Ibai Alzaga Moreno
Mungiako Haizetara Kultur Elkarteko kidea

Historiaren bazterretan

Gertatutakoak gertatuta ere, bai batak eta bai besteak, Josefa eta bere lau seme-alaben heriotzaren errudunak «gorriak» izan ziren uste osoa izan zuten azken egunera arte.

1899an jaio zen Anton Elordui-Olabarrieta Agirretxu Emerandon. Gaztea zela Ameriketara joan zen bizimodua egitera, garaiko beste hainbat bezala. Itsasontzietan ibili zen Argentina aldean, sukaldari lanetan. Baina diru apur bat egindakoan, jaioterrira itzuli eta baserria erosi zuen, bertan geratzeko asmoz. Mundua ikusitakoa zen Anton, eta errezeta bitxiak prestatzen zituen etxean, besteek sekula ikusi gabeko pasta, gazta eta bakoiarekin, esaterako.

Josefa Muruaga Markaida eta ahizpa Nikolasa ere emerandotarrak ziren, Santelako Etxebarrikoak. Anton, Ameriketatik itzulitakoan, Josefarekin ezkondu eta Olabarrittenera joan ziren elkarrekin bizitzera, oraindik ere Bermeora daraman errepide ondora. Errota zuten eta baserriko animalia eta besterekin bizitzeko beste egiten zuten.

Josefak 23 urte zituela jaio zen bien arteko lehen semea, Bernardino. 1928a zen. Ondoren, Felixa eta beranduago Matilde ere etorriko ziren. Azken honek 3 urte baino ez zituela hasi zen Guda Zibila, eta 1936ko azkenetan laugarren umea izan zuten, Juana.

Durango eta Gernika bonbaz suntsitu ondoren, tropa faxistak Bilbora heltzeko azken ahaleginean ari ziren. Bermeora sartu eta Sollube eta Jatan Burdinazko Hesia zulatu ahal izateko posizioa hartzen hasi ziren. 1937ko maiatza zen eta gudari asturiar eta kantabriarrak bat eginik gogor borrokatu ziren askoz indartsuagoak ziren bando nazionaleko altxatuen aurka. Horiek, marokoar, italiar eta alemaniarren ezinbesteko laguntzarekin, hildako ugari eragin zituzten hilabetez, ia etenik gabe lur, itsaso zein airez zonaldeari eraso egin ondoren.

Mola jeneralak zuzendutako hegazkinek behin baino gehiagotan jaurti zituzten bonbak Mungian, baita inguruetan ere. Herrigunea suntsiturik geratu zen altxatuen etengabeko erasoaldien eraginez, bereziki maiatzeko bigarren hamabostaldian. Garaiko prentsan argitaratutakoaren arabera, soilik maiatzaren 28an, faxistek milioi bat tiro, 200 granada baino gehiago, 800 mortero eta ehundik gora esku-bonba jaurti omen zituzten. Bestalde, “Euzkadi Roja”-ko korrespontsalak hauxe idatzi zuen egun batzuk lehenago: «El enemigo orienta sus esfuerzos por otro lado, limitándose en este sector a pulverizar los pueblecitos de retaguardia, como Larrauri, cuya carretera buscan ansiosamente los asesinos pilotos alemanes, no engañados, sino conscientes del daño que hacen y con los cuales habremos de ser inexorables. No va quedando en los pueblecitos inmediatos al frente una casa en pie. La carretera registra el éxodo doloroso de los ‘baserris’ que abandonan aquel infierno de desolación (...)».

Maiatzean zehar beraz, bonbardaketa ugari izan ziren inguruetan eta, besteak beste, Larrauri, Bidebieta, Emerando edo Meñakako hainbat bizilagun erail zituzten.

Maiatzaren 16an ere Emerandon hegaldia egin zuten. Anton, Josefa eta 4 seme-alabak baserri azpira sartu ziren, errotako antaparan babes bila. Hegazkinek jaurtitako bonbetako bat baserriko atarian lehertu eta azpian ziren 32 urteko Josefa, Bernardino (9), Felixa (7), Matilde (4) eta sei hilabeteko Juana, haur ia jaioberria akabatu zituen, bi soldadurekin batera.

Anton oso larri eraman zuten Gasteizera eta besteen gorpuak hil zituzten lekuan bertan lurperatu zituzten, bide bazterrean zegoen labe ondoan. Nikolasa, Josefaren ahizpa, joaten zen Anton bisitatzera osatu bitartean eta hark gertatutakoa jakin ez zezan, ospitalera sartu baino lehen doluzko arropa beltzak erantzi eta beste batzuk janzten zituen. Azkenean osatu ziren Antonen zauriak, gorputzekoak behintzat, Nikolasak baino ez baitzekien zenbat negar egin zuen gizonak gertatutakoa jakindakoan. Emerandora itzultzeko aukera izan zuenean, emazte eta seme-alabak desobiratu eta hilerrian lurperatu zituzten.

Gerora 10 urteko ilobari esan zion bezala, Nikolasa, Antonen samina ikusita, penak jota ezkondu zen berarekin. Bi seme izan zituzten eta bonbak suntsitu zuen baserri berean jarraitu zuten bizitzen, gerokoek ere egin duten bezala. Gertatutakoaz hitzik esan gabe, mina barrutik zeramaten, bakoitzak bere erara. Antonek bakardadean, ez baitzen etxean asko egoten. Nikolasak, berriz, espainiar kutsua zuen edozerekiko amorru biziz.

Gertatutakoak gertatuta ere, bai batak eta bai besteak, Josefa eta bere lau seme-alaben heriotzaren errudunak «gorriak» izan ziren uste osoa izan zuten azken egunera arte.

Hainbat herritar hil ziren, batez ere 1937ko maiatzean. Zenbait oraindik zerrendetan jaso gabe daude.

Search