Josu Iraeta
Idazlea

Ez da berandu

Historia, historiografiak, gure ondare historikoak esaten duena da, euskaldunak baturik egon garenean, aske izateko aukera izan dugula, gizarte aske bat osatu dugula. Zenbat euskaldun daude horren beldur?

Nahiz tarteka siglak eta gobernuak aldatu, urte asko dira, –batzuk eta besteek– Madrilera begira daudela, bai Iruñean, bai Gasteizen, handik inposatzen duten batasun espainiarra gizarteratu nahian euskaldunen artean. Ez dute beste helbururik, aniztasunaren eta desberdinen arteko gizarte berri bat sortu nahian dabiltzala diotenean. Ahal duten guztia bereganatu nahian dabiltza, Francok egin zuen bezala, baina, alferrik. Bazterrak nahastu bai, baina ziria sartu ez. Gu, duela hiru mila urte bezala, hemen bizi garenok euskaldunak gara, Euskal Herrian bizi gara, eta nahiz azken urte hauetan, –gure karriketan– atzerako urratsak eman, euskara da gure hizkuntza nazionala.

Idatzitakoari helduz, esan beharra dago, Gaztelako historiografiari dagokionez, visigodoetatik gaurdaino, Espainiako batasun sakratuarekin ari direla, gora eta behera, baino egia beste bat da. Garai haietan baino askoz geroago egin baizuten nahasmen historiko hori.

Espainiako historiografiak eta gaur egungo «Constitucionalismo Nacional» espainiarrak oso bereganatua du batasun hori, nahiz eta egiazko oinarririk ez duen. Erromatarren garairaino joaten dira Espainiarren batasun horren bila, baina garai hartan ez zegoen horrelakorik.

Erromatarrentzat Espainia hiru probintziadun konzeptu geografikoa zen: Tarraconense, Baetica eta Lusitania. Baina garai hartan, erromatarren boterea ezen aski bakarrik penintsula osorako eta gauza bera gertatu zitzaien bisigodoei, ez baizuten horrelakorik lortu.

Beraz, gaurko espainiar nazionalismo-konstituzionalak aldarrikatzen duen garai arteko batasuna, mito hutsa da, eta ez besterik. Hori bai, mito indartsua.

Nahiz espainiar batasun sakratua aldarrikatu behin eta berriro, nazio oso ezberdinak bere baitan menderatzen dituen espainiar moduko estatu bat, historiaren manipulazioan oinarritzen da. Manipulazioari aurre egiteko, esan liteke nafarren aldeko tesia defendatzeko dokumentazio nahikoa badagoela, ez dagoena tesi «espainiar-ofizialaren» aldeko dokumentazioa da.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba, Gaztelarekin edo Asturiasekin lotzen duen tesiaren aldeko dokumentaziorik ez dago. Eta badirudi horrelakorik ezer ez dagoenez, beraiek nahi dutena ez dagoenez, ez dagoela ezer, eta hori gezur borobila da.

Baskoniak batasun kultural eta linguistikoa zuen erromatarrek iritsi zirenean. Eta orduan Iruñean inguruan gizarte bat eratu zen, Iruñeko erresuma eta nafar errealitatea.

Horregatik, Nafarroa euskal identitatetik at balego bezala hartzean dago distortsiorik handiena. Horixe da dugun arazo historiografikorik larriena. 1200 inguruko testu legaletan «nafarrari» egiten zaio erreferentzia eta «nafar» hori herri xehea zen. Iparraldekoei oraindik baskoi edo gaskoi esaten zioten. Orduan, nafar izateak, baskoi izatea esan nahi du, baina baita independiente ere, gaztelarren kontroletik at. Kronika karolingioek «nafar» konzeptu hori erabiltzen dutenetik, dokumentazioan naturaltasun osoz jasotzen da hori. Ez diote inoiz «gaztelar» esaten.

