Xabier Arberas
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartearen bazkidea

Trinitate enparantza, auzotarron erabakia

Azken asteetan Trinitate enparantza denen ahotan dago. Eragile eta auzotar askoren pilota-lekuaren estaltze eskaerak, estaltzeko lehiaketa publikoak eta Peña Ganchegui Artxibategi bulegoaren aurkako jarrerak berriro piztu dute eztabaida.

Enparantzaren erabilgarritasuna eta funtzionaliatea, auzotarron beharren mesedetan versus arte lan eder ukiezina, lehiaketa bertan behera uztea, «bere» ezaugarri estetikoak mantentzea, Peña Gancheguik 1963. urteko esku hartzeraino iritsiz.

Lehiaketa geldiaraztearen alde daudenek, berez, Parte Zaharreko auzotarroi hitza eta erabakaia ukatzea dute helburu, afera honen inguruko erabaki-gunea Donostia hiri mailan kokatu behar dela esanez.

Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteko bazkideok, aldiz, zer erabaki, nola erabaki eta nork erabaki behar duen oso garbi daukagu: Trinitate enparantzaren erabilera, kontsultaren bitartez eta Parte Zaharreko auzotarron artean, hurrenez hurren. Auzi honi, noizbait auzirik izan bada, –estetika arazotik haratago oportunismo kutsua baduelako– behin-betiko irtenbide egonkorra eman nahi bazaio, auzotarroi hitza ematea da bidea.

Eztabaida hau modu publikoan, lasaian, serioan, demokratikoan eta aurreiritzirik gabekoan egin behar da, susmoa dut, bestela, Trinitate enparantzaren egoerak bere horretan iraungo duela.

Gauzak horrela, auzotarrok ez dugu lortuko enparantza esparru publiko, irekia eta parte hartzaile bihurtzea, kalitatezko esparrua izateatik esparru degradatu izatera kondenatua izaten jarraituko duelako. Parte Zaharrak eta auzotarrok ez dugu hau merezi.

Baina nola aurrera egin? Auzo Elkarteak bi urte luze daramatza Udaletxeari estaltzeko lehiaketa publikoa lehenbailehen abian jartzea eskatzen. Konbentzituta baikaude lehiaketa horrek  enparantzarekin zer egin eta zer erabilera eman erabakitzeko balioko lukeela, beti ere, ikuspuntu integral batetik.

Era berean, lehiaketa horrek hiriaren ondarea nola kudeatu den eztabaidatzeko ere balioko luke, baita lan hau burutzerakoan Peña Gancheguiren parte hartzea nolakoa izan zen jakiteko eta parte hartzea bera eztabaidan jartzeko ere.

Udal-Gobernu berriak lehiketarekin jarraituko du? Bermatuko du eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera?

Parte Zaharra aldatu den bezala, aldi berean, nola ez, auzotarron beharrak ere aldatu dira –begi bistan dago, nola gainera, baina honek beste eztabaidara eramango gintuzke–. Alde Zaharra ia Donostiako hiria bera osatzetik auzorik txikiena, zaharkituena, aisirako monofuntzionala eta auzo-ekipamendurik gabekoa izatera pasa da.

Auzoak bizitzeko guneak dira. Auzo Elkarteak bizigarritasun baldintzak hobetzea, egokitzea du xede, esparru guztiei bere eginkizuna bilatuz, finean, auzotarron zerbitzura jarriz. Eta, horretarako, jakina, auzotarron parte hartzea bera ezinbestekoa izateaz gain, berme bakarra da.

1963. urtean Euskal Herriko instituzioak gerra zibilaren irabazleen pean zeuden eta garai hartan aginte guztiak tematuak zeuden euskal ezaugarri guztiak suntzitzen. Data horretan Peña Ganchegui Udaletxeko langilea zen eta Trinitate enparantzaren aldaketa-lanak berak burutu zituen Aldundia eta Udalaren aginduetara. Egun lan horien planoak ez daude inoiz existitu ez direlako.

Zer gertatuko litzateke gaur egun norbait etorriko balitz 1963an egindako guztia bota egin behar dela esanez, Jesuiten ikastetxearen historiaren zati bat eta hiriko historiaren harresi zaharra estaltzen duelako?

Luzamendu gehiagorik ez! Trinitate enparantza Parte Zaharreko auzotarrontzako! Auzotarrok daukagu hitza eta erabakia!

Search