ENERITZ DUESO

SUNS EUROPE, HIZKUNTZA GUTXITUEN KANTU LEHIAKETA

Hizkuntza gutxituen kantu lehiaketa. Esaldi hori irakurrita, eta aurreiritziren bat edo beste tarteko, ez litzateke zaila zerbait xumea imajinatzea, «gutxitu» hitzak berak dakarren konplexuagatik edo. Horrela gertatu zitzaien La Basu euskal rap abeslariari eta bere kideei gonbidapena jaso zutenean. Laster ohartu ziren antzoki «erraldoi eta eder batean» jotzeko gonbidapena jaso zutela eta estilo zein jatorri anitzeko taldeekin partekatuko zutela taula.

Eurovisionen oso antzeko funtzionamendua du, baina, bestelako helburuak: Suns Europe proiektuak Europako hizkuntza gutxituen artean zubi izan nahi du, hizkuntzotan egindako sorkuntza aldarrikatzearekin batera. Udinen ospatzen da, Italiako ipar-ekialdean, non friulera hitz egiten den. “Suns” horrek “soinuak” esan nahi du friuleraz, nahiz jaialdian literaturak eta zinemak ere beren txokoa izaten duten, neurri txikiagoan.

Aurtengoa hirugarren edizioa izan da. Hala ere, ez da izatez berria festibala, duela hamar urte sortu baitzen, hasiera batean, «Mediterraneotik gertuago dauden hizkuntza gutxituak batzeko ahalegin gisa», Leo Virgili jaialdiaren arte zuzendariaren hitzetan. «2015etik, aldiz, Europa mailako jaialdi handia da, eta handitzen segitzen du». Abenduaren 2an, larunbatarekin, iluntzeko bederatziak aldera, goraino bete zen Teatro Nuovo Giovanni da Udine (konparazio bat egitearren, Donostiako Victoria Eugeniaren antzeko antzoki bat, baina arkitektura modernoa duena). Bi egun lehenago 1.200 sarrerak agortuta zeuden.

Gaualdia hasi eta berehala atera ziren taula gainera jaialdiaren aurkezleak: Natalie Forma Fella eta Michele Polo, biak aktoreak eta umorearen maitaleak. Hala, ikusleen irribarre artean, jaialdiko lehen taldeari ongietorria egin zioten: Adwaith taldeari, hain zuzen, Galesko hizkuntzan aritzen den post-punk hirukotea. Adwaithen lana ez zen erraza izan, jaialdia irekitzeaz gain, halako lehiaketetan hain ohiko ez den musika estilo batean aritu baitziren. Baina ez zuten batere gaizki egin: emakumez osatutako taldeak “Lipstick Coch” (Ezpainetako gorria) izeneko post-punk kantu alaia ederki defendatzen jakin zuen. Letra sinplez (bi emakumeren arteko amodio kantu mozkortia), baina melodia eta ahots ederrarekin. Hori guztia, Galesen agian ohikoagoa den baina Udineko kaleetan ikustea arraroagoa den punk estetika deigarriarekin lagunduta.

Galiziar laukote bat etorri zen haien ondotik. Esposa. Bi sintetizadore, gitarra, bateria minimalista bat eta ahotsak. Pop dibertigarriko “Xardin interior” (Barne lorategia) kanta aurkeztu zuten. Irudi aberats eta koloretsuko letrak ezin hobekiago egin zuen musikarekin, nahiz eta, agian, ez zuten zorte handirik izan soinuarekin. Talde horrek Italia iparraldean beste taldeek baino egun batzuk gehiago zeramatzan, egonaldi artistiko batetik joan baitziren jaialdira. Zera zioten horri buruz: «Hau da guk nahiko genukeen Europa. Etxe batean izan gara urtebetetze bat ospatzen, eta bertan zen jende guztiak jo du pianoa, mundu guztiak ikasten du musika hemen!». Eta, kultura duten herriek, «mundu ikuskera zabalagoa dute», jaialdi honetan hizkuntzekin gertatzen den moduan.

Isa Zwart, Esposa taldearen ondoren taula gainera igo zen kantari gaztea (17 urte ditu), ez da berria lehiaketan eta telebistetako pantailetan. Herbehereetako prentsan pop izar gisa irudikatzen dute jada. Talentu lehiaketetan aritutakoa da eta behe-saxonieraz abesten du folk-pop komertziala. Komertziala eta hizkuntza gutxitua ez dira nahitaez etsai, beraz. Musikari talde handi batekin inguratuta igo zen agertoki gainera, eta, “Mamme See” (Amak esan zidan) kantuaren letra xalo samarra bada ere, ikusleak asko animatu zituela esan beharra dago.

