Esther Pinilla, Maider Ruiz de Gordoa eta Elena Dominguez
LAB, ELA eta Steilasen Hezkuntza Bereziko Hezitzaileen ordezkariak

Hezkuntza bereziko hezitzaileak, M22an grebara!!

Hezkuntzako sektore «txikietako» langileon lan-arazoak ez dira besteenak baino «txikiagoak». Hau ez da matematikako erlazio proportzionala, ez. Langileok izan ditzakegun lan arazoen proportzioa ez dago erlazionatuta osatzen dugun sektorearen tamainarekin.

Hezkuntzan lan egiten dugun Hezkuntza Bereziko hezitzaileok bizitzen dugun egoerak hori erakusten digu zuzenean. Sektore honetan aurki ditzakegu 34 fisioterapeuta, 17 zeinu hizkuntzako interprete, 850 hezkuntza laguntzako espezialista, 9 terapeuta okupazional eta 6 material transkriptore inguru, guztira 900 langile baino gehiago erkidegoko hiru lurraldeetako ikastetxeetan zehar sakabanatuta. Guztiok hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekin egiten dugu lan, eskuhartze handien behar duten ikasleekin, alegia. Baina gure lanaren aitortzak ez du hori erakusten. Izan ere gure lan egoera ezezaguna bezain tamalgarria da. Hezkuntzako beste sektore batzuetako langileena baino okerragoa.

Langile ezezagunak gara. Hezkuntzaz edota ikastetxeetako langileez hitz egiten denean, irakasleak berehala datozkigu burura beste langileei erreparatu gabe. Eta hori ez zaie kaleko pertsonei bakarrik gertatzen, ez. Hezkuntza saileko arduradun gehienentzat, eta hau oso larria da, hezkuntza bereziko hezitzaileok, gure lan egoera, gure funtzioak… guztiz ezezagunak gara/dira eta gurekin ez dute ahalegin txikiena ere egiten gure lan-baldintzak hobetzeko edo sikiera… duinak bihurtzeko.

Hezkuntza bereziko hezitzaileon lan-hitzarmena 2003koa da eta horretan egun pentsaezinak diren baldintza batzuk aurki ditzakegu. Besteak beste, hezkuntza laguntzako espezialistak, asteko lanaldi finkorik gabe egotea eta kasu batzuetan astean 35 edo 40 ordutik gora lan egitea, fisioterapeutek eta terapeuta okupazionalek lan egiteko behar duten titulu akademikoagatik dagokien soldata baino baxuagoa jasotzea, ordezko langileei udan kontratua eten eta udako soldatarik gabe uztea...

Horri gehitu behar zaio sektore honetan ematen den behin-behinekotasuna,%58koa, alegia! Hau 2006tik lanpostu zerrenda eguneratu ez digutelako gertatzen da eta horren ondorioz, aspaldi ez da eskaintza publikorik egin, egun langile ordezkoen kopuruak finkoena gaindituz. Hezkuntza Sailak hezkuntza premia bereziko ikasleak izendatzeko irizpideak ere gogortu egin ditu lanpostuak murriztuz, lanaldi partzialak gehituz eta oro har lan-kargak handituz.

Lan osasunean ere zer esanik ez. Gure lanaren ezaugarriengatik sortutako gaixotasunak ez dira lan-gaixotasuntzat hartzen eta ondorioz, oso ohikoa da sektoreko langileon artean gihar-hezur arazoak etengabe pairatzea adibidez.

Murrizketak egiteko soilik hartzen gaituzte kontuan: soldatak murrizteko (20.000 €tik gora 2010etik), gure soldatatik dirua deskontatzeko gaixotzen garenean, edo gero eta lan zama gehiago emateko, edo aparteko pagarik gabe uzteko, edo gure ordutegia azken muturreraino estutzeko, edo erretiro boluntarioaren diru-sariak kitatzeko, edo gure soldata izozteko… horretarako bai, horretarako kontuan hartzen gaituzte.

Eta hau dena gehiengoa emakumeak garen sektore batean. Eta hau ez da kasualitatea. Honen atzean gaur egun oraindik indarrean dagoen sexuaren araberako lan banaketa dago, non zaintza lanak (bai eremu pribatuan baina baita lan merkatuan ere) emakumeoi dagozkigun. Eta ez da kasualitatea hezkuntzako beste sektore batzuk baino ikusezinagoak eta prekarizatuagoak egotea, sistema heteropatriarkal honetan emakumeak, ikusezintasuna eta prekarizazioa eskutik doazen elementuak baitira. Hau da, gure lan baldintzak eta ikusezintasuna emakumez osatutako sektore bat garelako gertatzen dira hain zuzen ere. Horrek jendarte eta familia anitzen arloan ekartzen duen guztiarekin, non seme-alabak eta senideen zaintza oraindik emakumeon eskuetan egoteagatik lanaldiaren murrizketak sarritan ematen diren, eta horrek zaila egiten du autonomia ekonomikoa lortzea edo familia eta lanaren arteko kontziliazioa.

Hezkuntza saileko arduradunek gurekiko duten jarrerarekin «txiki» sentiarazi nahi gaituzte. Bai, sektoreko langileon kopuruak ez du gure sektorea «txiki» bihurtzen, gu ez garelako «txikiak». Adierazten diguten errespetu faltarekin, mespretxuarekin… gu horrela sentitzea nahi dute. Baina ez dute lortuko. Eta gutxi bagara ere, gogor eta ozen helarazi behar diegu gu ere, gainontzeko langileak bezala, gure lan-baldintzen alde borrokatzeko prest gaudela. Horregatik, ofentsibara pasatzeko ordua iritsi da, martxoaren 22an greba egingo dugu eta erantzunik ez badago greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu, baita sektoreko mobilizazio propioekin hasi ere eta inork baino gehiago oihukatu behar badugu gure ahotsa entzuna izateko, egingo dugu. Arrazoiak soberan baititugu horretarako.

Search