Garikoitz Nazabal
Gipuzkoako EHNEko presidentea

Esnearen prezioa jaitsi eta Iparlat mozkinak banatzera?

Ez da erraza ulertzen esne sektorearen bueltan gertatzen ari dena azken urteetan.  Komunikabideetan oihartzunik izaten duten albisterik bada. Esne kuotaren desagerpenaren ondotik espainiar estatuan sorturiko kaosa esaterako entzutetsua izan zen, industria askoren gehiegikeriak tarteko etab. Beste batzuk ordea, isilago pasa ohi dira, gizarteari zer gertatzen den azaldu behar diogu.

Askotan entzun behar izaten dute euskal baserritarrek «krisi» honi hobeto eutsi diotela daukaten antolaketagatik, kooperatiba bat atzetik industriaren gehingoaren jabe dena, esaldi bati lotuta: «zuek ez kexatu, besteak nola dauden ikusita...».

Has gaitezen linternak pizten. Hasteko, arrazoia eman behar zaio «hobeto» esaten duenari, estatu mailan ikusi ditugun egoerak ikusita, baina gogorarazi «hobeto» eta «ondo» egotearen artean desberdintasuna dagoela. Gure inguruan baserri txikiak ditugu, lurralde menditsuan egiten dugu lan, eta senitartekoen laguntzari esker egin izan dugu aurrera. Motzean esanda, litroko kobratzen den prezioa nahikoa al da ditugun ekoizpen kostuak ikusita? Datuek ezetz diote. Beraz, «ondo» egotera iristeko, badakigu norantz jo.

Bestetik, eta gaurko gaian sakonduz, Iparlati heldu behar zaio. Teoriak dio ideala dela, baserritarrak kooperatiban antolatuta esne salmenta bateratua egiteko eta zikloa ixteko industriaren jabetza izatea. Teoriak eta praktikak aldea dute, ordea. Esan bezala, baserritarrena da industriaren gehiengoa (ez gehiengo osoa), eta Eusko Jaurlaritza, Caja Rural eta Laboral Kutxa akziodunak dira. Nola ulertzen da, esne prezioaren jaitsiera eta orain mozkinak banatzeko asmoa izatea? Logikak dio, enpresa bideragarri izanez, ahalik eta preziorik altuena baserritarrei esnearekin ordaintzea, nahiz eta banatzeko adinako irabazirik ez sortu. Badirudi ezetz.
Banaketa hau egitean, kooperatibak bere zatiaren arabera kobratuko du, baina nora joango da diru hori, baserritarrengana edo egiturak irentsiko du? Askotan gertatu moduan, gure gehiengoak eta jabetzak birtualak dira. Informazio gehiago iristen zaio jabe den baserritarrari zurrumurru bidez boletin informatibo bidez baino eta azkenean, aginpidea ez dago gure eskuetan, erabiliak gara.

Martxoaren 31n hartuko dute erabakia, irabaziak banatuko dituzte eta gainera inbertsioak egiteko beharko den dirua, finantza erakunde berberei erosi, ederra operazioa. Eta entzuten jarraituko dugu baserritarrei esnearen prezioa igotzea berriz «ezinezkoa, merkatuko prezioak zein diren ikusita». Ikusiko dugu, boletin serioagoen faltan dakigunarekin, gure aurreikuspenak betetzen diren. Nire hitzak jan beharko ote ditut? Nahiago nuke.

Search