Iñaki Altuna
GAUR8

Hauteskunde ziklo bat baino askoz ere gehiago

Hortxe dago. Hauteskunde zikloa ate joka dugu: martxoan da lehen hitzordua, Ipar Euskal Herriko kantonamendu (berritu) guztietan. Eta maiatzean Hego Euskal Herrian izango da bigarrena.

Lau urte pasa dira aurreko udal eta foru hauteskundeetatik. Gatazkaren konponbiderako egindako ahaleginari oso lotuta egon zen hauteskunde zikloa hura: ETAren su-etena, Bilduren fenomenoa, Aiete, borroka armatuaren amaiera, alde bakarra eseri zen Osloko mahaia... Lehentxeago, 2005-2007 arteko prozesuaren amaieraren ondotik, ezker abertzaleak egindako eztabaida estrategikoan dago abiapuntua. Ondoren, erabakitako birformulazio horrek, estatuen borondate falta dela-eta, aldebakartasuna eta independentziarantz dekantazioa hartu ditu erreferentzia (Euskal Bidearen azken dokumentuan nabari da); neurri batean, maila teorikoan oraindik ere, estatuek behartzen duten blokeo egoerak –ondorioen aterabidea muturreraino zailduz– eta bertako ezintasunek zein inertziek behar besteko indarra askatzea oztopatzen baitute. Igarotako guztiak eta bata bestearen ondotik etorriko diren erronkek hainbat ikasgai, galdera eta hausnarketarako kontu dakartzate. Hona, egitura gabe, kasik bat-batean, errenkan ateratako sorta bat:

1.- Ezker abertzalearen estrategia aldaketa ezin da soilik ETAk borroka armatua amaitu izanarekin identifikatu. Estrategia aldaketa ezker abertzale osoari eta ezker abertzaleko eragile bakoitzari zegokion/dagokio.

2.- Ezker abertzaleak eta harekin aliantza estrategikoak egin dituzten beste indarrek fronte zabala errealitate bilakatzea izango dute helburu nagusietako bat.

3.- Erronka politiko orokorrari dagokionez, herri prozesua egituratzea izango da gakoa, herriaren babesak eta aktibazioak soilik eragin baitezakete indar harremanetan.

4.- Aldaketak bideratzeko baldintza objektiboak izan badira. Nafarroan sortutako aukera eta Ipar Euskal Herrian egindako urratsak, esate baterako, inoiz ez bezalakoak dira. Horiek horrela, prozesu honetan, garai bateko epikaren izenean, deseroso egotea umekeria politiko hutsa da.

5.- Lorpenak, epe laburrekoak zein luzekoak, izatekotan, estu eta larri eskuratuko dira. Aldaketa gogoarekin –inolako indar politikorekin identifikaziorik izan gabe ere– bat egiten duten eragile sozialek, herri sektoreek eta aldarrikapen zehatzen inguruko taldeek oso kontuan hartu beharko lukete hori, aldaketa aukerak eskaeretan eta zorrozkerian ito gabe. Aldaketari ekarria egitea litzateke desiragarriena. Beharbada, 80ko hamarkadako ezker abertzaleak gai oro irizpide politiko orokorraren mende behar baino gehiago jarri zuen. Hori bai, kontrako joerak ere –hau da, aldarrikapen, betebehar edota gai bakoitza aldaketa estrategia orokorra fiskalizatzeko erabiltzea– ondorio oso txarrak izan ditzake. Kontraesanak eta ezintasunak izango direnez, aurrebaldintzak baino, esan bezala, ekarpenak beharko dira. Prozesu orokorrak ezin dezake herri mugimenduen, sindikatuen edota eragile sozialen erabateko autonomia zalantzan jarri, baina norberaren lehentasunek ezin gaitzakete prozesu eratzailerik gabe utzi. Dialektika, otoi.

6.- Erabakitzeko eskubidea prozesuaren lanabes nagusitzat jo dezakegu. Gainera, herritarren atxikimendua eta aktibazio lortzen ari da, Gure Esku Dago ekimenaren bitartez. Askotariko jendea hurbildu da, zenbait indar politikoen dinamiketatik kanpokoak. Beharbada, eremu berri bat denez, hipoteka gehiegirik gabe jaio da. Jada existitzen ziren mugimendu eta lan eremuak arazo handiagoak izaten ari dira ziklo politiko berriak eskatutako bestelako praktiketara egokitzeko.

7.- Errelatoaren bataila funtsean bataila politikoa da, sentipenak dantzan jartzeko erabil daitekeen beste edozein konturen gainetik. Gatazkaren sorburuaz eta erreforma frankistak ekarritakoaz ari gara, alde batetik, eta atzera begiratuz beste etorkizun bat eraikitzeko aukeraz, beste batetik. ETAri izaera kriminala leporatuz kontakizun faltsu bezain sektarioa eraiki nahi dutenek bataila galduta dute Euskal Herrian. Hori gailentzea bai litzatekeela hondamendia. Bestelako kontua da ETAk berak eta borroka armatuaren zilegitasunean eta eraginkortasunean sinetsi dutenek beste muturreko tesia erabat nagusitzea helburutzat izatea. Hori ere ez da pasako. Borroka moldeen erabilerari buruz ezker abertzaleak bere ikuspuntua(k) izango d(it)u, baina ez zaio komeni ahaztea fase honetan eragindako kaltearen aitorpenean eta elkarbizitzan aurrera egin beharko dela, Euskal Herriaren geroaren mesedetan. Eta gogoeta horrek berdin-berdin balio du aliantza politikarako. EH Bilduren bueltan osatu nahi den fronte zabalak, hala bada, ezingo du bere horretan estrategia politiko-militarra ondaretzat hartu. Ezker abertzale osoak, baita borroka armatuarekin bat egin zutenek ere, hori asumitu behar dute. Aldi berean, beste familia politikoetatik –autonomismotik, ezker estatalistatik edota ezker abertzaleko zatiketetatik– fronte zabalera gehitu diren edo gehitu daitezkeen beste sentsibilitateek asumitu beharko dute ezker abertzaleko inork ez duela bere buruaz arnegatuko, ez diela Argalaren edo Txominen hilobiei turik egingo. Bitartekoak gorabehera, herri ukazioari aurre egin izanak gaur egungo aukera ekarri duela pentsa dezakete denek, bakoitzak bere ibilbidetik.

Search