Joseba Garmendia
UPV-EHUko irakaslea

Ahalbideen gain bizi gara

Pobreak eta aberatsak txanpon berdinaren bi aldeak dira. Baten ezagutzan sakontzeak, bestea ezagutu gabe, okerrak diren eta egoera ez bidezkoen legitimaziorako erabiltzen diren asmakerien hedapen kaltegarria elikatzen du

Galdera bati erantzuteko balitz, termino planetario, erlatibo eta batez bestekoetan begiratuta aukeren gainetik bizi gara, noski. Mundu ekonomiaren zentroan bizi garen 900 milioi pertsona inguruk daramagun bizi eta kontsumo moldea gizateriako 7.300 milioi pertsonek jarraituko balute, bi edota sei planeta beharko genituzke, erreferentziatzat Euskal Herria edo Ameriketako Estatu Batuetako kontsumo ereduak hartuz gero (Ihobe, Nafarroako Gobernua eta Global Footprint Network iturrien arabera). Desazkundea, aztarna ekologikoa, ekonomiaren desmaterializazioa, eredu energetikoaren aldaketa, ekonomia zirkularra edota hondakinen birziklatzearen inguruko hausnarketa eta proposamen guztiak bide beretik doaz. Duela berrehun urte mila milioi pertsona ginen. Duela ehun urte 1.800 milioi. Azken 50 urteotan bikoiztu egin da populazioa. Planeta agortu ez bada munduko periferiaren kontsumo urriarengatik da. Dena den, orokorrean eta batez bestekoetan aritzea, zorrotza ez izateaz gain, erabat injustua da hainbat kasutan.


Krisiak eztanda egin zuenean, duela jada bederatzi urte luze, politikari, ekonomialari, komunikabide edo norbanakoen ahotan «gure aukeren gainetik bizi izan gara», «hemen denok espekulatu dugu» eta antzeko baieztapenak entzutea ohikoa zen. Krisiaren jatorria eta arduradunak diluitzeko modua zen. Ez da teknika berria. Antzekoa da «denok iruzurra egin izan dugu noizbait» esaldi klixea, berdinak bailiran iturginari BEZa ez ordaintzea eta Nafarroako Ogasunari iruzurraren bidez 441.145 € ez ordaintzea (zigortua izan den azken enpresariaren kasua). Neokapitalismoaren aldekoek «denok kapitalistak gara» zioten, zer eta edonork akzio bat edo beste duelako. Urari lixiba deitzea bezala, lixiba ttanttaren bat duenean.


Goiko baieztapen hedatuak ukatzeko datu batzuk bazeuden, ordea. Esan zitekeen langileen erdiek hilero 1.526 € baino gutxiago irabazten zutela Nafarroa Garaian 2008. urtean, edo hiru laurdenek 2.126 € baino gutxiago; eta soilik langileen %10ek irabazten zutela 2.702 € baino gehiago. Hortaz, ahalbideen gain bizi ahal zutenak gutxi batzuk baino ez ziren. Subjektiboa da ezartzea non dagoen kontsumo apetatsu edo luxuzkoa ahalbidetzen duen muga. Suposatzen badugu batez besteko soldata izan zitekeela muga, 1.667 € alegia, soldatapekoen ia bi herenek oso zaila zuten beren ahalbidez gain bizi ahal izatea. Are gutxiago, 645 € baino gutxiago eskuratzen zuen langileriaren %10ak edo 1.103 € azpitik irabazten zuen langileriaren laurdenak. Argi ikus daiteke injustua dela oso, batez bestekoen termino orokorretan aritzea.


Norbaitek esan dezake, arrazoi osoz, zorpetzearen bidez lortzen zela muga horiek gainditzea. Krisiaren atarira familia ugari zorpetuta iritsi bazen ere, hiru apunte egin behar zaizkio gai honi: lehena, zorpetze horren arrazoi nagusia burbuilak eragindako etxebizitzaren garestitzean datza, eta ezin ahaztu etxebizitza oinarrizko premia asetzeko dela. Bigarrena, Estatuko kontabilitatea hartzen badugu, 1999-2008 bitartean oso nabarmena da sektore pribatuaren zorpetzea; baina honen barnean familien zorpetzea enpresa ez finantzarioena baino txikiagoa izan da. Familien zorra BPGean 40 puntu igo bada, enpresen zorra 90 puntu igo baita. Hirugarrena, eta argigarriena, eraikuntzaren inguruko enpresen berankortasuna edo morositatea %32 inguruan kokatu zen iaz. Gainerako enpresena, bankuak eta seguruak kanpo, %13an eta familiena %5ean. Aukera gainetik gehiengo batek ezin zuen bizi, eta gehiegizko zorpetzea ezin esan orokortu denik, berankortasun apalena familiek dutenean.


