Ainara Lertxundi
TRAUMAK GAINDITUZ

Ariketa lasaigarriak, haur palestinarren ikaste eta arreta gaitasunak trebatzeko

Sei urteko tarte laburrean, Gazan bizi diren palestinarrek hiru gerra pairatu dituzte. Zisjordanian, kontrol militarrak eta barrikadak areagotu egin dira. Bortizkeria egoera horrek haurrak eta haien gurasoak kolpatu ditu bereziki. Haurrei eskolan laguntzeko programa aitzindaria abian ipini du Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak.

Nazio Batuek, nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak, Nazioarteko Gurutze Gorriak eta Ilargi Gorriak osatzen duten Humanitarian Country Team (HCT) forumak 2016an egin zuen ebaluazioaren arabera, Zisjordanian kontrol militarrak zorrotzagoak izan ziren urte horretan. Palestinarren mugimenduak zailtzeko errepideetan soldaduek ipinitako barrikadak biderkatu egin ziren, eta, horiekin batera, baita haurren oinarrizko eskubideen urraketak ere. 2016ko urtarriletik irailera, 25.674 haur palestinarren hezkuntza eskubidea urratu zela ondorioztatu zuen forumak. Denbora tarte horretan, eskolen aurka egindako erasoek 6.494 ikasle kaltetu zituzten.

Berzeit Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, Gazako eta Zisjordaniako umeen %45ek soldaduak euren eskoletan ikusi dituzte noizbait; %25 euren ikastetxearen kontrako erasoren baten lekuko izan dira eta %18k ikaskide bat nola hiltzen zuten ikusi du.

Gazan, 2014ko gerran, 500 haurretik gora hil zituzten; 3.300 baino gehiago zauritu zituzten; 140.000 etxebizitza erabat edo partzialki hondatuta gelditu ziren; 400.000 palestinar inguruk egoera traumatikoak bizi izan zituzten erasoek iraun zuten hilabete luzean eta 500.000 lagunek etxez aldatu behar izan zuten.

2012ko eraso militarrean, 158 palestinar hil ziren, horietatik 103 zibilak eta 33 adin txikikoak. 286 eskolek kalteak pairatu zituzten.

2008 eta 2009 arteko gerran, 1.300 palestinar hil ziren, horien artean 350 adin txikiko. Kalte materialak handiak izan ziren; 14.000 etxebizitzek, 200 eskolek, osasun azpiegituren %48k, gobernuaren 68 eraikinek, Nazio Batuetako 53 instalaziok eta gobernuz kanpoko erakundeen 31 bulegok kalteak jasan zituzten.

Sei urteko tartean, Gazako haurrak hiru gerraren lekuko izan ziren. 1.300tik gora zibil hil ziren erasoaldi horietan, tartean 700 adin txikiko.

Zisjordanian, errepresioa eta okupazioa egunerokotasunaren parte dira. Hebron da bertako hiri nagusia. 1997tik, Osloko bake prozesuaren ostetik, bi zatitan banatuta dago; H1 eremua, Palestinako Agintaritzaren pean dagoena, eta H2, non 40.000 palestinar ehunka kolonoren erdian bizi diren. 800 bat kolono bizi dira H2 eremuan eraiki diren legez kanpoko kolonietan. Horiek babesteko nabarmena da soldadu israeldarren presentzia.

Nazio Batuek Israelgo Armadaren 120 barrikada eta kontrolgune zenbatu dituzte H2 eremuan. Kale nagusiak eta merkatu garrantzitsuena ere itxi egin dituzte soldaduek. Palestinarrei mugimendu librea debekatzen zaien bitartean, kolonoak libre dira hara eta hona ibiltzeko. H2 eremuan dagoen eskola nagusira joateko, ikasleek gutxienez kontrol militar bat zeharkatu behar dute. Ibrahimiyya ikastetxeko zuzendaria da Hasam Eamar. Bere hitzetan, «funtzionamendua ez da beste ikastetxeetakoa bezalakoa. Ikasleak lehenago atera behar dira kalean ikasle israeldarrekin topo ez egiteko. Festa judutarrak daudenean, ikasle palestinar gehienek ez dute eskolara joaterik barrikadak direla-eta. Irakasleentzat ere zaila izaten da heltzea, etxe eta zelai artetik joan behar dute oinez iristeko. 2014ko abenduaren 10ean, soldaduek gas negar-eragileak jaurti zituzten ikastetxearen kontra eskola orduan. Ikasle bat erietxera eraman behar izan zuten. Beste batzuk, tartean zuzendaria, ikastetxean bertan zaindu behar izan zituen Ilargi Gorriak.

