Juan M. Sansinenea
Genozidioaren Biktimen Elkarteko kidea

80 urte beranduago

Aurten 80 urte bete dira militarrekin eta Espainiako eskuin muturrekin konposaturiko talde batek estatu kolpe bat eman zuenetik. Talde horrek Espainiako Eliza katolikoaren laguntza ideologikoa izan zuen kolpe hori legitimatzeko orduan eta Alemania naziaren eta Italia faxistaren laguntza masiboa ere bai.

Estatu kolpe horrek ez zuen lortu hasieran espero zuten arrakasta azkarra eta ia hiru urte iraun zuen gerra odoltsu eta krudel bat hasi zen. Behin gerra hau bukatu eta gero ez ziren amaitu gure herriaren su­frimendua eta oinazeak, frankismoak mendekuan eta etsai ideologikoaren sarraskian oinarritutako eta 40 urtez luzatu zen erregimen bat inposatu zuen. Gure herriak sufritu zituen ondorioak oso larriak izan ziren: gerra garaian ezagutu genituen fusilamenduek jarraitu zuten, kartzelak euskal herritar berriekin bete ziren, erbestera bultzatutako pertsonak mundutik zehar sakabanatu ziren, horien artean umeen talde garrantzitsu bat. Errepresalia ekonomikoek eta lan munduan frankismoak inposatu zituen zigorrek herritar askoren bizitza betirako aldat­u zuten: desjabetzeak, lan behartuen inposizioa, lanpostuetako egozketak batez ere administr­azio publikoaren alorrean, eta abar. Baina frankismoaren jazarpena ez zen aspektu materialetan gelditu, gai ideologikoetan ere sakon eta gogor aritu zen, Espainia hautsezin eta inperial kontzeptuekin bateraezina zen edozein gauzaren aurka joanez. Euskara eta euskal kultura izan ziren adibide batzuk.

Diktadorearen heriotzarekin bukatu zen frankismo formala eta modu konbentzionalean “Trantsizioa” deitu den garaia hasi zen. Botere faktikoek, armadak batez ere, erregimen kriminal horretan ardurak izan zituzten guztien amnistia ziurtatu zuten. Francoren heriotza baino urte bat lehenago Portugalen izandako Krabelinen Iraultzak alarma guztiak piztu zituen erregimen frankistaren goi karguen artean eta antzeko zerbait Espainian gertatu ez zedin neurri guztiak hartu zituzten.

40 urtez gure herrian ezagutu genuen giza eskubideen etengabeko bortxaketan oinarrituta zegoen erregimenak, erantzun moduko, talde armatu baten indarkeria ekarri zuen. Eta honekin, antzeko egoeretan izan diren kanpo herrialdeetan bezala, Estatutik sorturiko errepresioa etorri zen, legala batzuetan, ilegala (estatu terrorismoa, torturak, etab.) besteetan. Orain eta indarkeria irekiko garaia ustez bukatuta dagoenean, azken 80 urte hauetan gure herrian ezagutu dugun aro latz honen kontakizunean buru-belarri sartuta gaude. Kontakizunaren prozesua guztiz politizatua dagoenez, indarkeria bera noiztik kontuan hartu behar dugun, hori ere, hasierako data bera ere, kontakizunaren zati garrantzitsu bihurtu da. Zentzu horretan, indarkeria 1960tik aurrera, hau da ETAren sorreratik, kontatu nahi duen korronte boteretsu bat badago gure artean, modu horretan frankismo kriminalaren gainean berriro ahanzturaren oihal bat ipiniz. Eta ikuspuntu hori guztiz inposatu ez bada, bereziki oroimen historikoaren alorrean aritzen diren hainbat elkarteren lanari esker izan da.  Eta ikuspuntu ukatzailea, batzuek pentsatzen dutenaren kontra, ez da bilatu behar ideologia frankistaren gaur egungo jarraitzaileen artean bakarrik, hau da PP eta UPN alderdietan. Azken EAEko hauteskundeetako oso komentatua izan zen debate batean, Urkullu lehendakariak ezker abertzaleko hautagaiari zuzendutako «Hiltzea gaizki izan dela onartzea ea hain zaila zen» delako galdera entzun genion. Ez genion entzun, ordea, antzeko galderarik PPko lehendakarigaiari, Alfonso Alonsori, zuzenduta, frankismoak egindako krimenegatik. Negozioetako testuinguruetan erabili den formula erabiliz, batzuentzat krimen horiek «amortizatuak» edo «deskontatuak» daude jada. Baina, egun hauetan Nafarroako Gaztelu herriaren inguruan leize batean aurkitu dituzten sendi baten sei gorpuzkien inguruan norengana joan behar dugu erantzukizunen bila? Edo noizean behin hilobi berri bat aurkitzen denean? Krimen horiek benetan deskontatuak al daude? Edo beste moduan esanda, krimen horien atzetik zegoen ideologia benetan desagertua al dago gaur?

Frankismoa eta bere ondorioak herri honetan inongo konparaziorik onartzen ez duen eta bizi izan dugun indarkeria garairik latzena izan da, eta hori kontuan hartu gabe ezin izango diegu gure mamuei aurre egin eta gure etorkizuneko elkarbizitza oinarri sendoetan eraiki. Horregatik hilabete honetan eta gure historia ilun horren gainean argia botatzeko, Donostiako Koldo Mitxelenan “1936ko estatu kolpetik 80 urte beranduago. Frankismoak eta bere ondorioak” izeneko jardunaldiak antolatu ditugu.

Search