Sonia González

Urkulluren isilpeko lan eraginkorra

«Nahita okertzen du errealitatea, zapatu honetako manifestazioarekin bat ez egitea azaltzea benetan delako zaila azaltzen eta benetan delako zaila ulertzen, baita bere alderdiko oinarriarentzat ere.»

Gurea herri txikia da oso. Herri txiki eta anitza aldi berean. Mundu, identitate eta pentsamolde ezberdinez josia. Kalea zapaldu eta jendearekin harremanik izan ez, baina pulpituetatik berba egitera ohiturik dauden hainbatentzat zaila da ulertzen aniztasun hori guztia ze puntura arte nahastu daitekeen egunerokoan. Txikia eta korapilatsua da gure herri hau. Hala ere, mundu, identitate eta pentsamolde hain ezberdinen artean uste baino zabalduagoa izan da betidanik aldarrikapen nagusi bat.


Txikia da oso gure herria. Lar txikia hainbeste urtetan zehar hainbeste errepresaliatu pilatuz joateko eta, areago, mundu, identitate eta pentsamolde hain ezberdinetako auzokide, senide, lankide zein txikitako lagunek jasan ahal izateko. Harreman pertsonalak izaten dira gehienetan beste faktore guztien gainetik nagusitzen direnak.


Horregatik, Urkullu jaunak nahita okertzen du errealitatea presoak herriratzeko aldarrikapena euskal jendartearen zatitxo baten aldarrikapena besterik ez dela iradokitzen duenean bere adierazpenetan. Nahita okertzen du errealitatea, zapatu honetako manifestazioarekin bat ez egitea azaltzea benetan delako zaila azaltzen eta benetan delako zaila ulertzen, baita bere alderdiko oinarriarentzat ere.


Baina Urkullu jaunaren berben atzean asmo eta helburu beltzagoak daude ezin azalduzkoa dena azaltzea baino. Izan ere, azken hauteskundeetako emaitzek lehendakari kargua hartzera eraman zutenetik argi gelditu zen zein izango zen bere ahalegina handik aurrera: herri hau jorratzen dabilen gatazkaren konponbiderako bidea aldrebestea. Ez da deskuidua lehendabiziko diskurtsoan bertan adierazi izana Legebiltzarreko mahaia izan behar dela foro eta mahai bakarra horretarako. Ez da deskuidua jendeari saldu nahi izatea orain, «sentsibilitate politiko guztiak» bertan islaturik daudela, horretarako oztoporik ez dagoela. Ez da deskuiduan esana herri manifestazioak baino eraginkorragoa dela «isilpeko lan politikoa» egitea.


Herria, jendartea, baztertu nahi izatea Gasteiz eta Madrileko gobernuen esku uzteko, Euskal Herri erdia alboratzeaz gain, PNV-Estatu arteko isilpeko «pasteleoei» atea guztiz zabaltzea baino ez da. Joko borobila izango litzateke Urkullu jaunarentzat «Euzkadiren» aurrean espetxe politikaren aldaketaren baten bultzatzailetzat agertzea, aldi berean, gure herri txiki hau beste 35 urtetarako Estatuan guztiz preso eta loturik eusten duen bitartean. Ez dut aipatu barik utzi nahi, gainera, PNVren isilpeko lan horrek gaurko sakabanaketa anker egoerara ekarri gintuela.


Urkulluk berak esan duenez, presoen aldeko manifestazioetara joan ohi zen, aspaldi, beste sasoi batean; eta neure buruari galdetzen diot ea sakabanaketa kozinatzen zen sasoi berean izan ote zen hura.


Hain txikia eta anitza den herri honetan, zapatuan berriro ere gainez egingo dute Bilboko kaleek. Eta gainez egiten jarraituko dute harik eta presoak herriratu arte.

Search