Fermin Barriola Aierdi

Enrique Mayari eskutitz irekia

Joan den 2014-04-20an, Ignacio Polo jauna, alkohol tasa mugatik oso gora zuela kotxea gidatzen harrapatu zuten. Berriak hautsak harrotu zituen, garai hartan Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuna Alorreko Zinegotzia zelako.

2014-05-08an, zuk, Enrique Maya jaunak, Iruñako alkate bezala, kasua eraman zuten agenteak ilegalki aritu ote ziren susmatuta, Fiskaltzari bidaltzeko eskatu zenuen txostenaren berri eman zenuen. Badirudi, agenteek, Polo jauna kotxea hartu aurretik mozkorra ikusi arren, ez zutela ezer egin mozkorra gidatzeak suposatzen duen arau-haustea gauzatu arte. Kudeatzen dituzun hiritarrenganako sentsibilitate handia eta jokabide zuzenak erabiltzeko kezka erakutsi zenituen, horrela hiritarren defentsa-eza eragotziz.

Joan den 2014-05-30an, Iruñeko institutu batzuetako 14 eta 16 urte bitarteko ikasle talde batek, LOMCEren kontrako bizikleta-martxa batean parte hartu zuen. Kezkatuta daude lege horrek zuzenean eragiten die eta. Neska-mutilak Gaztelu Plazan zuten hitzordua eta bildu zirenerako, Udal Polizia eta Polizia Nazionaleko agente batzuk bertan ziren. Gaztelu Plazatik taldean abiatu ziren Carlos III. etorbidetik Merindadesetako Plazara heldu arte. Nafarroa Beherako etorbidean kotxeak semaforoan geldirik zeudenean sartu ziren, eta Bianako Printzearen Plaza aldera jarraitu zuten errei bakar bat hartuz, poliziak hala aginduta. Bidean aurkitu zituzten semaforo guztiak errespetatu zituzten. Martxa osoa poliziak lagunduta egin zuten, Oliveto Kondearen etorbidean, autobus geltoki zaharraren parean, bidetik aterarazi zituzten arte. Poliziei so eginez berehala baztertu ziren. Behin espaloian, Udaltzaingoaren agente batek banaka identifikatu zituen. Identifikazioa bukatu zenean, neska-mutilak modu ordenatuan alde egin zuten, martxa bukatutzat emanez.

Abuztuan, identifikatutako ikasleen gurasoei ebazpen bana igorri digute, zigor espediente bat ebatzi zaiela jakin arazteko. Bertan, Oliveto Kondearen etorbidean kotxeen trafiko normala nahita eragoztea leporatzen zaie. Gertaera hauek, Gizabidezko Jokamoldeen Sustapena eta Esparru Publikoen Babeserako Udal Ordenantzetan oinarrituta, hutsegite larritzat jo dituzte, eta horregatik 751 €ko isuna ezarri diote ikasle bakoitzari.

Enrique Maya jauna, Udal Poliziak izandako jokabideak Ignacio Polo jaunaren kasuan izandakoarekin duen parekotasuna ikusita, kasu honetaz arduratzera gonbidatzen zaitugu, gobernatzen dituzun hiritar guziekiko kezka bera eta tratu bera erakutsiz, alkate onaren legez, hiritarren adina, maila edo ideologiari begiratu gabe. Nahi baduzu eta interesa baduzu, behar duzun informazio guztia eman diezazukegu, isunak berak, 40 bat testiguen adierazpenak eta baita gertaera hauek erakusten duten bideo bat ere. Zigortutako ikasleen gurasoak.

Search