Joseba Permach eta Idoia Zengotitabengoa
Iratzar Fundazioa

Garoña: atzoko, gaurko eta biharko herri garaipena

Ez, Maroto jauna, ez Urkullu jauna. Garoña itxi bada, ez da izan urte luzeetan energia nuklearra babestu ostean Garoñaren itxieraren aldarrikapenera azken unean batu zareten oportunisten jarreren ondorioz. Ez. Ez diezagutela ken herri honek egindako lana: Herriak, herritarrek eta herri mugimenduak irekitako prozesu demokratizatzaileak, historikoki izandako erradikalizazio demokratikoa, eginiko lan eskerga eta borroka luzea.

Pasa den abuztuaren 1ean Espainiako Gobernuak behin-behinekoz itxita zegoen Garoñako zentral nuklearra irekitzeko eskakizuna atzera bota zuen. Urte luzeetako borrokak fruituak eman ditu eta azken garaian Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzional baten aldarrikapena izan dena egia bihurtu da: Garoña behin betiko itxita.

Arabako herriak eta bertako herri mugimenduak mantendu du azken hamarkadetan borroka antinuklearraren sugarra; indar handiz eta herritarren babes zabalarekin, gainera. Borroka horrek, zorionez, itzal luzea du gurean, Euskal Herri luze-zabalean. Ezbairik gabe, gaur Garoña itxi bada, atzo Lemoiz irekitzen utzi ez genuelako izan da. Atzokoa eta gaurkoa borroka bera izan baita: zentral nuklearrik gabeko Euskal Herria eta mundua. Ez Lemoizen, ez Garoñan eta ez inon.

Egun hauetan zehar, azken unean ospakizunaren argazkian atera nahi izan duten guztien adierazpenak irakurtzeko aukera izan dugu, Maroto eta Urkullu jaunarenak kasu. EAEko lehendakariak bere Twitter kontuan hau adierazi du: «A partir de hoy los vascos viviremos más seguros». Ez da makala esaldia, are gehiago haren alderdiaren, eta bere gobernuaren, babesaz Gipuzkoan errauskailu erraldoi bat eraikitzera doan honetan.

Dena dela, adierazpen hauek oroimena pizten dute, jada kasik 40 urte EAJk gure herrian eraiki nahi izan zen Lemoizeko zentral nuklearraren aurrean izandako posizionamendua gogoratzeko. Frankismo garaiko opari pozoituaren defendatzaile sutsua izan zen Arzallus garai hartan, eta, Twitter konturik izan ez arren, aski ezagunak ziren haren esaldi motz eta zorrotzak. Hamarkada horretan, kalean bere borondatea adierazten ari zen herriari mehatxuak bota zizkion, Lemoiz eraiki ezean euskaldunok azak jan eta kandelekin argitu beharko genuelakoan.

Hain zuzen ere, jarrera horien garapena nolakoa izan den ulertzeko bi aipamen historiko gogora ekartzea ezinbestekoa da, biak ala biak 1980. urtean gertatuak. Lehena, Lemoizeko zentral nuklearraren aurkako mobilizazio, protesta eta herri ekimenak gori-gorian ziren urtearen hasiera hartan izan zen, urtarrilaren 7an hain zuzen ere. Egun horretan proiektuaren aurkako mozioa eztabaidatu zen Gasteizko Udalean eta, nola ez, Iberdueroren interesak herritarrenak baino garrantzitsuagoak ziren EAJrentzat. Ondorioz, garaiko UCDrekin eskuz esku, bi alderdietako 18 zinegotziek mozioa onartzea galarazi zuten.

Bigarren adibidea are larriagoa da. Hilabete berean, Lemoizko herri osoa proiektuaren aurka azaldu ostean, bertako EAJko hiru zinegotziek bozketa sekretuan herriari bizkarra eman eta proiektu nuklearraren alde bozkatu zuten independente baten laguntzaz proiektuaren aldeko mozioa onartuz. Non eta Lemoizen bertan!

Lemoizek garai hartan eredu energetikoari buruzko eztabaidaz gain, eztabaida demokratikoa ere uztartzen zuen, eredu pozoitsua izateaz gain, gehiengoaren borondatearen aurka ezarririko proiektua zelarik. Eta herri mugimenduak asmatu zuen bidea egiten.

