Unai Urruzuno
EH Bilduko bozeramailea

EAJk aurrekontuetan kale

Aldaketa sakonen garaia izaten ari da nazioartean zein Euskal Herrian. Estatu espainola, bere aldagai propioekin, ez da salbuespena abagune horretan. Erabakitze eskubidearen aldeko indarrok estrategia komuna abiaraztea, une historiko honi erantzuteko modurik egokiena dela uste dugu EH Bildun. Egoerak eskatzen duen tamainan jokatzea, alegia. Norabide horretan eragitea izan du xede EH Bilduk, 2015erako EAEko Aurrekontuetan. Hori delako besteak beste murrizketa sozialik gabeko aurrekontua erdiesteko modu bakarra.

Izan ere, abiapuntu okerra da askotan entzun behar izan dugun “lehenik ekonomia eta gainontzekoa gero”, zenbait alorretan ezin erabakitzeak, ondorio zuzen eta kaltegarriak dakarzkigula jakin badakigunean. Batez ere, eremu sozio-ekonomikoan.

Urkullu Lehendakaria, Estatu espainoleko agintariengan noizbait borondate ona gailenduko delakoan tematua dago eta “itxarotea” egin du bere estrategiaren ardatz. Estatuari aldiz, dituen egiturazko gabeziak tarteko, gero eta zailago zaio Euskal Herriarekin “esker oneko” izatea. Horregatik, ez da harritzekoa une honetan 1.000 milioi inguru bahituta izatea, Kupoari dagokionean. Gure industriari babesa emateko edo kalitatezko enplegua suspertzeko guztiz beharrezkoa den dirutza, alegia. Eta ez da harritzekoa zorpetzeko aukera guk erabat mugatuta izatea, bertako beharrizanen arabera baino Estatuko unean uneko konponkerien arabera erabakitzen dena. Eta ez da harritzekoa, zoritxarrez, erabakigarria den beste arloan EAJk egin duen hautua, PSE eta PPrekin batera, kontra-erreforma fiskala indarrean jartzeko, Gipuzkoan abian den zerga politikaren norabide aldaketa erabat zapuzteko. Izan ere, politika publikoak baliabide gehiagoz hornitzea beharrezkoa izango da, milaka herritar pairatzen ari diren egoerari behar bezalako erantzuna eman nahi badiogu. Beste era batera esanda; ez dago krisia gainditzerik erabaki burujabeak hartu ezean. Egoerak, ausartak izatera behartzen gaitu, bide berriak miatzera, gauza berriak egitera, emaitza berriak lortzeko.

EH Bilduk eredu ekonomiko propioa du eta guztiz bestelakoak diren aurrekontuak aurkeztuko lituzke Gobernuan egokituz gero.  Baina ez dugu gure eredua bere osotasunean, modu integralean ezarri nahi izan aurrekontuen negoziaziorako, Urkulluren gobernuarentzat oztopo gaindiezina izan ez zedin. EAJri eskaini dioguna akordiorako prestutasuna izan da, aurkeztu dituzten aurrekontuen ondorioz gaizkien pasatzen ari diren milaka pertsonek ondorio lazgarririk izan ez dezaten, gure herrian pertsona bakar bat ere ez sufritzen ikustea gure erantzukizuna ere badelako. Gizarte Larrialdietako Laguntzak eta  Kontziliaziorako laguntzak handitzea, pobrezian bizi eta egun gure gizarte babes sistematik kanpo dauden 80.000 pertsona ingurura heltzeko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) zabaltzea, Hezkuntza arloan lan baldintza duinak eta ordezkapenak bermatzea, edo Osasun arloan lanerako eskaintza publiko zabala eta zerbitzuen pribatizazioa ekiditea edo EAEko eskualdetan oinarritzen den Tokiko Garapena sustatzeko, gazteen laneratzeko benetako estrategia martxan jartzeko eta enpresen ehuna trinkotzeko inbertsio-funtsa abian jartzea gure lehentasun batzuk izan dira, zuzenketen bidez defendatu ditugunak. Guk argi dugu non dagoen gure marra gorria: Osasunean, Hezkuntzan eta Gizarte politiketan murrizketarik ez.

EH Bilduren proposamena 10.638 milioiko aurrekontu osotik %5a mugitzea izan da. Neurri zehatzekin, errealistak eta egingarriak, borondate politikoa egon izanez gero zinez planteamendu eskuragarria. Baina Sabin Etxeak ez du nahi izan, alde batetik ez gaituelako  proposamenen eta irtenbideen atalean ikusi nahi eta, bestetik, PSErekin akordioa oso merke ateratzen zaiolako bai ekonomikoki, bai politikoki. Ortuzarren adierazpenak, jeltzaleen aldetik, EH Bildurekin liskarra irudikatzeko ahaleginak zentzu horretan ulertu behar dira. PSErekin adostu duten akordioa negargarria bezain barregarria izango litzateke, herritarrek dituzten oinarrizko beharrez ariko ez bagina. Horrela, sasi-negoziazioan PSEri onartu dizkioten 35 milioi euroetatik erdia PSEren udalentzako, kutsu elektoralista hutsa duten proiektuentzat bideratuta daude. Portugaletek dituen bi futbol zelaientzat 1.000.000 euro; Langraitzeko herriarentzako lorategi botanikorako 400.000 euro; Erriberabeitiako igeritokiarentzat  100.000 euro, Real Unioneko 100 urteak ospatzeko beste 100.000 euro, eta horrela zerrenda luzea. Lotsagarria. Honetan gauzatu dira PSEk iragarri dituen lorpen sozialak.

Gizarteak abagune honetan behar dituen aurrekontu sozialagoak izateko beharrari uko egin diote. Beste behin, sistema kapitalista kupida gabeak eta Madrilen menpekotasunean, noraezean dakusagu EAJ. Berriz ere aukera galdua, hortaz. Norabide aldaketan lehendabiziko urratsak emateko aukera galtzen utzi du EAJk, nahiz eta jakin, ondo jakin ere, bide luze ekitea lehen urrats sendo batekin hasten dela. Bitartean tamalez, aurten, berriz ere, haur askok Olentzerori gutunik ezin bidali.

Search