Maddi Txintxurreta Agirregabiria
HEZKUNTZA HOBETZEKO GAKOAK

Mundu berri bat, hezkuntza berri baten eskutik

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Euskal Herrira zuzendutako hezkuntza proposamen bat aurkeztu zuen urriaren 21ean, hainbat irakasle eta hezitzaileren urtebeteko hausnarketa sakonaren fruitu. “Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak” tituludun dokumentuak hezkuntzaren foku aldaketarako hamar puntu jasotzen ditu; eta eskola autonomoez osatutako, finantzaketa eta segimendu publikoa duen eta partaidetzan sortutako hezkuntza eredua aurkezten da bertan.

Gizarteko pertsona oro haurren hezkuntzaren konplize izan daiteke, eta horrela nahiko luke Hik Hasi egitasmo pedagogikoak. Konplize nahi ditu haurrak ere Hik Hasik, euren etorkizunaren protagonistak direnez gero. Herrietako eragileak ere konplize gura ditu, hala nahi ditu administrazioa, eskoletako irakasleak, hezitzaileak eta atean haurrak aterako zain dauden gurasoak eta zaintzaileak ere.

Egun hezkuntzak dituen arriskuez zein garrantzitsutzat jo dituzten bestelako arlo ugariren inguruan hausnartu dute urtebetez sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, Mondragon Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Baionako Unibertsitateko hainbat irakaslek, eta hezkuntza hobetzeko Hik Hasiren proposamena ehundu dute guztien artean. Proposamena Euskal Herri osora zuzentzen da.

Hiru oinarri finkatu dituzte «kalitatezko hezkuntza» bati begira, urriaren 21eko prentsaurrekoan aurkeztutako dokumentuan jasotzen denez: finantzaketa eta segimenduari begira publikoa den hezkuntza, eskola bakoitzaren autonomia ziurtatzen duena eta partaidetzan sortutakoa.

Eskola publikoa zatiketa sozialarekin amaitzeko; autonomoa estatuen esku hartzea ekiditeari eta hezkuntzaren deszentralizazioari begira; eta zaintzarekin, hezkuntza eragileen arteko lankidetzarekin, gertuko administrazioaren inplikazioarekin eta herriko bestelako eragileen partaidetzarekin josia.

Hezkuntza birpentsatzea da gakoa. «Foku aldaketa», alegia. Kontxi Aizarna Hik Hasi taldeko irakasleak hausnarketa hau ekarri du: «Duela bi mendeko egitura administratiboa dugu; aurreko mendekoa dugu prestakuntza, eta mende honetako ikasleak hezten ditugu». Hezkuntza sare osoa irauli, aldatu, hobetu beharra sentitzen dute Hik Hasiren egitasmoan parte hartu duten irakasle eta hezitzaileek, mundu hobe bat erdiesteko. «Denontzat eta denona» den hezkuntza eraikitzeko.

Mundu hobe bat

Hamar gakotan finkatu du egitasmo pedagogikoak kalitatezko hezkuntza, eta lehenengoak «hezkuntza jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea» eskatzen du.

Lehen gako horretan arreta berezia merezi dute aniztasunak eta euskarak. «Aniztasunari beste buelta bat eman behar zaio», dio Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko koordinatzaileak. Umeak «aniztasunean parekide» izatea desio du berak, «ekitatea» zaintzea: «zailtasuna duenari, laguntza gehiago eman behar zaio», dio koordinatzaileak. Euskararekin berdin gertatzen dela dio, euskaradun ez direnak «desabantaila» egoeran daudela, eta horren konponbidea horiei euskara gehiago ematea dela. Harremanetan euskara lehenesteko neurriak hartu behar direla uste du Auzmendik.

«Haurren kultura aitortu eta errespetatu behar dugu», dio Hik Hasiko koordinatzaileak. Izan ere, Auzmendik dio nerabeek eta haurrek kultura propioa daukatela, besteok ulertzen ez duguna. Desberdin ikusten dutela mundua, eta desberdin ikasten. Hik Hasiren hezkuntza proposamenaren hausnarketa garaian, hezitzaile eta irakasleek galdegin zioten beren buruei ea nolako mundua nahi duten. Egungo haurrei mundu «hobe» bat opa dietela esan zuten, eta berau lortzeko gakoak adostu zituzten, hezkuntzara eta hezkuntzatik begira. Eta, umeek kultura propioa dutenez gero, gizarte berrian pertsona irudimentsu eta kritikoak izateko, haurren erabakiak errespetatu behar direla aldarrikatzen dute.

Mundu horrek –naturarekiko iraunkorra dena, kultura aniztasuna errespetatzen duena, herritar kritiko eta baikorrak dituena–, inbertsio sakona eskatzen du, eta Hik Hasikoek argi dute inbertsioa hezkuntza dela. Horren bidean, ezinbestekoa da, Auzmendik dioenez, «herritar arduratsuak» izatea, eta OinHerri elkarteak zehaztutako herri hezitzailearen filosofia txertatu da hizpide den hezkuntza proposamenean.

