Martin Anso

Julio Cortazarrek «Egin»-en alde egin zuenekoa

Aste honetan bete da Julio Cortazar jaio zeneko mendeurrena. Horren aitzakian, idazle handi honen obra eta bizitzari buruzko gauza ederrak esan eta idatzi dira. Alde horretatik, ez naiz ezer berezirik gehitzeko gauza sentitzen. Hala ere, ez dut aukera pasatzen utzi nahi Cortazarrek “Egin”-en alde ere egin zuela gogoratu gabe. Izan ere, Espainiako Gobernua “Egin” bereziki estutzen ari zen batean, gure egunkariaren aldeko eta adierazpen askatasunaren aldeko agiri bat sinatu zuten kulturgileetako bat izan zen. Antxon Ezeiza zinemagileak inoiz kontatu duenez, Cortazarrengana sinadura eskatzera joan zenean (edo joan zirenean, orain ez bainaiz akordatzen Ezeiza bakarrik edo beste inork lagundurik zegoen), “Egin”-en aleren bat eraman zion, nolako egunkaria zen ikusteko aukera izan zezan. Cortazarrek orriak pasatzen hasi eta bat-batean bota zuen: «¡Felones! ¡Trae de ciclismo!». Eta berehala agiria sinatu zuen, solidario, ziklismoaz ere mintzo zen egunkari hura isilarazi nahi zutelako suminduta.
Pasadizo xumea da, seguruena hura lehen lerroan bizi izan zuen beste inork nik baino hobeto konta dezakeena, gainera, baina niri, behintzat, balio dit Cortazar gertuago sentitzeko, baita orain dela ia hiru urte hil zen Antxon Ezeiza gogoratzeko ere.

Search