«Behin, eskolarako bidean, zortzi urteko mutiko bat atxilotzen ikusi genuen harriak bota zituelakoan», nabarmendu du Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseilua (NRC) lankide batek.

Bizipen bortitz horiek guztiek ondorio larriak dituzte. «Ikasketa maila baxua da, baina uler dezaket. Ez da erraza azterketa bat ondo egitea lehenago kontrol militar batean gelditu zaituztenean, edo gelan arretaz egotea kanpotik gas negar-eragileak botatzen ari zaizkizunean», dio Ibrahimiyya eskolako zuzendariak.

2015ean, Gazako Osasun Mentaleko Programak umeen %51k eta helduen %31k estres postraumatikoa jasaten zutela ondorioztatu zuen. Amesgaiztoak, arreta falta, tristura, beldurra, urduritasuna, ezinegona, autoestimu falta ohikoak dira haurren artean.

2007tik NRC Tromsoko Unibertsitatearekin, Biolentzia eta Estres Traumatikoa ikertzeko Norvegiako Zentroarekin (NKVTS) eta Hezkuntzaren Institutuarekin batera gatazka eta gerra egoerak pairatzen dituzten ume eta nerabeen ikasteko gaitasuna hobetzeko lanean ari da. 2012an Hobeto Ikasteko Programa ipini zuen martxan Gazako zortzi eskoletan (Better Learning Programme, BLP ingelesezko siglak). Hain izan zen arrakastatsua Gazako eta Zisjordaniako 40 ikastetxetara zabaldu zutela. 2014-2015 ikasturtean, Gazako 168 eta Zisjordaniako 10 eskoletan erabiltzen zuten jada.

BLP programaren helburua umeek arreta mantentzeko eta ikasteko duten berezko gaitasuna berreskura dezaten da. Bide batez, egunerokotasunean bizi dituzten egoera bortitzei hobeto aurre egiteko bitartekoak eman nahi dizkie haurrei, eta beraien buruarekin gusturago eta ziurrago ere sentiarazi nahi ditu. Ikasleekin, irakasleekin, tutoreekin, aholkulariekin eta gurasoekin lan egiten du programak.

Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak (NRC) Palestinarako prestaturiko BLP programaren zuzendari Camilla Lodik GAUR8ri azaldu zioenez, «Gazako hamar eskoletako ikasleak aztertu genituen. %20k traumak zirela-eta amesgaiztoak eta estres postraumatikoaren bestelako sintomak zituztela antzeman genuen. BLP programan parte hartu ondoren, bi herenen kasuan amesgaiztoak gutxitu egin ziren, astean lauzpabost izatetik ia batere ez izatera pasa ziren. Gainontzeko kasuetan, amesgaiztoen maiztasuna eta intentsitatea nabarmen jaitsi zen. Amesgaiztoak gutxitzearekin batera, haurren gelako arreta handiagotu egin zen, ikasteko motibazio handiagoa zuten eta irakasleekiko nahiz ikaskideekiko jarrera hobetu egin zen».

Psikologia eta irakaskuntza mailako faktoreak konbinatzen dituen metodoa da BLP programa. Bi maila ditu: BLP1 eta BLP2. Lehenengoa, irakasleek beraiek zuzentzen dute eta ikasle guztientzat zuzenduta dago, indarberritzeko ahalmena sustatzeko. BLP2 maila, berriz, espezifikoagoa da. Estres postraumatiko iraunkorra pairatzen dutenei zuzenduta dago, psikologoen eta adituen laguntzarekin.

BLPren baitan, Amets Ederragoak Izateko Margotu deritzan programa jorratzen dute. «Hasieran gerrarekin loturiko egoerak margotzen dituzte haurrek, hala nola, bonbardaketak, tiroketak, hildakoak… Programak aurrera egin ahala, alaiagoak diren ametsak margotzen hasten dira, ez hain gordinak. Marrazkien bidez, haurrek haien beldurrak adierazten dituzte. Marrazkiak egiteko orientatzaileak bidelagun dituzte; dagoeneko segurua den garai batean daudela jabetzen laguntzen diete. Amesgaiztoek hiru hilabete baino gehiago irauten badute, horien atzean arazo larri bat dagoela esan nahi du. Normalean, eredu bera errepikatzen da: ihesean doazela amesten dute, zauritutako lagun, senide eta pertsonekin, zulo beltzekin, hildakoekin, anbulantziekin… Bestelako sintomak ere badituzte, BLP2 mailara bideratzen ditugu. Sintoma horiek depresioa, bortizkeria, umore aldaketak, elikadura nahasmenduak, ikasteko arazoak, bat-batean konortea galtzea, zehatza ez den mina sentitzea, hitz egiteko gaitasuna galtzea, helduekiko mendekotasuna edo kontrakoa, gurasoengandik urruntzea... dira», azaldu du Lodik.