Filosofia horrek herri osoaren partaidetza eskatzen du, hezkuntza eskoletatik at ere kokatzeko beharra. Kontxi Aizarnak azaldu du karga gehiegiz zamatzen dela eskola: «Karga handi bat jasaten ari da eskola. Asko egiten du eskolak, baina egin dezake gehiago baliabideak emanez gero». Horregatik, Aizarnak dio jendartea «protagonista» sentitu beharko litzakeela haurren heziketan, umeak «erdigunea» behar duela izan. Horretarako, azpimarratu du «jendarte bateratuago» bat behar dela.

Horrela, zaintza familiaren testuinguruan nahiz erakundeen eta haur eskolaren testuinguruan gauzatzea proposatu du Hik Hasik, eta berebiziko garrantzia hartzen du zaintza edo heziketa horrek haurraren lehenengo hiru urteetan, Hik Hasiko koordinatzailearen ustez: «Bizitzako lehenengo urteetan ikasten dira bizitza osorako oinarri nagusiak».

Hezkuntza proposamenaren bigarren gakoak jasotzen duenez, «0-3 adin tarteko haurrena ez da hezkuntza hutseko aroa; izatekotan ere, hezkuntzaren aurretiko garaiaren edo familiaren eta eskolaren arteko zubi garaia besterik ez da». Horrenbestez, adin horretako haurrek merezi duten besteko atentzioa jasotzeko, haur eskoletako langileen prestakuntzan sakontzeaz gain, umeak etxean zaintzeko eta hezteko familiei «erraztasunak» ematea eskatu du Hik Hasik. Besteak beste, urtebeteko lanuzte-baimen ordaindua, Europa iparraldeko hainbat herrialdetan gertatzen den bezala. Haurra etxean zaintzea ezinezkoa bada; eta, ondorioz, haurtzaindegira edo bestelako zaintza moduetara jotzen bada, harrera toki horiek «ahalik eta zaintza edo heziketa onena» bermatu beharko luketela nabarmendu dute Hik Hasitik.

Eskolak

Hezkuntza proposamena ondu dutenen artean, ardura pizten dute ikasgaiek. «Espezifikoegiak» direla aipatu du Auzmendik, eta, ikasgaika beharrean, «proiektuka, arloka» irakastea nahiago luke berak. «Pertsonok ez dugu ikasgaika ikusten mundua, eta mundu errealean gaiak nahasten direnean gu geu nahasten gara». Horregatik, Hik Hasiren hezkuntza proposamenaren hirugarren puntuak horrela dio: «Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea».

Era berean, selektibitatea bezalako hautaproben aurka agertu dira adituak. Beraien ustez, Batxilergoa selektibitatea gainditzera mugatzen da, eta horrek berak Bigarren Hezkuntza «modu desegokian» baldintzatzen du. Azterketa bidezko ebaluazioek «zertan hobetu behar den ezagutzeko balio izatea» eskatzen dute, ikaslearen testuingurua aztertuz eta euren autonomia errespetatuz.

Bestalde, ikasgeletan emozioei lekua uztea desio du Hik Hasik, «gorputz heziketari, filosofiari eta adierazpenarekin lotutako arloei ordutegi zabalagoa eskainiz».

Irakasle eta hezitzaileei dagokienez, beraien prestakuntza egokitzea proposatzen da dokumentuaren laugarren gakoan; eta Auzmendik azpimarratu du garrantzitsua dela «enpatia», «haurrekiko gertutasuna» edota «gizartearekiko konpromisoa» bezalako konpetentziak balioestea ikasketa mailarekin batera. Aizarnak irakasle izatearen konpromisoa azpimarratu du: «Irakasleok hobetzeko prest egon behar dugu beti, etengabeko formazioan».

Hik Hasiren kalitatezko hezkuntza lortzeko proposamenaren zutabeetako bat eskolen autonomia da. «Eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektu propioa izatea» aurkezten da dokumentuaren bosgarren gakoan. Hori lortzeko, beharrezkotzat jo dute ikasleen, langileen, familien, eragileen eta Udalaren arteko elkarlana, hots, eskolak «komunitate» modura funtzionatzea.

Eskoletako zuzendaritzari buruz mintzo da dokumentuko seigarren puntua. Auzmendik egungo egoera salatu du: «Eskoletan, askotan pasatzen da inork ez duela zuzendari izan nahi, eta irakasle bokazioa duen norbait administrazioan sartu behar izaten da maiz, nahi ez badu ere». Horren soluzioa postu bakoitzerako behar den «prestakuntza espezifikoa» eskaintzea izan daiteke, adituen ustez.

Euskal Herriko haurrak «euskaldun eta eleaniztun» izatea du helburu Hik Hasiren proposamenak. Horrela zehazten da zazpigarren puntuan: euskaldunak, «euskara bizitzako hainbat esparrutan erabiltzeko gai izateaz harago, euskal kulturaz, historiaz, identitateaz eta berezitasunez jabetzeko»; eta, eleaniztun, euskara lehenetsita ere, haurrek gai izan behar dutelako «gaztelania ala frantsesa eta atzerriko hizkuntza bat hainbat esparrutan egoki erabiltzeko».

