Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Urteurrenak

Hiru urteurren garrantzizko izango ditugu: apirilaren 26an Gernikako bonbardaketarena, duela 80 urte gertatua; martxoan, 1967ko aste santuan egindako ETAren V. Biltzarraren 50. urteurrena; eta, uztailean, Amnistiaren Aldeko Ibilaldiaren 40 urte. Hauekin batera, oraindik egitasmoa besterik ez den arren, sekulako garrantzia izan behar lukeen gertakariaren atarian gaude: ETA erakunde politiko armatuaren armagabetzea bere erabaki eta borondatez

Urte hau berezko berezitasunik gabe jaio bazen ere, garrantzizko urtea izateko bidea darama 2017ak. Apiriletik uda bitartean hiru urteurren garrantzizko izango ditugu: apirilaren 26an Gernikako bonbardaketarena, duela 80 urte gertatua; martxoan, 1967ko aste santuan egindako ETAren V. Biltzarraren 50. urteurrena; eta, uztailean, Amnistiaren Aldeko Ibilaldiaren 40 urte. Hauekin batera, oraindik egitasmoa besterik ez den arren, sekulako garrantzia izan behar lukeen gertakariaren atarian gaude: ETA erakunde politiko armatuaren armagabetzea bere erabaki eta borondatez, Bakearen Artisauek egingo dutena, bestalde.

Honaino heldu banaiz eta hau idazteko beharra sentitu badut, nire barrua irakiten dagoelako da. Eta hustu nahi dut nire burua eta bihotza urteurren hauek aletuz banan-banan zuengana heldu nahian, ziurtasun osoz, elkar ulertuko dugulakoan, asko baikara bide bera jorratzen ari garenok.

Duela 80 urte ez nintzen bizi oraindik, sei urte geroago jaio nintzen. Baina, aittak Durangon bizi izan zuen eliza eta inguruaren bonbardaketa, eta ume nintzelarik hurbiletik ezagutu dut etxean orduko drama, baita gudarien gogo eta grina gure euskal lurra defendatuz, euskaldunon hizkuntza, eta independentzia ere. “Gora Euskadi askatuta!” esaten zutenean, ez ziren Arabaz, Bizkaiaz eta Gipuzkoaz ari soilik, Hego Euskal Herriaz baizik, Nafarroa barne! Beraz, 1979an PNVk defendatu zuenean Nafarroa gabeko estatutua Madrilen esanetara murgilduz, gogora etorri zitzaigun aitta, ama, Jokin eta lauroi, bi urte lehenago izan zuen jarrera Xibertako elkarrizketetan, nahiago izanik alderdiaren etorkizuna ziurtatu Madrilekin harremanetan, Euskal Herriko indar politikoen egitarau bateratua baino Madrilen asmoei aurre egiteko Franco hil ondorengo lehen hauteskundeetan.

Gure etxean traizioa hitza besterik ez zen entzuten. Baina, traizioa gudan izandako guztien izenean erabiltzen zuen gure aittak, izan ere, lubakiak oraindik begietan zituela eta independentzia ezpainetan, ezin zuen ulertu abertzaleok elkartzeko aukerak independentziaren alde, bata bestearen atzetik nolaz PNVk zapuzten zituen!

Gerrate ondorengo urte ilun, beltz, irteerarik gabeko haietatik, era guztietan zapaldurik bizi ginenean Francoren botapean, abertzale eta ezkertiar gazteok gugan hartu genuen egoera hori aldatu eta gainditzeko eginbide edo konpromisoa, gure aitten eta amen zuzia eskuan hartuz, kikildu gabe, jakinik bidea ez zela erraza izango, baina, aske bizi nahi bagenuen ezinbesteko zela aurre egitea Espainiatik zetorkigun estrategiari: Euskal Herria, herri bezala deuseztatzera betirako.

1958an jaio zen Euskadi Ta Askatasuna: ETA. 1967ko bere V. Biltzarrean, orain dela 50 urte, gorpuztu zen estrategia berria: independentzia eta sozialismoa borroka bakarra dela. Ez zirela borroka kontrajarriak, elkar elikatzaile baizik. Ezin genuela bata bestea gabe Euskal Herria eraiki. Ezkerreko baloreaz soilik sortuko genuela herri librea, euskal estatu independentea.

