatuko bidea.

Urrunera oso egin dute kataluniarrek, eta lurraldea Espainiatik banatzeko independentziaren ontziak indar kolperik handiena jo duenean Estatuaren herio kanoikadak jaso ditu eta izuek eta mesfidantzek arraunketa eten egin dute. Epikaren atarian daude eta ontzia hondoratuko ez bada, 10 urte nola, herritarrek gidatu beharko dute brankara ordezkari politikoen eskuetan dagoen lema. •