Joseba Otano Villanueva | Administrazioan Euskaraz Taldea

Arartekoaren gomendioa: Euskara atzerriko hizkuntzen gainetik

Enplegu publikoko deialdi gehienak oposizioak dira, eta horietan euskara ez da baloratzen, ezta baloratuko ere, euskarari buruzko foru dekretu berriarekin.

Hala ere, deialdi gutxi batzuk oposizio-lehiaketa dira (oro har, Osasunbidekoak izaten dira), eta horietan, atzerriko hizkuntzak gehiago baloratu ohi dira euskara baino. Nafarroako hegoaldean, atzerriko hizkuntzak puntuatu egiten dira eta euskara ez. Gauza bera gertatzen da lekualdatze lehiaketetan.

Horren aurrean, UPNko Gobernuari emandako gomendio berbera eman dio Nafarroako Arartekoak oraingo Gobernuari, 2017ko ekainaren 23an eta uda honetan: Oposizio-lehiaketetan eta lekualdatze lehiaketetan atzerriko hizkuntzak ez daitezela euskara baino gehiago baloratu.

Euskararen Legeak euskarari ematen dion estatusa eta atzerriko hizkuntzek dutena ez da berbera. Hain zuzen ere, euskararena horien gainetik dago, Legeak euskarari ematen dion aitorpena dela bide.

Nafarroako Gobernuaren erantzuna izan da euskararen erabileraren inguruko dekretu berria laster onartuko duela, eta arazo horiek horren bidez konponduko direla. Ikusteko dago ea egia den.

Bi urte baino gehiago darama lanean Nafarroako Gobernu berriak eta oraindik ez da gai izan UPNren Gobernuak euskararen inguruan eraikitako arkitektura juridikoa aldatzeko. Legeen mailan Parlamentuak du erabakia, baina dekretuak Gobernuaren ardura dira.

Dekretuak aldatu bitartean, atzerriko hizkuntzak euskara baino gehiago puntuatuko ditu Nafarroako Gobernuak, Arartekoaren iritziaren aurka.

Behingoz disfuntzio hauek konpontzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Hala ere, hori baino gehiago behar da, Nafarroako Administrazioetan euskaldunon hizkuntz eskubideak babestuko badira.

Search