Aipatu sinesmen horiek gezurtatzeko aukera eskaintzen digu Gasteizeko Udalak azaroan argitaratu duen etxebizitza parkearen inguruko txostenak ere. Bertan, aurkiezinak diren datu interesgarri batzuk azaltzen dira, esate baterako, nolakoa den etxebizitzan jabegoaren banaketa. Eman ditzagun datu batzuk. Familia egoiliarren %19k ez du etxebizitzarik jabegoan. Aldiz, etxebizitzaren jabe diren 86.133 familia daude. Zehazki, 96.297 etxebizitzen jabe. Familia unitate horien %74k etxebizitza bakarra edo gutxiago dauka. Etxebizitza bat eta biren artean %16k. Eta familia unitateen %9,8k bi etxebizitza baino gehiago. Azken multzo honek familien esku dauden etxebizitza guztien %20,44 bereganatzen du, eta etxebizitza multzo osoaren katastro-balioaren %42. Zehatzago, ia mila familiek hiruna etxebizitza dute; 340 familiek launa; 186 familiek bost eta hamar etxebizitza artean eta 36 familiek hamar etxebizitza baino gehiago. Txostenak berak adierazten du jabeen klase batez hitz egin daitekeela. Datu hauek krisiaren hasieran izan bagenitu argi eta garbi adieraziko genukeen espekulatu, eskuzabalak izanda, populazioaren %10era iristen ez den talde batek baino ezin izan zuela egin. Hortaz, argi errefusa daiteke norbanakoek etxebizitzarekin espekulatzea oso zabaldua zegoenik. Beste kontu bat da eraikuntza inguruko enpresak eta bankuak.


Zailak dira aberastasunaren eta errentaren banaketa pertsonala erakusten dituzten datuak aurkitzea. Egia da gero eta txosten hobeak daudela pobreziaren inguruan. Urriak dira, ordea, argazki osoa xehetasun maila berdinarekin ematen digutenak. Adibidez, 1980ko hamarkadako foru aldundietako txostenen falta sumatzen da, bertan errenta banaketa pertsonala eta errenta iturriaren araberakoa herrika aztertzen baitzen. Datu horiek badaude. Baina errenta mailaren goiko partean zer gertatzen den nekez azaleratu daiteke. Benetako botere ekonomikoa biltzen den gutxiengo horretan nolako errealitateak gordetzen diren ez baita erraza aztertzea. Ñabardura bat: ospetsu bilakatu den %1 horrek ez du irudikatzen botere ekonomiko, finantzario eta mediatikoaren benetako gunea. Multzoa askoz ere murritzagoa da. Nafarroa Garaian, esaterako, online eskuragarri dagoen 2009ko Ricardo Feliu-ren “La distribución social del poder: la élite navarra en el cambio de siglo (1999–2004)” izeneko tesian 105 pertsona identifikatzen dira elite ekonomikoaren multzoan, %1a osatzen duen 6.406 kopurua baino are txikiagoa.

Esne-mamitan bizi direnen oparotasuna ezkutatu ohi da. Soldaten egiturari edo errenta banaketari buruzko estatistika ofizialak egiten direnean, zehaztasun maila ez da iristen eliteen multzo ñimiño hauek aztertzera. Arrazoi ezberdinengatik. Datu administratiboak daudenean ez dira argitaratzen, interesik ez dagoelako edota Datuen Babeserako 15/1999 Lege Organikoak ahalbidetzen ez duelako. Arlo honetan Norvegiatik arras urrun gaude. Bertan, urtero Gobernuak biztanle guztien soldatak, aberastasun eta ordaindutako zergen kopuruak eskuragarri jartzen ditu, gardenki inolako sekreturik gabe. Ironikoak izanda, gardentasun neurri horrek ekonomia neoklasikoaren zutabeetako bat den informazio perfektuaren suposizioa posible bihurtuko luke.


Bestalde, inkesten bidez biltzen denean informazioa, aztertu nahi dugun errealitatea erakutsiko liguken desagregazio maila ezinezkoa da eskuratzea, 100 unitate baino gutxiagoko taldeak estatistikoki adierazgarriak ez direlako, errore maila handitzearen ondorioz. Beste batzuetan, inkestak diseinatzen direnean goiko errenta maila neurtzeko galderak tarte zabaleko erantzunak bil ditzake. Adibidez, Familia Aurrekontuen inkestan, errentaz galdetzen denean, maila altuena 108.000 €-tik gora zehazten da. Kopuru horretatik gora, ordea, sekulako ezberdintasunak daude. Hori argi ikus dezakegu Comisión Nacional del Mercado de Valores-en web orrian sartzen bagara. Bertan, adibidez BBVA, CAF, Cementos Portland, Iberdrola edo Viscofan bezalako enpresen Gobernu Korporatiboaren atalean, Kontseilarien ordainsariak begiratzen baditugu 4.920.000, 443.000, 287.000, 9.509.000 edota 994.000 €-ko soldatak aurkituko ditugu.


Pobreak eta aberatsak txanpon berdinaren bi aldeak dira, banaketaren desparekotasunaren bi aldeak. Baten ezagutzan sakontzeak, bestea ezagutu gabe, okerrak diren eta egoera ez bidezkoen legitimaziorako erabiltzen diren asmakerien hedapen kaltegarria elikatzen du.

Search