Bai BLP1 mailan bai BLP2 mailan gatazkaren ondorioz sentitzen duten beldurra eta antsietatea beste parametro batzuetan lantzeko teknikak erakusten dizkiete parte hartzaileei; ikasleak, irakasleak nahiz gurasoak izan. Hona hemen horietako batzuk:

1.- Lehenbizi gorputz-adar batzuk –besoak, lepoa, hankak, oinak, bizkarra edo urdaila– tentsioan jarri denbora apur batean ondoren lasaitzeko.

2.- Arnasketa ariketak. Sabelarekin arnasa hartu eta airea pixkanaka bota, arnasketa kontrolatzeko.

3.- Beraientzat segurua den leku bat irudikatzea. Teknika honen bitartez, irudimena lantzen dute. Urduritasuna antzematen dutenean, lasaitasuna, segurtasuna eta poztasuna ematen dizkien leku bat irudikatzen erakusten diete.

4.- Kontzentrazioa eta oreka lantzeko, gorputza postura desberdinetan jarri. Gorputza eta adimena lotzeak, barne oreka berreskuratzea ahalbidetzen die.

5.- Luzaketa ariketak (bizkarrezurra, lepoa, bularra, saihetsaldea, sorbalda).

2016an Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak programaren ebaluazioa egin zuen, urritik azarora. NRC Palestina saileko bederatzi kide, beste erakundeetako zortzi ordezkari, hamalau irakasle, zonaldeko begirale bat, bi aditu, zortzi aholkulari eta beste hainbat eskoletako zuzendari elkarrizketatu zituen –Nazio Batuetako Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak (UNRWA) kudeatzen dituen hiru ikastetxe eta Palestinako Hezkuntza Ministerioaren esku dauden beste bost bisitatu zituzten Gazan eta Zisjordanian–.

Gazako irakasle eta orientatzaileen %42k BLP trebakuntza egin aurretik ikasleen amesgaiztoei ez zietela erreparatu aitortu zuten. Programak ikasleen eta irakaslearen arteko harremana sendotzen lagundu zuen, elkarrenganako konfiantza areagotu egin zen, bereziki, BLP2 mailako taldeetan. «Kurtsoan bakarka nahiz taldeka egin genituen saioek aurrera egin ahala, ikasleekiko lotura estutuz joan zen; beraien senideekin ere harreman sendoagoa lortu nuen. Lotura hori une zailenetan ere mantendu genuen. 2014ko gerraren ostean, nigana etortzen jarraitzen zuten laguntza eske», esan zuen irakasle batek.

Gurasoek ere onura nabarmenak nabaritu dituzte. «Gure etxetik eta meskitatik gertu bost kontrol militar daude. Gure begien aurrean, palestinar gazteak hil dituzte. Kontrol militarren bortizkeria egunero pairatzen dugu. Seme-alabak eskolara joateak urduritu egiten nau; noiz itzuliko diren zain egoten naiz. Batzuetan, orduak pasatzen ditut kontrol batean erosketak egin eta etxerako bidean. Kolonoek gure etxearen ondokoa okupatu dute. Eraso bat jasateko beldur gara beti. Nire senarra lanpostutik kanporatu zuten kontrolen erruz berandu iristeagatik. Egoerak ezintasuna sorrarazten dit, baita tristura ere seme-alaben etorkizunagatik. Beti ari naiz haiei garrasika. Zergatik oihu egiten diedan galdetzen didate. Kartzela batean bezala bizi gara; haurrak hiperaktibo bihurtzen dira». Zisjordaniako ama baten testigantza da. Bi semeak BLP2 talde batean daude.