Kudeaketa eta finantzazioa

«Uste dugu gertuko kudeaketak beharrak hobeto detektatzeko eta hobeto erantzuteko balio duela», ebatzi dute hezkuntzan adituek. Horren harira, ikastetxeak udalek kudeatu behar dituztela iritzi dute; herriko ikastetxeetako elkarteetako arduradunekin, hezkuntzako profesionalekin eta hezkuntzan interesa duten eragile ororekin batera hezkuntza plan bat gauzatuz. Plan horren funtzioak lirateke, zortzigarren puntuak zehazten duenaren arabera, «etorkin berriei begira harrera eta egokitze plan bat egitea», «herriko hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa bermatzea» eta «etorri berrientzat eskolatze plana prestatzea, Udalarekin, etorri berriekin eta eskolekin batera», besteak beste.

Eskolen antolaketa administratiboaz jardun da kalitatezko hezkuntza lortzeko bederatzigarren gakoa, eta, horixe bera da, hain zuzen ere, hezkuntzako profesionalak gehien kezkatzen dituen alderdietako bat. Egun hezkuntza munduan pairatzen den «fiskalizazioaz» kexu dira Aizarna eta Auzmendi. Administrazioaren «gehiegizko kontrola» dela-eta, ezinezkoa gertatzen da eskola bakoitzak hezkuntza proiektu propioa gauzatzea. Europari begira jarri dira adituak, erreferentzia egokitzat jotzen baitituzte Finlandia, Danimarka eta Estonia besteak beste; herrialdeotan udalek zuzenean kudeatzen dituzten eskolak dituzte.

«Gaur egungo antolaketa burokratikoak ez du uzten eskolen autonomia aurrera eramaten. Hik Hasik jendarte bateratu bat nahi du, ekitatea eta kohesio soziala ekarriko lituzkeena. Hemen berriro jaistera doaz hezkuntzako inbertsioa, eta, hobetu nahi badugu, inbertsio maila ere aldatu behar dugu», azaldu du Kontxi Aizarnak. Horretaz ari da, hain zuzen ere, Hik Hasiren proposamenaren hamargarren puntua: inbertsioaz edo finantzaketaz. «Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa» eskatu du Hik Hasik, orain arte proposatutako guztia errealitate bihurtzeko adinako inbertsio erreala.

Proposamena egin ostean ere, hausnartzen jarraitu beharra

«Iazko ikasturtean hausnarketa bat egitea pentsatu genuen, heziketatik begira soil-soilik, eta hezkuntza proposamena osatu genuen. Belaunaldi berrientzat onena helburu hartuta, jauzi bat egitea erabaki genuen», azaldu du Kontxi Aizarnak, hezkuntza proposamenaren hausnarketa prozesuari begira. «Egungo egoeraren diagnostiko bat eginez hasi ginen, eta zerrenda bat osatu genuen aipatuz zertan asmatu dugun eta zer arrisku ditugun». Hik Hasi taldeko irakasleak kontatu du egungo hezkuntza ereduak lau arrisku dituela: «zatiketa linguistikoa, ez daukagulako bitarteko nahikorik haur guztiak oinarrizko maila batean euskalduntzeko; zatiketa soziala, eskola publikoen, kontzertatuen, pribatuen eta bestelakoen banaketa dagoelako; hezkuntza proiektuaren indargaltzea, legediak eskolen beharrei ez erantzuteak desilusioa ekar dezakeelako; eta administrazioaren aldetik pasibitatea».

«Arazo nagusia zatiketa da. Ez bada eskola bakarra duen herri txiki batean, gutxienez bi eskola dauden herrietan eztabaida ematen da. Eta eztabaida dagoenean, modu txarrean izaten da», gehitu du Joxe Mari Auzmendik.

Taldeko akordioen mesedetan, norberak atzean utzi behar izaten ditu bere gurari batzuk. Hori bera gertatu da hezkuntza proposamena eztabaidatzeko orduan. «Bakoitzaren pentsamendu indibiduala hor dago, baina guk talde zentzu handia daukagu. Mila gauza eztabaidatu ditugu, eta hiztegi aldetik utzi ditugu gauza batzuk kanpoan, baina oso ondo sentitu gara, inor kanpoan utzi gabe, eta adostasuna oso erraz lortu dugu», argitu du Aizarnak.

Hezkuntza proposamen berriak egingo duen bidea ikustea tokatzen da orain. Momentuz, proposamenaren dokumentua ikastetxe eta eragile guztiei bidali zaiela jakinarazi du Hik Hasiko koordinatzaileak, baina hori eztabaida pizteko eta hausnarketa bultzatzeko egin dutela gogorarazi du, hezkuntzan interesa duen ororentzat «opari» bat dela azpimarratuz. «Guk azpiegitura txikia daukagu, eta ezin dugu gure kabuz hau aurrera eraman. Orain eztabaida behar da», adierazi du Auzmendik.