M. Luisa Barrutiabengoa (auzipetuetako baten ama) Maialen Begiristain (Gasteizko Harresiko kidea) I Gasteizko Harresia

Batu bidera, batu herritarron martxara

Garai latzak dira eskubide zibil eta politikoen alorrean; garai latzak dira eskubide zibil eta politikoen alde lan egiten dutenentzat ere. Azken hamarkadetan terrorismoaren aitzakiaz ezarritako salbuespen-neurriei eusten diete eta, gainera, askotariko botere guneek arau berriak erabakitzen eta nahieran ezartzen dituzte. Ehunka pertsona daude oraindik espetxean edo epaiketaren zain, giza eskubideak goitik behera urratzen dituzten epaitegien esku. Badakigu, ordea, egoera latzagoa izango dela ez badugu ezer egiten, eta horretaz aspaldi ohartu da herritar ugari, hamaika modutan helburu beraren bila ari baitira: salbuespen-legeen araberako epaiketekin bukatzea, giza eskubide guztien aitortza bermatuko duen garai berri bati ekiteko.

Abenduaren 18an bukatuko da Espainiako Auzitegi Nazionalak abiarazi eta Jaurlaritzak babestutako beste epaiketa politiko bat. Oraingoan, sententziaren zain geratuko dira 28 gazte euskaldun, tartean bost gasteiztar. 2010ean atxilotu, haietako asko inkomunikazio aldian torturatu eta gehienak espetxeratu zituzten, salbuespenezko lege batzuetan oinarrituta, eta orain fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Epaiketara aurkeztu ez eta Loiolan desobedientzia ekintza baketsua egin zuten bost gazteek, bost astez espetxeratzeaz gainera, akusazio gehiagori egin beharko diete aurre ekintza horregatik. Argi dago orain arteko desobedientzia adierazpenak eraginkorrak izan direla, eta horren erakusgarri da, herritarren erantzun beroa ez ezik, Ertzaintzaren azken asteotako jarrera; izan ere, Urtza Alkorta eta Xabier Fernandez de Gamarrarekin gertatu bezala, Jone Amezaga espetxean aurkezteko epea bukatu baino askoz lehenago joan ziren atxilotzera, Ertzaintzak herri harresiei buruzko txosten bat Espainiako Auzitegi Nazionalari bidali eta gero. Desobedientzia ekintza masibo baten beldur edo aitzakiaz, betiere.

Gazteen kontrako aurreko epaiketan, Gasteizko Harresiak elkartasunetik konpromisorako pausoa emateko deia egin zuen, eta herritarrek borondate hori agertu zuten, besteak beste, giza kate jendetsu baten bidez. Orain, ordea, giza eskubideen defentsan eta auzipetuei babesa adierazi nahian, beste pauso bat emateko ordua iritsi dela uste dugu. Horregatik, herritarren konpromisoak batu nahi ditugu, epaiketa politikoak behin betiko gelditzeko. Ezin dugu utzi salbuespen-legeen araberako beste epaiketa politikorik egin dezaten, ez atxiloketa gehiagorik egiten, eta ez dugu utziko.

Konpromisoak batzeko modu bat izango da abenduaren 20an Gasteizko Harresiak egingo duen mobilizazioa; 18:30ean Artiumetik abiatuko da herritarron martxa. Herri gogoaren erakusgarri eta herritarron indar, guztion eskubideen kontrako erasoak bukatzeko bidean pauso garrantzitsu bat. Zure konpromisoa ezinbestekoa delako, batu bidera.

28ak ere Libre!

Konpromisoak batuz, epaiketak gelditu.

Search