Xabier Izaga Gonzalez
KATALANA

Hizkuntzaren normalizazioan urrats handiak eginda ere, asko dago egiteko

Euskararen Nazioarteko Eguna da bihar. Euskal Herriak mende luzeetan eutsi dio bere hizkuntzari, baina haren egoera ez da tamainak eta botereak bermatzen dutena. Egoera hobean dago katalana eta, azkenaldion bereziki, hari begiratzen dio Euskal Herriak. Baietz esan digute, baina oraindik gutxitua dela bere lurraldeetan bertan.

Euskal Herria Kataluniara begira bizi da aspaldion, inbidiaren eta kezkaren arteko arretaz. Lehenago ere begiratu izan du, hango eta hemengo hizkuntza egoerak alderatzea saihestu ezinik. Bihar Euskararen Nazioarteko Eguna dela, Euskal Herriko hizkuntzaren suspertze eta normalizatze prozesu irregularra azkartu beharra nabarmen ageri den honetan, Kataluniako egoeraren berri zuzena jaso dugu.

Azken datuen arabera, Kataluniako biztanleen %95 inguruk ulertzen dute katalana, eta ia %80 hitz egiteko gai dira. Euskal Herriko zenbait lurraldetan bezala, hizkuntza ofiziala da, okzitaniera eta gaztelaniarekin batera. Valentziako, Balear uharteetako, Andorrako, Aragoiko La Franja de Ponent eremuko eta Sardiniako L'Alguer hiriko biztanleria kontuan hartuta, 11 milioitik gora lagunek ulertzen dute katalana, eta horietatik 10 milioi inguru hitz egiteko gai dira. Euskararen datuak askoz apalagoak dira, proportzioan ere bai. Euskararenen aldean, beraz, datu onak dira katalanarenak. Edonola, haren egoera ez da gaztelaniarena bezain ona... Katalunian bertan. Han, ia-ia denek ulertu eta hitz egiten dute espainola.

Pep Ribas hizkuntza katalanaren aldeko militante beteranoa da. Gaur egun Coordinadora d'Associacions per la Llengua Catalana (CAL) erakundeko presidentea da. Frankismoko jazarpen eta debekuak gogorarazi dizkiogu, katalanaren jendarteko erabilerak eta ezagutzak nabarmen atzera egitea eragin zutenak. Historian lehen aldiz, Katalunian gaztelania ama hizkuntza zutenen kopuruak katalana zutenena gainditu zuen. Errepresioa ez ezik, 60ko hamarkadako immigrazioa erabateko handicapa izan zela dio Ribasek, parametroak erabat aldatu zituen eta.

Murgiltze sistema, gakoa

Berehala jarri du egoera hura iraultzen hasteko gako nagusia. Azken hamarkadetako hizkuntza murgiltze sistemak gainbehera geldiarazi du. Argi du ikaskuntza prozesua emendatzen doala. Guraso gaztelaniadunen seme-alabek katalanez ikasten dute hezkuntza eredu horren ondorioz. Hala ere, katalana Katalunian gutxiengoan dagoen hizkuntza dela dio. Zazpi milioi inguruko populazioaz ari gara, erdia Bartzelonako metropoli-barrutian bilduta. Bertan, gaztelania da nagusi. Gainerako lurraldean, katalanak oso ondo funtzionatzen du, bertan immigrazioak ez baitzuen eragin bera izan. Han landa eremuak dira nagusi, eta, Ribasek dioenez, haietan ez zen ghettorik eraiki, immigrazioa integratu egin zen eta katalanak lehentasuna izan du, eta du.

Hizkuntza-murgiltze sistema oso ona izan dela dio, baina «erdizka» baino ez omen du funtzionatu metropoli-inguruan, eta horretan zerikusia du bertan beti PSCk gobernatu izanak. Alderdi horrek, Ribasek dioenez, ez du katalanaren aurka egin, baina ezta aldeko politika aktiborik ere, salbuespenak salbuespen. «Hizkuntzari dagokionez beste jokaera bat izan balu, beste kuku batek joko zigukeen».