Izango dira porrot egin genuela diotenak, eta, nola ez!, tartean PNVko buruzagiak, beren egokitasunerako, komenientziarako... Nik, berriz, kontrakoa deritzot. Izan ere, V. Biltzarreko ideologia 50 urte geroago guztiz baliotsua izaten ari da Euskal Herriaren independentziarako bidean burujabetasuna lortu ahal izateko; porrot hitza soberan dago.

Gure buruaren jabe izateko herri hau libratzen ari den gerra luze honetan, ezker abertzaleak hainbat bataila galdu dituela aitortzen dut, eta onartu ere. Baina, era berean, onartu beharra dago beste hainbat bataila herritarren borondateari kasu eginaz irabazi egin ditugula: 1977ko sasi-ammistia, odol eta malkoz lortua; Konstituzio espainola ukatzea, ez onartzea; NATOri ezetz borobila ematea; zentral nuklearrak, lau Hego Euskal Herrian, ez ezartzea; egitarau politiko minimo demokratikoen inguruan herri mugimendu ikaragarria biltzea; soldaduskaren aurkako mugimenduekin bat eginda, betiko soldaduska kentzea; herritarrei ahotsa ematea, “alkate onena herria”, instituzioak herritarren esanetara jarri; Leitzarango autobiaren borroka irabazi, eta abar. Herri desberdinekin izandako elkartasuna, elkarlana... Ikuspegi berria, eta lan egiteko era berria.

Eutsi egin diogu eta aurrera ekin independentziari, ezkerreko baloreei, eta jasandako errepresio bortitzari: Estatuko terroreari, gerra zikinari, heriotzei, kartzelaldiei, deportazioei, atxiloketei, tortura malapartatuari... Eta gaur oraindik modu ankerrenean sakabanaturik eta bahiturik dauzkaten euskal preso eta errefuxiatu politikoak, altxor eta eredu dira Euskal Herriko borrokalari guztiontzat. Haien borroka gurea, eta gurea haiena. Denon artean lortuko dugu laster etxean izan daitezen.

Ezker abertzaleak ilusioz eta indarrez beterik ekin dio bide latz baina ederrari. Ez dugu gerra galdu lagunok, ez! Eta hori ondo daki etsaiak. Duela 50 urteko ideia berberak helburu ditugu: independentzia eta sozialismoa. Hortik datorkigu askatasuna.

Ezin du gauza bera esan PNVk. 1939an PNVk gerra galdutzat eman zuen betirako, eta geroztik garden ikusi da etsaiaren esanetara egon dela eta dagoela. Galtzailearen printzipioak dira horiek! Horregatik onartu zuen Francok diseinatutako erreforma, 1976an hasi eta 1977an burutua, baita bere arau eta legeak ere ondorio guztiekin. Ikusi besterik ez dago, lehen aipatu ditudan borrokaldietan, euskal herritarrek lortutako garaipenen aurka egon direla. Nagusiak pozik egon behar du beti, noski! Horretarako ZEN plana onartu eta praktikan jartzea egin behar izan badu ere. Eskuina beti eskuin munduko edozein herrialdetan! Diruaren morroi Euskal Herrian, eta munduko herri urrunenean ere. Diruak soilik du balorea eskuineko ideologietan, eta ez pertsonen balore eta duintasunak.

Hirugarren urteurrena duela 40 urtekoa da, non ia Euskal Herri osoa izan zen protagonista euskal preso politikoen aldeko borrokaldietan. 1976an hasi eta 1977ko urte osoan zehar etengabeko lanari eta borrokari ekin zion herriak azken presoa kaleratu arte. Udan egin zen Amnistiaren Aldeko Ibilaldia, parte hartze handiz eta herri desberdinetatik osatutako adarrekin. Durangotik igaro zenera sartu ziren Telesforo Monzon eta kartzeletatik atera berri ziren hainbat preso, horien artean Burgosko prozesuan heriotza zigorra jasandakoak. Borroka gogor eta ikaragarri honetan zazpi hildako eragin zituen etsaiak. Hala eta guztiz ere herriak irabazi zuen, eta ez inongo alderdi politikok. Asko eta asko izan ziren, ezentzunarena eginaz beren alderdiaren esanari, amnistiaren aldeko borrokari tinko heldu ziotenak, kasu PNVko militanteak.

Aurrera darraigu, gure aurrekoek erakutsitako bidetik. Ez baitago beste biderik: aro bakoitzean dugun egoerara egokitu eta etengabe ekin edo etsaiaren esanetara murgildu. Hirugarrengo biderik ez da munduan existitzen.

Eta, nik, Euskal Herria Estatu independente eta sozialista gisa maite eta behar dut!

Search