«Orientatzaileak deitu ninduen. Krisi egoeretan seme-alabei nola lagundu azaldu zigun. Kirol ariketak egiten eta arnasa sakon hartzen erakutsi zigun. Beldurra eta pentsamendu ezkorrak dituztenean, haiekin nola mintzatu esan zigun; istorio atseginak kontatzea, lorategira elkarrekin ateratzea, kometekin jolastea... proposatu zigun. Gure buruan leku seguruago bat irudikatzen erakutsi zigun, norberaren burua lasaitzen. Ama bezala ahaldundu egin nintzen. Estresa murriztu egin zen. Haserre edo triste nagoenean lasaitzeko ariketak egiten ditut. Haurrekin dudan harremana hobetu da; haien sentimenduak eta emozioak hobeto ezagutzen ditut eta haiei laguntzeko bitarteko gehiago ditut. Ezintasuna nabaritzen dutenean, margotzen uzten diet, barruko nahastea askatzeko».

Heriotzarekin amesten

«Hil nahi ninduen soldadu batekin amesten nuen etengabe. Norbaitek edo zerbait hil nahi ninduela sentitzen nuen. Izututa nengoen. Esnatuta ere, ohean eserita egoten nintzen, geldirik, zer egin jakin gabe. Tutoreak lasaitu eta barne oreka berreskuratzeko teknikak erakutsi zizkidan; arnasketa, kasu. Hobeto sentitzen hasi nintzen. Lasaiago nengoen eta barruan nuen beldurra modu egokiagoan lantzeko gai ikusten nintzen». BLP2 programan esku hartu zuen Zisjordaniako mutil baten lekukotasuna da.

Esperantza galtzen ez duen ama

«Tutorearen ohar bat jaso nuen. Ama guztiak bildu gintuen. Gure haurrek pairatzen dituzten traumek haiengan duten eragina ulertzeko argibideak ematen hasi zen, etxean egin genitzakeen arnasketa ariketei buruzko azalpenak... Hasieran, barregura sartu zitzaigun guztioi, esaten ari zenak ez zuela ezertarako balio pentsatu genuen-eta! Handik aste batzuetara, berriro deitu ninduen. Nire alabak amesgaizto asko zituela ohartarazi zidan. Ordura arte, ez nintzen horretaz jabetua, beraz, sorpresa hartu nuen. Alabak nahiko maiz bustitzen zuen ohea baina ez nekien amesgaiztorik zuenik, are gutxiago aldiro zirenik. Gerraren ostean, iluntasunari beldurra hartu zion. Etxean, arnasketa eta lasaitzeko ariketak egiten hasi nintzen, bereziki alabarekin. Bada, konturatu naiz guztiok lasaiago gaudela, batez ere ni neu! Alaba hurbilago sumatzen dut eta bere amesgaiztoei buruz hitz egiten hasi da gurekin. Horrela jakin genuen norbaitek bahituko zuen sekulako beldurra zuela. Kezkak ahazteko erosketak egiteko dirua ematen hasi gara. Oraindik amesgaiztoak ditu, baina ez dago hain beldurtuta. Programak arreta berreskuratu eta ikasketekin hobetzen lagunduko dion itxaropena dut».

Lanegun bat Gazan

«Egunak luzeak dira Gazan. Ikasleen beharrek eta etxeko ardurek estres handia eragiten zidaten. Etxeratzean, seme-alabek nire arreta eskatzen zuten etengabe. Ez nintzen gai beraien behar guztiei erantzuteko eta horrek ezinegona sorrarazten zidan. Maiz, garrasi egiten nien eta batzuetan zaplazteko bat eman edo makil batekin jotzen nituen. Oso gaizki sentitzen nintzen ondoren. BLP programan sartu nintzen. Nire burua ezagutzen erakutsi zidaten, oreka nola berreskuratu, estresari nola aurre egin... Eskola orduetan ere jartzen nuen praktikan ikasitakoa. Bereziki, etxera joan aurretik. Seme-alabekin, pazientzia gehiago dut orain, egunerokotasunari aurre egiteko gaitasun handiagoa».

Estresa eta beldurra

«Oheratzerakoan beldur handia sentitzen nuen. Haizearekin iluntasunean mugitzen ziren enborren beldur nintzen. Eskola ondoren aitaren dendan lan egiten nuen eta klase orduan motibazio eta energia falta sumatzen nituen. Irakasleak oreka berreskuratzeko teknikak erakutsi zizkidan eta indar handiagoarekin nabaritzen naiz. Nire arreta ere nabarmen hobetu da. Irakasleak proposatzen dizkigun ariketa guztiak egiteko gai ikusten dut nire burua», azaldu zuen Zisjordaniako mutiko batek.

BLP programan esku hartu duten guztien bizipenak bildu berri ditu orain NRCk.