Kasik berrogei urte beranduago, EAEko lehendakariaren adierazpenak EAJk arlo honetan izan duen bilakaeraren isla besterik ez dira, borroka galdu eta, hipokrisia osoz, herri-garaipenaren ospakizunetara batzeko saiakera interesatu bezain hutsala.

Alderdi Popularreko kide Maroto bera ere batu da festa honetara. Mintzatu da eta lehen pertsonan egin du gainera: «Muchos años trabajando por el cierre de Garoña» esan eta «quienes hemos luchado por ello, celebramos hoy haberlo conseguido definitivamente» gehitu du. To gehiegikeria!

Ez, Maroto jauna, ez Urkullu jauna; Garoña itxi bada, ez da izan urte luzeetan energia nuklearra babestu ostean Garoñaren itxieraren aldarrikapenera azken unean batu zareten oportunisten jarreren ondorioz. Ez. Ez diezagutela ken herri honek egindako lana: Herriak, herritarrek eta herri mugimenduak irekitako prozesu demokratizatzaileak, historikoki izandako erradikalizazio demokratikoa, eginiko lan eskerga eta borroka luzea. Nazio eraikuntza eta demokratizazioaren eztabaidaren zentroan kokaturik egon den jendarte antolatu bat izan da herri honen demokraziarako bermea.

Bada, herri mugimendu baten garaipena izan zen Lemoiz, gaur Garoña izan den bezala. Garaian Lemoizeko borrokan aritu ziren komite antinuklearretako eta plataforma ezberdinetako kideak bezala, Gladys del Estal bezalako militante ekologistak bezala... Gaur ere martxa eta manifestazioetan parte hartu duten milaka eta milaka herritarrei esker izan da, inposizioei molde ezberdinez aurre egin dieten guztiei esker, urte luze hauetan lekukoa indartsu mantendu duen Arabako herriak eta herri mugimenduak antolatu, babestu, indartu eta bultzatutako pultsu demokratikoari esker izan da.

Herria izan zen bezala garai hartan, egun ere oraindik horrela da. Esaterako, langile mugimendua da jendartearen lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean oinarriak ezartzen ari dena. Herria da, euskararen aldeko borrokari esker, Euskal Herri euskaradun bat eraikitzeko bidea posible egiten duena. Herria da, urteetako mugimendu feminista indartsuari esker, sexu-genero zapalkuntza gainditze bidean jendarte parekide baten aldeko eraikuntzan diharduena, herria da eredu energetikoaren inguruan eta bereziki errauskailuaren inguruan borondatea adierazten ari dena, oroimen historikoa eraikitzen diharduena... Herria den bezala finean, balizko euskal oasi egoera batetik urruti, gurean egoera hoberik existitzen baldin bada, bizitzaren eta etorkizun gosez berau posible egin duena.

Diagnostikoan adostasun zabala dago adituen artean: Euskal jendarteak politikoki aktiboa izaten asmatu izan du. Eta hain zuzen ere, eguneroko lanari eta herri mugimenduari lehentasuna ematea izan da ezkerreko independentiston jarrera; hala beharko du aurrera begira ere. Aldarrikapen guzti horiek euskal jendartean hegemonikoak bilakatzea da gure erronka eta zeregin nagusia. Artikulazio hegemonikoa egikaritzea (Ikusi “Hegemonia, artikulazioa eta populismoa. Laclauren ekarpenak eta Euskal Herria”. Inspirazioa saila. Iratzar Fundazioa 2017).

Urrats handia egin genuen eta egin dugu zentral nuklearren aurkako borrokarekin. Irakaspenak eta ondorioak atera eta urrats berriak egitea behar du izan gure zereginak. Egungo erradikalizatze demokratikoak bildu beharko ditu jarduera guzti hauek. Amesten dugun Euskal Herria, antinuklearra ez ezik, independentea, sozialista, euskalduna eta feminista izan dadin, besteak beste. Garoñarekin posible izan da eta gure proiektu politiko osoarekin ere posible izango da.

Search