Mendebaldeko lurraldeak; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak, Gaztelaren barruan izaera garantzitsua izan arren, horrek ez du esan nahi Nafarroatik kanpo zeudenik. Lurralde bakoitza independientea zen eta Gaztelarekiko harremanak, bakoitzak bere aldetik itunez finkatu zituzten. XVII, XIX eta XX. mendean lurralde hauek kontzientzia politiko erreala hartzen dutenean, berriro ere Nafarroaren inguruko batasun horretan bildu ziren. Gero hori gauzatzen jakin ez bada ere.

Visigodoek penintsula menperatu ez balute, desagerturik egongo lirateke sueboak, bandaloak eta alanoak, beste asko bezala. Horrelako herri trashumante batek, ez badu lurralde bat menderatzen –feudalki gainera– menperatua eta suntsitua izaten da.

Baskoiak ordea, erromatarren aurretik hemen mantendu gara. Hor 3000 urteko historia dago egiteko eta Gaztelarren barruan egin duena, historia horren atal bat besterik ez da.

Bisigodoek Erromari traizio egin zioten bitartean, Nafarroak erromatar legezkotasuna jarraitu zuen. Nafarroaren erromatar legitimazioa frogatzen duten datu ugari dago. Horixe da gure nukleoa; Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Errioxan bizi direnen gune legitimoa.

Beraz alde handia zegoen Gaztela eta Nafarroaren artean, nahiz espainiarrak loturak ikusi nahi han-hemenka, egia beste bat da. Ukaezina baita, XIV-XV mendeko Gaztela estatu erabat feudala zela. Garai haietan Gaztelak ez zuen dokumentazio zentralik, ezta artxibategirik. Nafarroak aldiz, 1250 urtetik «Kontuen Ganbaran» bere Estatu artxibategi aberatsa zuen, ia ia, XX mendera arte iraun zuena.

Ikusi nahi ez duenak ez du ikusten, eta gainera egia gezurtatzen ari dira orain bertan. Nondik eta Hezkuntza Sailetik, lotsagarria. Demokrataz mozorrotuta bada ere, egun, Francoren helburu berberak bultzatzen dituzuenei, hau: ez dago nafar eta euskaldunen arteko dikotomiarik, herri bakarra garelako. Hori aldarrikatzea, indarkeri mota gaiztoena eta historiaren manipulazio faltsu eta zikina besterik ez da.

Egungoa ezagutzeko, aurretik gertatutakoa ezagutu behar dugu. Egungo arazoari irtenbide bat emateko aurrekoa ezagutzea ezinbestekoa da, eta ezagutza horren hausnarketa ere bai. Gizarte guztietan horrela izan da eta da, eta guk ezin dugu historia nola manipulatzen duten begira egon. Hori ez du inork lortuko.

Historialariak eta batez ere historiaren ezagutza zabaltzeko ardura dutenek, jakin beharko lukete bereizten, beraiek nahiko luketen gizartea eta azterketa historikoa. Ez baita gauza bera historiografia eta doktrina politikoa.

Haurrei eskoletan historia nazionala irakatsi behar zaie. Egia garbia, euskara garbian, mozorrorik gabea. Euskal Herria eta euskaldunen iragana lantzen duena, etorkizuna bermatzeko. Eta historia nazional hori badugu, ez dugu asmatu beharrik. Ez baigara espainolak, euskaldunak baizik. Hori da erronka.

Historia, historiografiak, gure ondare historikoak esaten duena da, euskaldunak baturik egon garenean, aske izateko aukera izan dugula, gizarte aske bat osatu dugula. Zenbat euskaldun daude horren beldur?

Indartzen ari zareten sasi-demokraziaren «uniformetasun» espainiarrak, itsu-itsuan Madrilera begira, ezusteko emaitzak ekarriko ditu. Hasi zaitezte prestatzen, laster herriak emango dizue merezi duzuen neurriko erantzuna. Oraindik ez baita berandu.

Search