Joxe Manuel Oiarzabal

Abandonatzen bada, galtzen da

Naparraren oroimena urtez urte Lizartzako parajeetan gordetzeko ahaleginean aritu garenontzat azkenaldian jaso ditugun berriak  deskribatzea ere zaila suertatzen den arren, poza eragin dute beste hainbat sentimendurekin batera.

Familia eta lagunarte baten bizi guztiko borrokak argia ikusi du orain –Naparra non dagoen galdezka aritu gara hamarkada luzeetan– eta orain, antza, Estatuak eta bere aparatuek agindu dute Naparra bilatzeko.

Baina ez dezagun ahantz nork jarri duen ebidentzia, beste behin. Estatuak eta bere aparatuek ez dute Naparra bilatzeko eskatzeko –Auzitegi Nazionalaren bidez– beste erremediorik ikusi. Eta orain galdera: eta orain zergatik bai? Eta orain arte zergatik ez? Erantzun zuek lagunok.

Hamarkada luze hauetan, bakarrik egon gara, ezker abertzalearekin batera, Naparra non zegoen galdezka... eta orain ziur gaude bat baino gehiago bere butakan ezeroso sentitzeko tenorean aurkitu denean ba mugitzen hasiko dela... guk beti izan dugu argi zer egin zuten Naparrarekin; zoritxarrez, herri honen askatasunaren alde borroka egin duten disidente politiko askoren aurka erabilitako estatu biolentziaren logika perbertsoak ondo esplikatuko du, beste behin, Naparrarekin gertatu zena, sekuentzia hori –Jaurlaritzak berak onartzen ez dituen hainbat biktima tarteko– nahikoa gordin bizi izan dugu euskaldunok historia garaikidean.

Baina, senide eta lagunek eskatzen genuena beste zerbait zen: esaguzue zer egin zenuten Naparrarekin eta esaguzue non utzi zenuten odolustuta. Eta orain, konfidentzia gisan etorri dira indizioak... eta badoa Espainiako justizia korrika eta presaka orain arte egin ez dituen etxeko lanak egitera. Oso argigarria, ezta!

Herri honek errelato oso eta bateratzailea behar du; partziala eta interes politiko oso zehatzen mendekoa denean, biktima batzuk ahaztu eta beste batzuk goratzen direnean, justizia egin ordez injustizia gertatzen ari da eta horrek ez gaitu bizikidetzara gerturatzen; horretarako jakin behar da Naparra non dagoen eta zer egin zuten berarekin eta nortzuek egin zuten. Errelato oso horrek bateratzailea izan behar du, ezin ditu batzuk ahaztu. Bestela justizia hori injustizia bihurtzen baita; ez zuen alferrik Bakunin ezizena hartu Naparrak, justizia sozialaren aitapontekoarena, alegia.

Search