Arkaitz Martínez de Albeniz

Herri harresiekin ari gara

Egun batzuk pasa dira Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantza desobedientzia eta maitasun ekimen masibo baten lekuko izan zenetik. Egun hoietan emozio dantza zoroa bizi nuen, besteak beste, kidetasuna, amorrua, beldurra, poza, harrotasuna, baina, batez ere: maitasuna eta borrokarako grina.

Ederra iruditzen zait eta poztasun handia eragiten dit Herri Harresiaren dinamikaren bitartez bi aspektu hauek uztartzeko gaitasuna erakutsi genuela bi egun ahaztezin haietan. Lagunak espetxeratzea sortzen duen samina gogoan, oraindik ez dut ahaztu nahi igande gauean plaza goitik begiratu eta «hau la hostia da» sentipena.

Auzipetuak, euren lagun, kide, senide eta ezagunak, herritarrak, militanteak… autoantolakuntza eta desobedientziaren bitartez elkarrekin lanean eta babestu nahi ditugunekin maitasunez. Ederra.

Totalitarioa den kondena-inposaketa baten aurrean, etsipenaren gainetik desobedientzia kolektibo eta partekatuak ahalduntzen gaituela sentitzen dut. Egoera injustu baten aurrean nahi dugun guztiok badugula zeresana, badugula zeregina. Eta honek elikatzen nau, elkarrekin indarra dugula irudikatzeko gai naizelako. Baita biolentzia eta beldurrari aurre egiteko elkartasun bideak asmatzen ari garelako ere.

Desobedientziaren ariketa kolektiboa, legitimoa eta naturala izatea lortu dugu, justuak ez diren legei mugak eta zailtasunak jarrita zentzu osoa hartzen du desobedientziak.
 
Gutariko bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian ekarpena egiteko espazio bilakatu dira aske guneak eta herri harresiak beraiek. Denok lekua daukagunaren mezuan asmatu dela bizi izan nuen Andra Mari Zurian. Berdin dio elizatik eskegita, maskarak marrazten, pelukak saltzen, lagunari estu lotzen, pintura pote laranja norbere buruaren gainetik botatzen, zipaioek arrastaka zaramatzatenean lagunei muxu bat bidaltzen, auzipetu lagunari besarkada estua ematen, «uuaahh Ibon no se va» melodia lagunari dedikatzen, zipaioak etortzen direnerako estrategia posibleak irudikatzen, eskuak urratu arte ezagutzen ez duzun auzipetuari txalo zaparradak eskaintzen, afaria prestatzen…

Desobedientzia ariketa kolektibo hau eraginkorra iruditzen zait konpromisoaren bidez gure kideak, herritarrak babestea posiblea dela sinisten laguntzen didalako. Eta bai, azkenean Aiala, Igarki eta Ibon eraman zituzten, aurretik Ainhoa, Bergoi, Marina eta Xabat eraman zituzten moduan. Baina konbentzituta nago egun hauetan epaiketa politikoak eteteko urrats inportantea eman dugula. Herri harresiari adreilu gehiago jarri genizkion geure dinamika eta bizipenaren bitartez, posible denaren bidean urratsak eman zirelako (aurpegia margotu, sare sozialak kixkali, hankak sarean sartu, besoak kateatu, Gasteizko plazarik esanguratsuena bozgorailu bilakatu, suhiltzaileen ukoa…). Eta pixkanaka olatua hazten ari da, keinu txiki bakoitzarekin desobedientziaren indarra areagotuz doa, posiblea dela sinistaraziz. Asko dugu egiteko, olatua zabaltzen jarraitzeko, baina bidea egiten ari gara.

Bukatzeko dinamika honen prestaketan hainbeste ordu pasa dituzten guztiak zoriondu nahi ditut, baita eskerrak eman ere, bi egun hauetan eroso, hunkitu eta gogotsu egotea ahalbidetu didan eredu hau sortzeko eskainitako dedikazioagatik, bide bat erakusteagatik eta bide honi lotzeko aukera sentitzea horren erraza egiteagatik. Funtsean, gure borroka moldeak berrasmatzeko aukerak zabalzeagatik.

Eta eskerrak ere Aiala, Igarki eta Iboni zuen konpromiso eta erresistentziari esker zuekiko babesaren parte izaten uzteagatik. Muxu bana!

Lortzen ari garelako zorionak eta gure buruak berrasmatzen jarrai dezagun. Aiala, Igarki, Ibon maite zaituztet! Gora herri harresiak!

Search