Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Anahitasiuna

Bihar jende asko joanen gara Iruñeko Anaitasuna kiroldegira, ‘Anahitasuna’ izeneko aldarrikapen jaian parte hartzera. Dena den, nahiz eta jaialdia izan eta denak oso gustura joanen garen, nik uste dut esan beharra dagoela, bihar behartu egin gaituela joatera aipatutako kiroldegira, UPNren Gobernu maltzurrak, zeren eta bere hizkuntza politika murriztaile eta gaiztoarekin, euskaltzaleok ez baitugu izan beste erremediorik, Kontseiluak antolatutako halako ekitaldian parte-hartzea baino, gure ezadostasuna adierazteko Yolanda Barcinaren Gobernuak, euskararen aurka egindako politika itogarriaren aurrean.

Harrigarria da ikustea, XXI. mendean ongi sartuta gauden honetan, UPNren Gobernuak –PPN eta PSNren laguntza lotsa emangarriarekin- nola jokatu duen halako modu antidemokratiko eta basatian, euskararen aurka, bertako hizkuntzarik zaharrenaren kontra, beren berezko mintzairaren kaltetan, batere lotsatu eta gorritu gabe, eta hori guztia demokraziaren izenean eta demokrata izeneko mozorro ustelarekin. Halaber, une honetan ezin ditugu ahaztu UPNk egin dituen joko zikin eta bihozgabe guzti-guztiak, nafarren hizkuntzaren aurka. Lagin moduan, aipa eta gogora dezagun bakar-bakarrik bat, hau da, Guardia Zibilaren bitartez ateratako gezurrezko txosten pozoitsu eta intoxikagarri hura.

Hitz batez, argi dago UPNk eta bere laguntzaileek ez dutela konponbiderik, momentuz behintzat, hala frogatu baitigute beraiek behin eta berriz, hamaika aldiz, eta, batek aspaldian esan zuen bezala, ‘zer konponbide gutxi daukan batere konponbiderik ez daukanak!’. Horregatik, nik uste dut, guztiz argi eta garbi gelditu dela, borondate txarreko pertsona horiekin, honelako gaietan behinik behin, zeregin gutxi dagoela, eta gauzak aldatzekotan, kasu honetan euskararen egoerarena, bada, beste pertsona, alderdi eta talde batzuekin kontatu beharko da, beste lege, arau, ordenantza eta politika batzuk egiteko. Gure kasu honetan, batez ere, beste hizkuntza politika bat egiteko, demokratikoagoa, atseginagoa, bidezkoagoa eta baita gizatiarragoa ere.

Horiek horrela, bihar pertsona asko eta asko joanen gara Anaitasunara, ‘Anahitasuna’ izeneko jaialdi ederrean gozatzera, ongi pasatzera, jende ezagun eta atsegin askorekin egotera, eta batik bat, ezinbestekoa dugun aldarrikapena egitera: gora nafarren hizkuntza, UPN, PPN eta PSNrena ere badena, beraiek atsegin ez badute, maite ez badute eta zapuzten badute ere!

Search