Isidro Esnaola
GAUR8

Inbidiaren eta bihozminaren artean

Azken zortzi egunetan Euskal Herrian gehien entzun dugun hitza inbidia dela esango nuke. Beste herrietan egiten ari direna ikusteak eragin digu horrelako sentimendua. Ez da gutxiagorako. Orain dela astebete Diadan jendetza bildu zuten galdeketaren alde. Eta asteon Eskozian bozkatu egin dute estatu independente izan nahi duten ala ez erabakitzeko.

Eskozian ezetza gailendu bada ere, nabarmentzekoa da baietzak lortu duen babesa. Eta zalantzarik gabe esan daiteke oso arrakastatsua izan dela baiezkoaren aldeko kanpaina. Planteamendu orokorra oso sinplea izan da. Batetik, Eskoziako kontuez inork baino hobeto eskoziarrek erabakiko dutela izan da abiapuntua; eta, bestetik, bertan erabakitzeak ahalbideratuko du hobeto bizitzea. Ikuspuntu pragmatiko batetik bideratu da independentziaren aldeko kanpaina, eztabaida hutsalak albo batera utziz. Planteamendu horrekin logikoa da kanpainaren baitan gai ekonomikoak pisu handia izatea; azken finean, hobeto bizitzeko aberastasuna nola sortzen den eta nola banatzen den izan da eztabaidagai nagusia. Eta esparru horretan maisutasunez eraman dute eztabaida.

Hasteko, ziurgabetasunak eta zalantzak sor zitzaketen gaiak albo batera utzi dituzte. Adibide garbiena monetarena izan da. Eskozia independenteak beste moneta bat izateko arazorik ez du. Oinarri ekonomiko sendoa dauka eta hori da nazioartean baloratzen dena. Hala ere, moneta berriaren gaia planteatuz gero, ezezkoaren aldekoei muturra sartzeko aukera ematen zien eta herritarren eta enpresarien artean zalantzak sor zitezkeen. Bide hori albo batera utzi zuten eta libera partekatzearen aldeko apustua egin zuten. Horrek oso egoera deserosoan jarri du ezezkoaren kanpaina, aukera hori ukatuz; defentsiban ibili dira kontu horrekin.

Bestalde, oso ondo irudikatu dute hobeto bizitzeko hori zertan islatuko den. Alde batetik, baiezkoaren aldekoek proposatu dute petrolioak ematen duen etekinen parte batekin estatu funtsa sortzea etorkizuneko belaunaldientzat. Hor ere ez dira eroso ibili ezezkoaren aldekoak: zalantzan jarri dute petrolio erreserben tamaina, norbaitek esan duen arte handiagoak edo txikiagoak izanik ere, horrelako baliabide naturalak izatea beti onuragarria izango dela. Hortik aurrera petrolio enpresek alde egingo zuten mehatxua erabili dute. Aukerak galtzeko daude eta!

Horrez gain, independentziak fiskalitatea beste era batean antolatzeko aukera irekitzen duela aldarrikatu dute. Zerga sistema justuago batek ahalbideratuko du baliabide nahikoak izatea zerbitzu publikoak mantentzeko. Esparru horretan adibideak esanguratsuak izan dira, pribatizatzeko saioak egon direlako, esate baterako osasungintza; eta beste kasu batzuetan zerbitzuak pribatizatu direlako, Royal Mail posta zerbitzua kasu. Gainera, Londresetik gobernu kontserbadoreak bideratu ditu murrizketa sozialak, “bedroom tax” delakoaren kritikan irudikatu dute prestazio sozialen jaitsiera eta austeritate politikek eragin duten bizi kalitatearen jaitsiera. Ondo egituratutako diskurtsoa, adibide egokiekin osatua, eta mezu positiboa igorri du baiezkoaren aldeko kanpainak. Horren aurrean, beldurraren diskurtsoa izan da nagusi ezezkoaren kanpainan. Gainera, lotsagabe multinazional batzuek eta nazioarteko zenbait erakundek presioa egin dute, beldurraren mezu hori indartzeko. Hainbeste baliabide dituen estatu batentzat ekarpen benetan eskasa. Horrek agerian uzten du ez dagoela arrazoirik estatu handietan bizitzeko, batzuek aberastasuna eta boterea pilatzeko besterik ez dutela balio.

Azkenean, ezetzak irabazi du Eskozian. Inbidia bihozmin bihurtu da. Batzuetan ondo egindako gauzek ere ez dute espero dugun fruitua ematen. Orain denbora egongo da hausnartzeko eta irakaspenak ateratzeko. Edonola ere, aztarnak utziko ditu erreferendumak. Horien artean ideia bat indartua atera dela deritzot: herri bakoitzak bere kontuak hobeto kudeatzen dituela.

Search