Berreskuratze prozesua oso motela dela dio. Helduen irakaskuntza eta doakotasuna ere aipatu ditu, baina uste du ez direla oso faktore garrantzitsuak. Batez ere immigrazio berriari begirakoak omen dira, baina helduentzako irakaskuntza gaztelaniaz izan da batez ere. «Hemen faktore nagusia, erabakigarria, Lehen Hezkuntzako murgiltze eredua izan da, baina oraindik asko dago egiteke».

Euskal Herriko egoera aipatu diogu, besteak beste EAEko eta Nafarroako ereduen sistemak, legeak xedatzen duena bermatzeko gauza ez direnak. Horren berri baduela dio, baina hangoa ere ez dela panazea. Familia asko gaztelaniadunak direnez, murgiltzeak lehen mailan baino ez du funtzionatu. Argi utzi nahi, du, edonola, ez duela balorazio negatiborik egiten.

Hizkuntza legea, bete gabe

Ribasek gogorarazten duenez, 1998 arte ez zuten Hizkuntza Politika Legerik izan, eta lege hori ezin izan dute aplikatu. Gogorarazi duenez, esate baterako, eraikin guztiak katalanez errotulatu behar dira. Errotulua gaztelaniaz jar daiteke, baina katalanez ere jarri behar da, eta ez omen da hala egiten. Arlo horretan bilakaera nabarmena izan da, eta horretarako laguntzak ere izan dira. Ribasen ustez, Kataluniako herrien %80etan katalanez errotulatu dute; izan ere, gaztelania oso nagusi den zenbait hiritan ere denda gehienetan katalanezko errotuluak ikusten dira, «prestigioagatik, diru-laguntzengatik, dena delakoarengatik».

Hori bai, Estatu espainola beligerantea izan omen da zentzu guztietan Ribasen ustez. «Hizkuntza Politika Legea bere horretan aplikatu ahal izan balitz, oso bestelako egoera izango genuke, batez ere jendarteko erabilerari dagokionez». Euskal Herrian arrotza ez den arazoa, hain zuzen. «%90 baino gehiagok ulertzen dute eta mintza daiteke katalanez, baina %60 eta %40 artekoa da erabilera, eskualdearen arabera».

Guztiz jasanezina begitantzen zaio Ribasi Estatu espainolaren eta Kataluniako zenbait erakunderen propaganda, gaztelania baztertzen dutela, eskoletan doktrinamendua dagoela eta horrelakoak etengabe zabaltzen dituena. «Espainian sinetsi egiten dute, bertsio hori besterik ez dute-eta. Ez da harritzekoa dituzten kazetak eta telebistak izanda… Den-dena, Kataluniako prozesua bera bezala, kriminalizatu egiten dute Estatuari men egiten dioten hedabideetatik abiatuta. Hemen bizikidetza eredugarria izan da beti. Sei edo zazpi urtez milioi bat pertsona atera gara kalera urtean behin edo bitan, eta ez da lurrean paper bat bera ere ikusi. Noiz gertatu dira amorrua eta zalaparta? Ultrak kalera atera direnean».

Correllengua

Katalanaren beste militante historiko batengana jo dugu, Blanca Serrarengana, hain zuzen. Gaztelania katedraduna da, egun erretreta hartutakoa. Orain dela urte asko Euskal Herrian izan zen, Korrika ikusten, Katalunian ere hizkuntzaren aldeko lasterketa antolatzeko asmoz. 90eko hamarkadan abiatu zuten Correllengua, eta, 1996tik, hizkuntza katalanaren lurralde guztietara hedatuta dago. «Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko sinbiosia da, aspalditik indarrean dagoena», dio. Gogoan du, halaber, Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi zenarekin eta Galiziako ordezkari batekin Euskal Herriko hiriburu guztietan zehar egin zuen bidaia. Ibilbide hartan bakoitzak bere herriko hizkuntzaren berri eman zien besteei.