Kontraste handia izan zen Isa Zwarten pop sinplearen eta ondoko taldearen rock-and-roll landuaren artean. Ebel Elektrik bretoiak dira eta musikari birtuoso gisa sailka litezke. Beren kasuak argi erakusten du hizkuntza gutxitu bakoitzak errealitate propioa bizi duela: soilik abeslariak menderatzen du hizkuntza taldekideen artean. Hala ere, Mathieu Scilianok, hizkuntza bretoiaren ordezkari izandako epaileak, itxaropentsu aipatu zuen Bretainian «iraultza txiki» bat gertatzen ari dela gazte sortzaileen artean: «Sare handi bat sortzen ari da artista gazteen artean. Inoiz ez bezalako egoera bizitzen ari gara».

Tumasch È bakarlaria, erromantxeraz

Tumasch È izen artistikoa duen Thomas Cathomen bakarlaria erromantxeraz aritzen da, baina eleaniztuna da eta munduan zehar asko ibilia. Suitzako Grisonia kantonamendukoa da eta batez ere Suitza eta Mexiko artean bizi izan da. Bere emanaldia liluragarria izan zen eta sinpletasuna dotoreziaren sinonimo erakutsi zuen. Charangoarekin hasi zuen bere “Jeu sai buc” (Ez dakit zer den nahi dudana), letra existentzialista baina errazeko kantua. Charangoa, bost soka bikoitz izan ohi dituen eta atzealde konbexua duen gitarra txikia da; munduko txoko askotan erabiltzen den arren, Cathomenek Mexikon deskubritu zuen. Ados izan ziren ikusle eta epaileak «atmosfera berezi eta hunkigarria» sortzea lortu zuela esatean. Bakarlaria izanik ere, Udineko agertoki handia bete egin zuen.

Euskaldunen txanda etorri zen ondotik, baina ez ziren izan euskaldunak taula gainera igotzen bakarrak: La Basu eta bere ohiko kideekin batera (Alazne korista eta DJ Ibai), friulitar musikariz osatutako banda bat aritu zen.

Rap abeslariaren emanaldiak aurreko kantuekiko haustura ekarri zuen, ordura arte folketik eta rocketik gertuago zeuden taldeek jo baitzuten. “Ni naiz izotz erregina” kantuaz, zeinak La Basuren disko argitaratu berriari izena ematen dion, hamarkada ezberdinetako rapa eta bestelako estiloak nahastu zituzten.

Lehiaketan jotzen azkena Franco Giordani friulitarra izan zen, ziurrenik lehiaketako parte hartzailerik helduena. “Revelli” kantu ederra jo zuen, izen bereko futbolari friulitarraren bizitzari eskainitako kantua, kantautore estiloan, baina bere taldeaz lagunduta.

Kontzertua une hartan bukatu ez bazen ere, lehiatzekoak ziren talde guztiak agertokitik igaroak zirenez, aurkezleek gonbita luzatu zieten ikusleei beren talderik gogokoena bozka zezaten, eta, bitartean, epaileek beren botoak erabakitzera alde egin zuten.

Beste hiru musika emanaldi ere izan ziren lehiaketaz kanpo: Herrialde Katalanetako Joana Gomila Folk taldearena (Balear uharteetakoak dira zehazki), Gruff Rhys bakarlari galestarrarena eta Errusiako Buriatia errepublika autonomoko Namgar taldearena. Azken biak hasieratik aurreikusitako gonbidatuak ziren; Joana Gomilaren proiektua, berriz, lehiaketan parte hartzekoa zen hasiera batean, baina, azkenean, epaituak ez izateko eskaera egin zuen taldeak.

Kataluniarekin elkartasuna

Ikusleek beren botoa eman eta antzokiko pantailan “No esteu sols” azaldu zen idatzita, hau da, “Ez zaudete bakarrik” katalanez, xingola horiarekin lagunduta, ikusleen txaloen artean. «Zein da gehiengoak hitz egiten duen hizkuntzaren eta hizkuntza gutxitu baten arteko ezberdintasuna?», galdetu zion Natalie Norma Fella aurkezleak Michele Polori. Eta hark, ihardetsi: «Gehiengoaren hizkuntzak armada dauka, guk artearekin erantzuten dugu».

