Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

«Sventramento»

Bere izena ezkutatzeko «lagun izenik gabekoa baino zer edo zer originalagoa» pentsa nezan esan zidanean, «Valentina» ez zuen kinielan. Gustatu zitzaion, hala ere. Eta gustatu zitzaion, bidenabar, joan den hilabeteko artikulua, nahiz eta detaile batek konbentzitu ez.

Ohi bezala, Whatsapp bidez esan zidan hori guztia, nik idatzi dudan alderantzizko ordenan eta mugikorreko idatzizko elkarrizketa interesgarrienei hasiera ematen zaien momentu horretan, alegia, gaueko hamabiak bost gutxiagotan-edo. Drrrr, bibrazio txiki bat: «Rambla del Raval ez da sekula euri-bidea izan».

Arrazoi Valentinak. Raval auzoan bada rambla izena daraman espazio bat, bulebar moduko bat auzoaren bihotzean. Ezaguna da Boteroren eskultura bat –katu potolo boteresko bat– dagoelako bertan, bai eta hiriko kebab onenak omen direnak ere. Rambla izenez bataiatu zuten bulebarra, baina bertan ez da riera edo euri-biderik inoiz izan. Etxebizitza zaharrak zeuden bertan, bospasei pisuko horma bitarteko eraikin estuak Sant Jeroni eta Cadena kalexka meharren artean. Bi milagarren urtean, higienearen eta hiri-biziberritzearen izenean, eraitsi egin zituzten etxebizitzak eta kale-izenen hilerrira eraman Sant Jeroni eta Cadena –“B aukera” zen aldirietara eramatea–. Ordutik, 310 metro luze eta 55 zabaleko espazio publikoa da Rambla del Raval. Batzuentzat bizi-kalitatea hobetu duen proiektua dena auzoa gentrifikatzeko tresna bat gehiago da besteentzat.

Tankera honetako hirigintza proiektuek izen bat dute, baina izen hori da ez da, ez, rambla. Sventramento esaten zaio hiri-eremu kontsolidatu zati bat eraitsi eta haren ordez espazio zabal bat sortzeari. Adibideak ehunka: Bartzelonan Via Laietana, Madrilen Gran Via, Erroman Vatikanora daraman Via della Conciliazione, Parisen Haussmannen bulebar sistema... txiki ala handi, sotil ala gehiegizko, hiri historiko gehienetan erabili den teknika da sventramentoarena.

 

Valentinak flipatu egin du hitzarekin. Hirigileen sadismoaren edo umore beltzaren erakusgarri den galdetu dit –nik, instintiboki, bigarrena dela esan diot–, jarraian azaltzeko «sventramento» hitz italiarra dela –horraino iritsia nengoen ni ere– eta pertsona edo animalia bati erraiak ateratzearen ekintza dela. Glups. Pentsatu dut apartak direla italiarrak metaforagintzan –catenaccio hitza ere oso ona baita–, eta ondoren ohartu naiz pertsona bati erraiak ateratzen dizkiona izan daitekeela mediku forentsea ala Jack Tripa-ateratzailearen ikastuna. Izan bata ala izan bestea, amaierako produktua berbera dute biek ala biek: zerraldo inertea.

Hala gertatzen da batzuetan hirigintzan ere, tripak ateratzen hasi eta konturatzerako larrua besterik ez zaizula gelditzen. Kasu, labainkorrak dira-eta hiri eraberritzeak, are gehiago ekosistema delikatu diren auzo historikoetan egiten direnean. Apendizea errotik ateratzea ez baita gauza txarra, baina tentuz ibili behar gara heste edo giltzurrunekin lanean ari garenean, eta bihotza sekula erauzi gabe tumorea delakoan. •