Serrak dioenez, ez dago katalana galduta dagoela esaterik, «ezta hurrik eman ere»; hala ere, ordezkatzeari buelta emateko prozesuak jarraitu behar du. «Hiztun berriak sortzen dira, baina ordezkatze prozesua ez da gelditu». Eta horri dagokionez, arazo handiena jende askoren ezaxola dela uste du, batez ere gazteena, hizkuntzarekiko konpromiso serio baten falta, alegia. Gaztelaniak eta katalanak elkarren antz handia dutenez, erraza da hizkuntza batetik bestera pasatzea, eta hurbiltasun hori, katalana ikasi eta hitz egiteko abantaila dena, desabantaila ere bihur daiteke. «Bi aldeak ditu», dio Serrak. Katalanaren andeatze arriskua ikusten du, «hitz egitean gaztelaniatik hurbilen den irtenbidea hautatzen baita maiz, jatorrizkoa alde batera utzita. Hori hizkuntzaren egitura mailan ere gertatzen da, izenordain ahulekin kasu, halako presio, eragin edo interferentzia batengatik. Fenomeno hori gaztelanian ez litzateke gertatuko, ez hain bizkor, behinik behin».

Erabilera, erronka

Blanca Serrak ere ez du dudarik egiten murgiltze ereduak oso eragin positiboa izan duela, derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenek ondo baitakizkite bi hizkuntzak. Eta, Jordi Ribasek bezala, erabilera falta dela arazoa uste du. «Gaztelaniak hemen lasai asko eguneko 24 orduetan iraun dezake, baina katalanarekin ez da gauza bera gertatzen. Ezinezkoa da 24 orduz jarraian katalan hutsean bizitzea. Interferentzia oso argia da». Estatu espainoleko indar politiko eta hedabideek helarazten duten mezuaren arabera, ordea, Katalunian gaztelania zokoratzen ari direla gogorarazi diogu. «Pentsa, nik, adinagatik ez nuen katalanezko oposiziorik egiterik izan, halakorik ez zegoelako, horregatik izan naiz beti Espainiera katedraduna. Esan diezadatela niri, neure lan bizitza osoan espainiera irakatsi baino ez baitut egin! Katalanak orain hiztun kopuru garrantzitsua du eta ez da erraza izango atzera eginaraztea, baina, beste alde batetik, Konstituzioan, esate baterako, ez gaude maila berean. Gaztelania jakitea derrigorrezkoa da, eta katalana minorizazio egoeran dago. Horrek injustizia eta menderakuntza egoeran jartzen du gure hizkuntza, eta horrela ezinezkoa da bi hizkuntzak parekatzea. Pauso garrantzitsuak eman ditugu, eskolari eta zenbait hedabideri esker, eta hori da gaur jomugan dagoena: eskola, murgiltze eredua eta hedabideak».

Hedabideei dagokienez, katalanezkoak boluntaristagoak direla dio, eta zailtasun edo traba gehiago dituztela. «Zuk telebista pizten duzu eta gaztelaniazko kate bat aterako zaizu».

Aspaldi luzetik borroka askotan zaildua, aurrerantzean borroka gogorragoa izango dela dio Serrak, eta 155. artikulua aipatu du. «Baina eutsi egingo diogu, e? Eurek uste dute 155.a geratzeko heldu dela hona. Baina Estatu osoarentzat ere izango da. Espainia berrasmatu egingo dute!», dio irribarrez.

Bizitasun handiko hizkuntza

Plataforma per la Llenguak 24 urte pasa bete ditu. Katalanaren behin betiko normalizazioa lortzea du helburu, kanpainak eta ekintzak antolatuz. Haren oinarrizko lan eremuak bi dira: jendartekoa, erabilera sustatzen duena, besteak beste immigranteekin lan eginez eta aisialdirako tresnak katalanez eskainiz; bestetik, hizkuntza eskubideak, enpresa eta nazioartea biltzen dituena.

