Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Etorkizuna bestea suntsitzea denean

Harriduraz eta haserre irakurri dugu joan den ostegunean (urriak 12) Steilas sindikatuko hiru kidek, Sonia Perezek, Iban Albisuk eta Ana Perezek, haur eskolen inguruan GARA egunkarian idatzitako “Haurreskolak etorkizun bila” iritzi artikulua.

Azken bolada honetan askotan aditu eta irakurri ditugu Steilas sindikatuko kide batzuen iritziak Eskola Sistemaren inguruan; ez gaude ados egiten duten balorazio eta irakurketekin, baina denok libre gara, edo izan beharko genuke, nahi dugun bezala pentsatzeko eta iritzia emateko, nahiz eta kasu askotan horretarako besteei eraso egin, egia erdiak erabili edo gezur borobilak bota.

Eta halaxe ohituta gauzka sindikatu honek aspaldian. Hitz gutxitan laburbil daiteke haren arrazoiketa: Administrazioaren titularitatepeko ikastetxeek dituzten gabezien erantzule bakarra Eusko Jaurlaritza da, eta errudunak itunpeko sareko ikastetxeak dira, azkenaldian, gainera, bereziki ikastolak. Eta haren ustezko konponbidea ere argia da: Hezkuntza Sistemaren erdiari finantzaketa eten, eta diru hori beste erdiari eman, zernahi diren ondorioak itunpeko sareko ikasleentzat, familientzat, irakasleentzat, langileentzat eta hezkuntzarentzat berarentzat.

Ez dugu gure aurka publikoki egindako adierazpen edo iritzi guztiei erantzuteko ohiturarik, ikastolok gure pedagogia garatzen, hezkuntza eraldatzen eta gure ikasleei ahalik eta heziketa onena eskaintzen dihardugulako; hor bai, hor indar guztia jartzen dugu. Hala ere, aipatutako iritzi artikuluan muga guztiak gainditu dituzte, eta ezin gara isilik geratu.
Hasierako iritziak eman ondoren, benetako muinean sartzen dira egileak: itunpeko sareari (ikastolak barne) 24,6 milioiko diru-laguntza eman behar dio Eusko Jaurlaritzak 2017-18 ikasturterako, eta, dirudienez, diru hori Partzuergoan inbertitu beharko litzateke, ikasturte horretarako aurreikusitako 42,7 milioi euroez gain. Dirudienez, Hezkuntza Sailak sare kontzertatuari «pribilegio» batzuk eman dizkio eta horrela agerian geratu da Hezkuntza Sailaren «pribatizazioaren aldeko apustua».

Oraingoan ikastolok ez gara publiko-pribatu eztabaidan sartuko; artikulu luzeagoa beharko genuke eztabaida faltsu eta interesatu horri aurre egiteko. Era berean, ez dugu ukatuko aurrekontuen murrizketak sare publikoan eragina izan duela, ikastoletan izan duen bezala. Hezkuntza Sistema osoak behar du finantzaketa hobea, jakinik hezkuntzan jartzen den euro bakoitza etorkizunerako inbertsioa dela, eta ez gastu bat. Ez dugu onartzen, halere, irtenbide gisa Steilasek proposatzen duena: Hezkuntza Sistemaren zati bat besteari kenduz finantzatzea.

Oraingoan, dena den, 0-3 urte arteko eskola etaparen datuetara bakarrik joango gara. Hona hemen Hezkuntza Sailak 2009tik (krisi ekonomikoa hasi zen urtetik) «zuzenean» eman duena:
2009: Partzuergoa 35,6 milioi; itunpekoa 33,52 milioi.

2010: 37,57 milioi (%5,54); 30,06 milioi (-%10,33).
2011: 41,68 milioi (%10,96); 29,06 (-%3,3).
2012: 45 milioi (%7,94); 28,19 milioi (-%3).
2013: 40,49 milioi (-%10,01); 21,63 milioi (%-23,25).
2014: 45 milioi (%11,13); 28,69 milioi (%32,6)
2015: 41,68 milioi (-%7,37); 24,62 milioi (-%14,16)
2016: 42,17 milioi (%1,19); 24,62 (=)
2017: 42,67 milioi (%1,18); 24,62 (=)
2009-17 aldea: Partzuergoa %19,87; itunpekoa -%26,54.

Zenbaki hauen ondorioak argiak dira:

2009tik 2017ra Eusko Jaurlaritzak 0-3 etaparen finantzaketan murrizketa egin du (%2,7 gutxiago da aurten), baina:

a. Ez da egia Partzuergoan murrizketak izan direnik; alderantziz, urte hauetan %19,87 igo da finantziazioa Partzuergoan.

b. Sare kontzertatuan, berriz, bai, murrizketa izan da, eta ez nolanahikoa: %26,54koa.

2009an sareen artean honela banatu zen dirua: %51,5 Partzuergoarentzat eta %48,5 itunpekoentzat. 2017an, berriz, %63,4 Partzuergoarentzat eta %36,6 itunpekoentzat.

Hori gutxi balitz bezala, aipatutako zenbakiak ez dira konparagarriak, Partzuergoan eskolatzen diren ikasleak 0-1 urte artekoak dira; sare kontzertatuan, berriz, 0-2 urtekoak.

Partzuergoko ume bakoitzeko Hezkuntza Sailak egiten duen inbertsioa 8.000 eurotik gorakoa da (unibertsitatean baino gehiago), eta hori kontuan hartu gabe udalek mantenu eta inbertsioetarako ematen dutena. Sare kontzertatuan, berriz, 1.500 euro ingurukoa da (ezberdina da finantziazioa adinaren arabera).

Datuok publikoak dira, aspalditik ezagutzen genituen, baina inoiz ez gara plazara irten, gure asmoa egoerari aurre egin eta ikasleei ahalik eta zerbitzu egoki eta kalitatezkoena eskaintzea delako. Horren ondorioa da, nahiz eta baliabide gutxiago izan, familiek beren hautua egiteko aukera izan dutela, ikastolekin behintzat. Era berean, ikastolok horrelako murrizketak bizi arren, LAB sindikatuarekin egin genuen akordioarekin, 0-3 etapako langileen baldintza ekonomikoak ez ditugu murriztu, mantendu egin ditugu soldatak eta lan baldintzak.

Steilasen iritziz, irtenbide bakarra «bestea» suntsitzea da. Berdin dio horrela milaka langile kaleratzen badira, berdin dio gurasoen nahiak ez badira asebetetzen...

Steilaseko lagunak, guk ez dizuegu esango zer egin behar duzuen, nola hobetu behar den administrazioaren titularitatepeko ikastetxeen funtzionamendua.

Ez dizuegu esango zer egingo genukeen gurasoak zuenganatzeko; hori zuen lana da. Baina mesede bat eskatu behar dizuegu: utzi bakean ikastolak; aztertu egoera, aztertu hobetzeko dauden bideak, aztertu gurasoek eskatzen dutena eta nola bideratu hori dena…

Errua kanpoan bilatu beharrean, begiratu barrura, eta gu bakean utzi.

Gu ziur gaude, lana egiten dugun bitartean, emaitzak jasoko ditugula.

Search