Josetxo Labairu Senosiain | Administrazioan Euskaraz Taldea

Iruñeko Udalean, agiri bat euskaraz izateko urte eta erdi

Iruñeko Udalean, helbide fiskala aldatzeko agiria sortzen du erroldako programa informatikoak: bi lerroko agiria da.

2015ean egin zen lehenbiziko eskaera, Iruñeko Udaleko Erregistroan, agiri hori euskaraz ere eman zedin, eta 2015eko abuztuan Udalak erantzun zuen baietz, euskaraz ere eman behar zela, eta horretan ari zela, baina egokitzapen informatiko batzuk egin behar zirela.

Baina 2017an egoerak bere horretan dirau. Hala, Arartekoak 2017ko otsailaren 13an gogorarazi zion herritarrek eskubidea dutela Administrazioei euskaraz egiteko eta erantzuna ere euskaraz jasotzeko, baina Iruñeko Udalak, berriz ere, erantzun zuen «horretan ari zela».

Gai honetan aipatzekoa da Nafarroako Administrazio Auzitegiak izan duen jokabidea. Nafarroako Administrazio Auzitegia Nafarroak duen erakunde berezia da, doakoa, herritarrek kexak bidera ditzaten udalen kontra, uste baldin badute ez dutela Legea betetzen. Nolabait, «udaletarako ararteko» bat da, baina desberdintasun handi batekin: epaiak nahitaez bete beharrekoak dira, Arartekoarekin ez bezala. Bada, gai honetan ere kexa jarri zen Nafarroako Administrazio Auzitegian, baina 2015eko abuztuaren 7an Iruñeko Udalak eskaera onartu eta «horretan ari zela» erantzun zuenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak bukatutzat eman zuen afera, iritzirik eman gabe. Eta gaur egun Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du Iruñeko Udala behartu nahi bere hitza betetzera, «horretan ari zela» erantzun zuelako, eta gaia bukatutzat ematen duelako.

Beraz, Nafarroako udalek badakite zer egin behar duten Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean: kexen aurrean baietz erantzun, «horretan ari direla», eta beren hitza sekula ez bete.

Eta irakurleren batek helbide fiskala aldatzeko agiria euskaraz nahi badu, lasai egon bedi: Iruñeko Udala horretan ari da.

Search