Oscar Escuder erakunde horretako presidenteak haren ikuspegia eman digu. Dioenez, katalana hizkuntza ertaina da, «sinetsarazi nahi diguten ez bezala». 10 milioi hiztun ditu, «horrek duintasun gehiagoren jabe egiten ez badu ere, guztiek duintasun bera baitute». Hori bai, hiztun kopuru horrek erraztasun handiagoak ematen omen ditu merkatu mailan.

Plataformak urtero aurkezten duen InformeCAT txostenak katalanaren egoera deskribatzen dituzten datuak ematen ditu, eta Oscar Escuderrek esaldi batean laburbildu du egoera hori: «Estatuek esku hartu ezin duten esparruetan, katalanak bizitasun handia du»; esate baterako, Interneten edo familia transmisioan. 2004 eta 2014 bitartean milioi eta erdi lagunek ikasi zuten katalana. Alde batetik kanpotik heldutako jende askok ikasi zuen, eta bestetik, beren gurasoekin gaztelaniaz egiten zuten askok beren seme-alabekin katalanez egiten dute. Katalunian gehien entzuten diren bost irratietatik lauk dena katalanez ematen dute.

Estatuen menpe dauden esparruetan, berriz, hala nola justizia administrazioan, legegintzan... oso besterik da; hartara, justizia auzitegietan epaien %8 baino ez dituzte katalanez ematen. Orain dela zenbait urte epaien %25 katalanez ematera iritsi ziren, baina ondoren etengabe behera egin du portzentajeak. Espainiak Hizkuntzen Europako Gutuna betetzen ez duela erakusten duen adibide bat baino ez da. Duela hamabost urte sinatu zuen espainiar Estatuak gutun hori, epaile eta justizia funtzionario katalan hiztunak jartzera behartzen du horrek, baina ez du bete. «Ez gurekin ez zuekin, jakina!».

80ko hamarkadatik hona argi esan daiteke katalana suspertu egin dela, eta murgiltze sistema, «hobeto funtziona lezakeen arren», oso ona izan dela dio Escuderrek, «eta espero dugu izaten jarraituko duela nola hizkuntzaren ikaskuntzaren ikuspuntutik hala jendarte kohesioarenetik».

Polemika politikoa

Izan ere, irakaskuntza sistema denentzat berdina izateak ikasketari eta jendarte kohesioari mesede egin die. Urte askoan, milioi bat ikasletik, bestelako irakaskuntza, gaztelaniaren presentzia handiagoa eskatzen zuten gurasoak ez ziren 25etik pasatzen; zenbait urtetan askoz gutxiago. Orain gehixeago dira, polemika politikoaren ondorioz, baina argi dago inork ez duela arazorik izan bere semeak eskolan katalanez ikasteagatik.

Gaztelania Katalunian baztertzen dela entzunda, barre egitekoa dela dio Escuderrek. «Hemen inork hizkuntza bat ez badaki, hizkuntza hori katalana da, hemen ez duzu gaztelaniaz ez dakien zazpi urtetik gorako inor topatuko». Europako Kontseiluko adituen 2007ko txosten batek dioenez, hizkuntza murgiltze sistemak bi hizkuntzen ezagutza sustatzen du, «eta ez dut uste Europako Kontseilua Generalitateak erosita zegoenik». Gainera, Estatu espainoleko Hezkuntza Ministerioaren beraren datuen arabera, selektibitate probetan Gaztelania irakasgaian laugarren notarik onena ikasle katalanek ateratzen dute.

 

Xerrem, hizkuntzaren bidez bizikidetza eta kulturartekotasuna sustatzeko

CAL erakundearen Xerrem integrazio proiektuak 10 urteko eskarmentua du. Jordi Esteban haren sortzaile eta arduraduna da.

