Alberto Gabikagogeaskoa, Juantxu Izagirre, Xabier Onaindia, Karmelo Landa eta beste
Gernika Batzordeko kideak

Gernikaren egiak

Adolfo Suárezek berak agindu zion José Mario Armero estatugizon boteretsuari artelana lortzeko egin beharreko guztia egin zezala. Eta, horrelaxe, operatibo guztia prestatu zuten Roland Dumasen laguntzarekin. Estatu frantziarraren adostasuna lortu zuten lehenengo, eta Ameriketako Estatu Batuena gero. Azkenik, 1981ean, Picassoren Guernica Madrilera eramatea lortu zuten. Espainiako estatu postfrankista legitimatzeko propaganda-operazio erraldoia izan zen hura.

Gernika da, gaur egun –ez alferrik–, Euskal Herriaren irudirik ezagunena munduan. Izan ere, bi kontakizun edo bertsio nagusitu dira gure historia garaikidearen inguruan, eta Gernikak badu zeresanik horietan bietan, jarraian azalduko dugunez.

Batetik dago hurbileko historiaren bertsio ofiziala, honelaxe laburbil daitekeena: frankismoaren zulo beltzetik irten, eta demokrazia nagusitu zen Espainiako estatuan; ETAren ekintzek zapuztu egin zuten bake demokratikoa; beraz, ETA desagertzea, besterik ez da behar bakea lortu eta demokrazia betea berreskuratzeko. Bertsio hori aldezten dute orain Espainiako estatuak eta, modu batera ala bestera, estatu hori iraunarazten laguntzen duten guztiek.

Bestetik, bada beste bertsio bat, zehatzagoa eta Historiaren ikuspuntutik zientifikoagoa, eta Gernika dago hurbileko gure historia argitzeko balio duen kontakizun horren aitzinean. Gernikako bonbardaketa izan zelako, hain zuzen ere, gaur egungo Espainiako estatuaren sortze-ekintza. Zuzen diot, bai: gaur egungo Espainiako estatuaren jatorrian bertan kokatzen da Gernikako bonbardaketa. Franco eta haren agintepeko hegazkin aldra eta militar basati oldea ez baitziren Gernikara eta Euskal Herrira etorri «gobernu aldaketa» arrunt baten ondorioz. Espainiako estatu berria gainezarri ziguten, Gernikako eta Euskal Herriko errautsen gainean. Estatu berri bat, non gurean gertatua aipatu ere ezin baitzitekeen egin; non Gernikako Udalak berak izendatu baitzuen Franco «seme kutun», eta 1966an «Gernikako urrezko eta diamantezko domina» (sic) eskaini eta oparitu baitzizkion. Espainiako estatu berri hark gezur erraldoi eta mingarri bat inposatu zuen: gudariek berek erre zutela Gernika, ez zela bonbardaketarik gertatu. Gaur egun, oraindik ere, horixe da Espainiako estatuaren bertsio ofizial bakarra.

Franco hil zen, azkenean, aspaldiko 1975. urte hartan, eta egin zuten «Trantsizioa» izeneko itxuraldaketa Estatu espainiarrean. Baina zer da benetan egin zutena? Nola egin zuten? Gernikak badu hor ere zer esanik, eta komeni da kontakizun hori ezagutzea.

Franco hilda bazegoen ere, isilpean bildu behar izan genituen, Gernika Batzordearen inguruan, 37 hartako bonbardaketatik bizirik irtendako lekukoak, Gernikan benetan gertatutakoa konta zezaten, lehen aldiz, nazioarteko zein bertoko kazetari bakan batzuen aurrean. Testigantzak publiko egin eta jarraian, Historialarien Mahaia deitu genuena antolatu genuen Gernika Batzordekook: garaiko punta-puntako ikertzaileak elkartu genituen, bonbardaketaren xehetasunak argitu zitzaten. Hantxe aritu ziren, hamar urtez, Herbert Southworth, Manuel Tuñón de Lara, Pierre Vilar, Ángel Viñas, Fernando García de Cortázar, Jokin Apalategi eta beste zenbait historialari.

Bonbardaketaren 50. urteurrena bete zenean, 1987an, oihartzun handiko ekitaldia antolatu zuten Gernikako Institutuko Hitzaldi Aretoan, ikerketa guztien berri emateko. Horri esker, «Gernikaren Egia»-k maila zientifikoa lortu zuen eta, ordutik aurrera, oinarririk gabe geratu zen Espainiako estatuaren bertsio faltsua. Alemaniako presidente Roman Herzogek 1997an, eta Bundestagek (Alemaniako Parlamentuak) 1998an, ofizialki barkamena eskatu zioten Gernikari, hegazkin eta pilotu alemaniarrek bonbardaketan parte hartu izanagatik. Espainiako estatuak, artean, ez du horrelakorik egin, eta oraindik ez du zuzendu zabaldutako bertsio ofizial faltsua. Adierazgarria, oso.

