Maria Palacios eta Amaia Zubieta
Steilas sindikatuaren emakume idazkaritzaren izenean

Genero indarkeriaren aurkako lege berria… hezkuntzan nola zehaztu

Joan den ostiralean, otsailaren 5ean, 14/2015 Foru Legea aurkeztu zen, indarkeria matxistari aurre egitekoa, lege honi premiazko onarpena eman zitzaion UPNko aurreko gobernuaren legealdia bukatu baino lehenxeago, seguruenik etekin politikoa ateratzeko.

Ongi deritzogu lege honi oro har, zeren erabilgarria izan daiteke indarkeria matxista jendartearen egiturazko arazo gisa ulertzeko. Gainera, Giza Eskubideetako nazioarteko estandarretan kokatu da; aurreko legearekin alderatuta zabaldu da indarkeriaren esanahia, bai moten aldetik, zein eragin daitekeen eremuen aldetik; ikuspuntua aldatu da, emakumezkoa ez baita bakarrik erabiltzailea baizik eta zuzenbideko titularra; ez da soilik asistentziazkoa eta ez da emakumezko mota bakarrarengana bideratzen, baizik eta aintzat hartzen dituela era guztietako egoerak eta emakumezkoak (migratzaileak, drogazaleak, etab.)

Dena dela, esku-hartze arloak gertutik begiratatuta, uste dugu ez dela aurrekoa hobetu. Ustez, lege honek jaso zituen hobekuntzak eta ekarpenak, lehen, emakumezko taldeek egindakoak eta gero Parlamentuan gehitutakoak. Baina, legearen idazketak ez du jaso arlo ezberdinetatik ekarritakoa.

Denok dakigu zein garrantzitsuak diren berdintasunerako legeak eta emakumezkoen ezkubideen defentsa, konpondu behar den arazo bat dagoela onartzea baita lehen urratsa. Baina ederki dakigu nola gelditzen diren lege batzuk ezerezean, bolada bakoitzeko politiken arabera. Horregatik nahi genuen esparru honekin lotutako departamentu guztiak derrigortuta egotea beraien eginkizuna betetzeko eta hori jasotzea legean.

Zehazki, Hezkuntza eremuan, funtsekoa dena indarkeria matxista prebenitzeko, steilas sindikatuak nahigo izanen zuen legeak agintzea Nafarroako ikastetxe guztietan berdintasun programak garatzea, Hezkuntza Departamentuari dagokionez, beti ere prestakuntza emateko eta planak abian jartzeko diru askirekin. Ez ditugu asmo onak geroko: osatuko du, sustatuko du, garatuko da…Orain da gehiago zehazteko unea eta denboralizazio egokia egiteko.

Agian ez da ona mesfidati agertzea…
Ana Ollok lege berriaren aurkezpenean, adierazi zuen Foru Gobernua lanean ari zela «bermatzeko berdintasun politikak politika publiko orotan ezarriko zirela» Nafarroan. Hori dela-eta, foru lege berria prestatzen ari da genero berdintasunerako eta honek ere prozesu parte-hartzailea izanen du.

Baina mesfidantza arrazoitua dago, ez baitugu ikusten aldaketa izpirik ere Hezkuntza Departamentuan. Ziur dakigu aurrekontu gehitze txiikiarekin, nekez zerbait eskainiko diotela berdintasun arloari. Hurrengo urtean aurrekontu hau handituko dela uste badugu ere, ikusten dugu 0 kostuko neurriak ez direla hartu, hala nola aldaketak Departamentuaren organigraman berdintasunari garrantzia emateko. Departamentuaren politikak berdin darrai, UPNkotik batere aldendu gabe. Adibidez, hor dugu «Nafarroako Hezkuntzan berdintasuna eta genero indarkeria prebenitzeko  plana» departamentuaren webgunean segitzen duela. Gure sindikatuak,  hezkuntzako eragile gehienek eta Parlamentuak berak planaren edukia arbuiatu ondoren (azken honek onartu zuen ebazpen bat plan hau baztertzeko azaroaren 18an: inkoherentzia larriak zituelako, jendarte eta eskola egoeraren gaineko diagnostikoan hutsuneak zituelako eta  oinarrizko osagaien gabezia zuelako). Hezkuntza plan ona garatzeko, behar dira berdintasun teknikariak edo/eta genero prestakuntza dutenak eta ezin du edozein pertsonak garutu- nahiz eta oso borondate ona izan- horregatik, premiazkoa da gaia eraginkor jorratuko duen taldea edukitzea, gainera talde hau aukeratu behar da merituen eta gaitasunen arabera.

Indarkeria matxistaren arazoa zehaztu behar da orain. Legeak hobetu bai, modu parte-hartzailean bai, baina egiazko esku-hartzearekin, jendarte taldeek eta Parlamentuko alde aurrerakoiak egindako hobekuntzei eta zehaztapenei beldur izan gabe. Behingoz ekin behar zaio eta nahiko sos egon behar da hau dena kudeatzeko. Itxurakeria alde batera uztea hobe.

Search