Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera
Aralar

Ara es l´hora

Eredugarria eta Ilusionagarria izaten ari da. Eta hala jarrai dezala espero dugu! Ilusionagarria gehiengo politikoak, Govern-ak eta Parlament-ak herritarren, gizartearen gehiengoaren eskariaren esanetara jarri duelako bere jarduna. Ohikoa izan beharko litzatekeena lehendabizikoz errealitate bilakatu da etorkizunaren atarian. Herritarren borondatea muga, egiazko kultura politiko demokratikoaren, eta ilusio eta itxaropenaren lehen zantzuen aurrean gaude. Politikaren garaiei ate joka ari dira herritarrak.

2006tik gaurdaino, urratsez urrats eraikitzen joan den herri baten auto eraketa prozesua da Kataluniakoa. Helburu bakarrarekin: Kataluniako herriaren etorkizuna erabakitzea, demokraziaren oinarrizko printzipioa tresna hartuta, erabakitze eskubidea, alegia. Mahai gainean jarri dituzte erabaki eskubidea errealitate bilakatzeko gakoak, funtsezkoak diren bi osagai:

    -Gizarte Zibilaren Protagonismoa. Erakunde eta alderdi politikoen gainetik. Hau da, giltza herritarrak dute.

    -Indar Metaketa. Erabaki eskubidearen alde ahalik eta atxikimendu gehien lortzearen beharra. Masa kritikoaren beharra. Aniztasunean oinarrituta. Ideologiak gaindituz printzipio demokratiko baten inguruan: erabakitzeko  eskubidea.

Arestian esan bezala, 2006an erditze luze baten ondoren, Kataluniako Estatut kamustuari bide berdea ematen zitzaion Espainiako Gorteetan, Parlament-aren gehiengoari muzin eginez, Zapatero eta Masen arteko sasi akordio baten ondorioz. Ordutik hona, makina bat euri egin du, baina azpimarratzekoa da independentismoak irabazitako argudio eta ondorioz gora egin duela nabarmen; Assemblea Nacional Catalanak eginiko lanari esker, besteak beste. Eta aldi berean, eta hau ere azpimarratu beharra dago, Espainiako estatuaren eta erregimeneko alderdien estrategia anker, antidemokratiko eta ahulari esker. Etengabe ukazioaren eta inposizioaren eskenatokian kokatuz. Legalitatearen izenean, Konstituzioaren izenean. Pertsonen eskubideak eta printzipio demokratikoak alboratze ari dira. Izan ere, legeek zilegitasun osoa galtzen dute bidegabe bilakatzen direnean eta herritarren eta gizartearen eskubide eta borondateak ahanzten dituztenean.

Masek jakin du momentu politikoaren mailan kokatzea. Eta hasieran ekindako sasi-akordioen bidea alboratu eta herritarren eskutik ibiltzen hasi da, nahiz eta bidea malkartsuagoa izan. Jakin izan du, nahiz eta herritarrek bidea oso hertsia ezarri, Kataluniako gizartearen gehiengoari erantzuten. Orain berriro Estatua erasoan datorkio, Fiskaltzaren eskutik. Azaroaren 9an egindako erreferenduma dela eta desobedientzia, prebarikazioa eta bitartekoen eskuratzea leporatzen diote. ‘Marca España’. Herritarrei, gizarteari galdetzea delitua da? Prebarikazioa?

Rajoy eta Konstituzioaren erreforma ezer ez aldatzeko aldatu nahi duten erregimeneko alderdiak  jarri dira buru-belarri lanean. Demokratizazioa oztopatu nahian bai edo bai. Baina dagoeneko Katalunia abian da, dagoeneko herri bat abian da eta ez dago geratzerik. Badoa! Goazen euskal herritarrok ere, elkartasunetik eta errespetuz, bidelagun izatera. Gure bidea propioari ekitera.

Search