Joan Sola hizkuntzalariaren hitzak erabiliz, katalanak hiru lazeria dituela dio: politikoa, linguistikoa eta soziala. Lehena, katalanaren erabilerak legedian gutxienez gaztelaniaren baldintza berdinak izan beharko lituzkeelako; bigarrena, katalan hiztun askok hainbat jatorrizko elementu galdu eta gaztelaniaren egituretara moldatzen dutelako beren hizketa, eta hirugarrena –Euskal Herrian ere ez da arrotza– Jordi Estebanek horrela azaldu duena: «Katalana ardura handiz irakasten da ikasgeletan, baina haurrek jolastokian gaztelaniaz egiten dute».

Errealitate horretatik abiatuta, pertsona bat bat berea ez den hizkuntza batera nola hurbiltzen den eta nola bere egiten duen ulertzeko ahalegina aztertu zuen, zenbait unibertsitate ikerketa baliatuta. Ez nola ikasten duen hainbat orduko eskoletara joanda, baizik eta nola ikasten duen hizkuntza horretako hiztunekin harremanetan. «Harreman esparru horretan, lortzen dudanean besteekin topo eginda naturaltasunez sentitzen dudana agertzea, ezagutzen dudana erraz deskribatzea, gogoratzen dudana gutxi gorabehera zehaztasunez kontatzea, egiten dakidana edo nola jokatzen dudan azaltzea, zerbaiten gainean iritzia ematea... baliatu dudan hizkuntza hori nirea ere badela esan dezaket. Eta nik maite izango dut baliagarri izan dudan tresna gisa».

“Berriketan egin dezagun” esan nahi duen egitasmo horrek, hainbat katalan hiztun boluntariorekin eta katalanera hurbildu nahi duten lagunekin osatutako taldeak antolatzen ditu. Astez aste, gune sozialetan, eta ez ikasgeletan, egiten dituzte topaketak: ateneo batean, parrokia batean, gizarte etxe batean… Hierarkiarik gabe, talde horietan eguneroko bizitzako kontuez hitz egiteko elkar topatzen duten pertsonak daude. Gonbita egiten dute, ez derrigorrezko ezer.

Uneotan 120 talde dituzte, eta 200 boluntario. Urtero 1.000 lagunek hartzen dute parte. Estebanek horrelako 6.000 talde nahi ditu, eta milaka boluntario. Hiru profil daude: katalanez ezer ere ez dakitenak, ulertu bai baina inoiz hitz egin ez dutenak eta pixka bat hitz egiten dakitenak. Taldeak oso heterogeneoak dira.

Egitasmo horretan parte hartzen dutenek zenbait onura izango dituzte: «Ateak zabalik topatzen dituzte, topaketa hauek ez baitira hizkuntza bakarrik, hizkuntza bitartekoa baita, giza komunikazio eta ahalduntze guneak dira, autoestimu apala gainditzekoak, elkarrizketarakoak, beste kulturak eta ikusmoldeak ezagutu eta onartzeko guneak». Bestelako Katalunia bat azaleratzen da topaketotan, «Antena 3 edo Telecinco bakarrik ikusten duenak ezagutzen ez dituen erreferentziak». Eta aldi berean beste herrialde batzuetako erreferentziak jasotzen dituzte partaideek. «Gure herrian gizarte kohesioa emendatu nahi dugu, interkulturalitatea handitu, ghettoak saihestu, harremanak, bizikidetza, parte hartzea, konpromisoa... sustatu. Abuztuaren 17ko Bartzelonako atentatu larriaren ondoren argi ikusi zen hemen immigranteekiko pentsaera kaleko segurtasuna bilatu besterik nahi ez dutenen ezberdina dela; integrazioa eta elkar ezagutza bilatzen dira, zailtasunak gorabehera», dio Estebanek.