Zein neurritan dirau indarrean Francok, Gernika bonbardatu ondoren, sortutako Espainiako estatu hark? Zer neurritan dira gaurko Gernika, gaurko Euskal Herria, orduko bonbardaketa eta suntsiketa izugarri haien ondorio? Horra hor gaur egun erantzun beharreko galdera larriak.

Historialarien Mahaia bultzatzeaz gain, Gernika Batzordeak bazuen bigarren zeregin garrantzitsu bat: Picassoren Guernica koadro ezaguna Gernikara ekartzea. Ausartak ginenez, Jacqueline Roque Picassoren alargunarekin eta Paloma Picasso alabarekin harremanetan jarri, eta koadroa Gernikara ekartzeko gure nahia agertu genien. Ados egon ziren biak, baina erantzun ziguten Pablo Picassoren borondatea gordetzen zuen Roland Dumas abokatu ezagunarekin argitu behar genuela kontua. Halaxe egin genuen. Ez hori bakarrik: Madrilen orduan agintean zen Adolfo Suárezen Gobernuaren aurrean ere aurkeztu genuen Guernica margolana Gernikara ekartzeko gure aldarrikapena. Ekimenaren aldeko hitzak toki guztietan, baina Espainiako estatuak beste asmo batzuk zituen, eta laster batean agertu zituen.

Adolfo Suárezi egokitu zitzaion Estatu frankistaren «itxuraldatze demokratikoa» gauzatzeko mandatua, eta, horretarako, «Trantsizioa» izenekoa diseinatu zuen. Estrategia horren barruan negoziatu zituen Espainiako estatuaren zutabe nagusiak izango zirenak: monarkia; bandera espainiar monarkia zalea; Espainiaren batasun zatiezina; eta indarkeriaren baztertzea. Baldintzok bere horretan onartu zituzten Carrilloren PCEk, Gonzálezen PSOEk eta Fragaren APk.

Ordea, Gobernu berriak ezinbestekoa zuen nazioarte mailako legitimazioa –besteak beste, Europar Batasunean sartu ahal izateko–, eta zer pasaporte hoberik, horretarako, Picassoren Guernica eskuratzea baino? New Yorken zegoen koadroa, gordailuan, Picassok berak agindu baitzuen koadroa ezingo zela Espainiako estatura eraman, harik eta bertan Errepublika berriro nagusitu arte, demokrazia eta giza eskubide guztiak berriz ere indarrean izan arte. Bada, Adolfo Suárezek berak agindu zion José Mario Armero estatugizon boteretsuari artelana lortzeko egin beharreko guztia egin zezala. Eta, horrelaxe, operatibo guztia prestatu zuten Roland Dumasen laguntzarekin. Estatu frantziarraren adostasuna lortu zuten lehenengo, eta Ameriketako Estatu Batuena gero. Azkenik, 1981ean, Picassoren Guernica Madrilera eramatea lortu zuten. Espainiako estatu postfrankista legitimatzeko propaganda-operazio erraldoia izan zen hura.

Eta, adi, non daukaten gaur egun Guernica: Reina Sofía Museoan, Madrilen! Erakusketa erraldoia antolatu dute Picassoren koadroaren inguruan, artelanaren balio estetikoa nabarmendu eta, aldi berean, Gernikako bonbardaketarekin duen lotura ezabatu nahian. Espainiako estatuari, 80 urte pasa direnean ere, ezinezkoa baitzaio bonbardaketa lazgarri hari dagokion aitortza egitea. Ezin baitu aitortu ekintza hura izan zela gaur egungo Espainiako estatuaren funtsa.

Bide berrien bila dabil Gernika. Hemen izan da, aurten, Aberri Eguna. Hemen batzen dira herri-errebindikazio guztiak, lehendik datozenak eta berri-berriak. Hemen dira egunotan, berriro ere, historialariak eta Egiaren zale diren komunikabideak, garai bateko Steer eta Southworthen jarraitzaileak. Hemen dira euskal preso eta erbesteratuen aldarriak. Hemen, baita, munduan gertatzen ari diren Gernika berri guztietatik ihesi datozen errefuxiatu berrien aldekoak. Hemen, Euskal Herriak erabakitzeko aldarria. Hemen da Gernika, suntsitu nahi izan zutena, kolore guztiak bistan mundura birsortzen ari dena.

Search