Geroago, Carlo Puppo Informazione Friulanaren –jaialdiaren antolatzaile den Radio Onde Furlane irratiaren argitaratzailea– zuzendariak honela azaldu zuen kataluniar herriari egindako keinua: «Mezu hau igorri nahi genion kataluniar herriari; arte jaialdi bat gara, baina ez ditugu behin ere ahazten europar herritarren eskubide sozial eta linguistikoak».

Balear uharteetako musika tradizionala du oinarri, ahots gozo eta jazz ukituz lagunduta, Joana Gomila Folk Souvenir proiektuak. “Al·lotes colliu” (Neskatxok, bildu ezazue uzta) kantu zahar baten grabazioarekin hasi zuten saioa eta zati errezitatu batekin jarraitu zuten, hain zuzen, Rafael Ginardek Mallorcako herri kantutegian herri musikaz egiten duen azalpenarekin. Tartean honakoa dio: «Folklorea ez da entzun edo ikusteko. Bizi egin behar da».

Haien ostean, mundu mailan ezaguna den Gruff Rhys artista polifazetikoak hartu zuen mikrofonoa. Kantautorea, idazlea, zinegilea… Super Furry Animals taldeko kide ere bada. Bere azken kolaborazioa Gorillaz talde entzutetsuarekin egin du. Umorea darabil maiz eta Brexitaren kontrako kantuak ere idatzi ditu galestarrak. 2017ko Suns jaialdiko gonbidatu berezietako bat izan da Gruff Rhys eta bere ibilbide artistikoari emandako saria jaso zuen, Lorenzo Fabro Arlef elkartearen zuzendariaren eskutik.

Europaz kanpoko gonbidatuak ere izan ziren Udineko ekitaldian; Mendebaldeko belarrientzat, musika exotikoena eskaini zutenak. Namgar Lkhasaranova da Namgar taldeko abeslaria, eta eztarri kantua kantu modernoarekin nahasten du; musu gitarra jotzen du, baita yatag-a ere, salterioaren edo euskal ttun-ttunaren antza duen mongoliar harpa. Beste bi kiderekin aritu zen, batak chanza (gitarraren antzeko instrumentu tradizionala) eta besteak gitarra elektrikoa jo zuten.

Azken irabazlea: Tumasch È

Musikari guztiek jo ostean atera ginen epaimahaikide eta musikari guztiak agertokira, botoen emaitzak aditzera emateko. Lehen pertsonan hitz egiten dut orain, duela bi urteko lehenengo jaialdi hartan Kasernarat taldearekin jo nuelako, eta aurtengo jaialdira Eneritz Furyak bakarlari gisa gonbidatua izan nintzelako, euskara ordezkatuko zuen epaile izateko.

Epaile guztiok geure botoa eman genuen, bakoitzak geure hizkuntzan. Azkenean, Isa Zwart gazteak izan zituen ikusleen boto gehien, Tumasch È abeslariarekiko alde txikiarekin. Baina ikusleen eta epaileen botoak batu ostean, honakoa izan zen azken sailkapena: Tumasch È, lehena; La Basu, bigarrena, eta Ebel Elektrik, hirugarrena. Leo Virgili jaialdiaren zuzendari artistikoaren arabera, irabazlea Thomas Ctahomen erromantxerako bakarlaria izan bazen, «jaialdiaren zentzua hoberen ulertu zuena» izan zelako izan zen. Irabazlea pozik agertu zen. Bere hitzetan, «niretzat musika ez da lehia, baina asko eskertzen dut hemen egon izana».

Udineko jaialdia Arlef agentziak eta Radio Onde Furlane bezalako beste erakunde batzuek antolatzen dute (gonbidatutako hizkuntzen beste instituzio batzuekin elkarlanean, Etxepare Institutua kasu). Tartean izan zen Telefriuli ere, zuzeneko emankizuna egiten. Youtuben topa daiteke jaialdi osoa.

Hizkuntza eta kultura zapalduen aldeko lana agerikoa bada ere, Suns Europe jaialdian, inplizituki, esan liteke ere, emakumeak oholtza gainean izatea ziurtatu zela, musikan oraindik hain ohikoa ez den beharrezko saiakera eginaz. Hori ere nabarmentzekoa, zalantzarik gabe.

Mandi (“agur bero bat” friuleraz) eta datorren urtera arte!