ENEEK

Inguruko hegaztiak

Zer da Inguruko Hegaztiak proiektua? Janlekuen bitartez hegaztiei neguko janari eskasiari aurre egiten laguntzen dien proiektua da. Urdaibai Bird Center zentroak kudeatzen du eta jatorria Ingalaterran sakonki erroturik dagoen Garden Birdwatch proiektuan aurki dezakegu. Iazko urtean gutxi gorabehera 600.000 familiak hartu zuten parte proiektuan eta urtetik urtera gero eta ekimen arrakastatsuagoa da. Esan bezala, Urdaibai Bird Centerrek bultzatutako eta koordinatutako proiektu pilotua da eta gure etxeen inguruan bizi diren hegaztiei buruzko ezaguera handitzea du helburu.

Ezaguera hori handitzeko asmotan partaideei astean behin taula bat betetzea eskatzen zaie. Taula horretan asteko egun bat hartzen da, demagun ostirala, eta egun horretan janlekuetara zein espezie hurbildu diren eta zein kopurutan apuntatzea eskatzen da. Modu horretan inguruko hegaztien gutxi gorabeherako errolda egiten da, eta, ostean, lortzen diren datu horiek batu, kudeatu eta emaitzak aztertu egiten dira Urdaibai Bird Centerren.

Hegaztiek nahikoa elikagai izaten dituzte eskura udan eta udaberrian zehar, horregatik, urtaro horietan ez da beharrezkoa izaten aparteko elikagairik ematea. Hegaztiek nahiago dute baia eta intsektuz elikatzea, eta udan eta udaberrian ez dute euren habitatetan elikagai iturriok aurkitzeko arazorik. Baina, udazkenean, eta bereziki negu hasieran, tenperaturak izugarri jaisten dira eta elikagaien eskuragarritasuna nabarmen murrizten da. 

Baldintza horietan hegazti txikiak edozein motako karbohidrato edo gantz iturrien bila abiatzen dira tenperatura baxuei aurre egiteko asmoz. Zehazki esateko, momentu horretan betetzen dute hegaztien janlekuek euren funtzioa, mota desberdinetako hegaztiak egiturotara erakarriz. Janlekuak jartzeko sasoirik egokiena abendutik martxo hasiera bitartekoa da, Inguruko Hegaztiak proiektua indarrean izaten den sasoia hain zuzen.

Janlekuetan hegaztientzat hainbat eta hainbat janari mota desberdin jar daitezke: gatzik ez daukaten kakahueteak eta pipak, gantz bolak, alpistea, artatxikia… Espezie bakoitzak gustukoen duen janaria jaten du, esaterako, tarinek oso gustuko dute pipak zuritu eta barrukoa jatea, bestalde, txorru arruntak kakahueteak jaten ikustea nahiko arrunta da gure inguruan… Orokorrean, baina, hegaztiek jarritako janari mota gehienak jaten dituzte.

Azken urteotan, Urdaibai Bird Centerrek Euskal Herriko ortu eta lorategietan txorien presentzia sustatzeko akordio bat sinatu du ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin. Akordio horri esker, Urdaibai Bird Centerren salgai daude nahi duenarentzat ekologikoki ekoiztu diren zenbait hegazti jan (pipak, kakahueteak eta artatxikia). Proiektuan zenbat eta jende gehiago murgildu, orduan eta aukera gehiago hegaztientzat janari eskasia handiko negu gogorra baldintza egokiagoetan pasatzeko.

Aurtengoa, proiektua martxan jarri zenetik bosgarren urtea izango da. Iaz, 100 partaide inguru izan ziren eta espero da urtetik urtera zenbaki hori handitzen joatea. Partaideen artean informazioa elkartrukatzeko eta argazkiak zein bideoak elkarbanatzeko Urdaibai Bird Centerrek badu bere webgunean atal bat “Inguruko Hegaztiak” deiturikoa (www.birdcenter.org). Blog horretan nahi duenak eskuragarri ditu aurreko urteetako txostenak eta jendeak partekaturiko argazki zein bideo desberdinak.

Bestalde, proiektuan parte hartu nahi izanez gero, bi modutan egin daiteke izen ematea: Internet bidez edo zentrora bertara hurbilduz. Dena den, nahitaezkoa da zentrotik pasatzea, bertan eskuratu behar direlako bai erabiliko diren janlekuak bai hegaztientzako janari mota desberdinak. Apuntatu nahi izanez gero, telefono honetara deitu eta informatuko zaitugu: 699839202. Argi ibili eta zuen esperoan geratzen gara!