Xanti Begiristain Madotz

ETB1-eko iragarki batzuk

Aurreko asteetan, ETB1en hamaika aldiz eman dute iragarki bat, non aipatzen baitzen Bilbotik aterata Coruñaraino joateko hegazkin bidaia bat, alegia, bidaia hori irabazteko posibilitatea. Kontua da, Galiziako hiriburu hori beti esaten eta idazten zutela A Coruña, baina material fidagarrietan begiratzen badugu, ikusiko dugu La Coruña gaztelaniaz dela, A Coruña galizieraz eta Coruña euskaraz, Habana, Kairo, Bastida eta abar bezala, Euskaltzaindiaren arabera.

Hau guztia jakinda, eta ez dut uste EITBko profesionalentzat hain zaila denik hori jakitea, nire buruari galdetzen diot ea zergatik gertatu ote den hori, eta ez behin bakarrik ez, baizik eta hamaika aldiz hamaika. Non ote zeuden bada, telebista horretako zuzentzaile profesionalak? Edo, agian esan nahi ote digute akats hori zuzentzea ez duela merezi? Badakit bai, A Coruña esanda eta idatzita ere, denok edo gehienok behintzat badakigula zertaz ari garen, baina zein hizkuntzatan ari garen denok al dakigu seguru? Nik pentsatzen dut ezetz.

Iruditzen zait, jokamolde horrek, hainbat eta hainbat euskaldun nahastera baino ez daramatzala, ez duela inolako mesederik egiten eta saihestu beharrekoa dela. Gainera, begiratzen badiegu gure inguru hurbileko hiztun gehiagoko hizkuntzei (espainiera, frantsesa, ingelesa, alemana, e.a.) ikusiko dugu horiek baietz, horiek beti ematen dietela prestigioa beren hizkuntza eta hitzei, alegia, ez direla ibiltzen epelkeria, zehaztugabetasun eta utzikerietan, ez, baizik eta, aldiz, oso zurrun eta zorrotz jokatzen dutela.


Baina, badago beste iragarki bat ere, besteak beste, urtero bolada honetan ematen dutena ETB1en, hain zuzen ere, eztarriko narritaduraren aurkako botika bat iragartzen dutelako. Aipatutako iragarkia normaltasun osoan doa bukaera arte, hortxe, ordea, irregulartasun nabarmen bat ikus daiteke; ez dakit jende asko konturatuko ote den, horrela gaituztelako gaizki ohituak, baina, egiatan, aldrebeskeria hori ere aparta da, izan ere, euskaraz entzuten den testua, gaztelaniaz agertzen baita idatzita batere lotsarik gabe. Nik uste dut hori euskarari iseka egitea dela; begirunea galtzea. Zer zentzu eduki ote dezake horrek euskarazko telebistan eta euskal ikusleentzat? Nik ez diot bakar bat ere aurkitzen. Argi ikusten ditudan gauza bakarrak dira, euskarari egiten zaizkion mespretxu eta desprestigioa. Gainera, iragarki horixe berbera, aspaldian, bolada batzuetan behintzat, euskaraz idatzita agertu ohi zen. Zerk bultzatu ote du horren arduraduna aldaketa hori egitera? Erreparatzen baldin badiozue pixka bat ETB1-i, konturatuko zarete antzeko kasu ugari gertatzen direla beste iragarki askotxotan ere. Ni behinik behin, zur eta lur uzten nau. Ez dakit noiz arte izanen ote duten asmoa jarraitzeko politika oker eta trakets horrekin. Nori berea, uste dut dela, gizalegea.

Search