Amaia Agirre, Miren Kortabarria, Laura Sanchez eta Rosa Diaz de Cerio* | Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langileak

Larrialdi zerbitzu duin eta seguru baten alde

Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzuetan gertatzen dabilen egoera kezkagarriaren berri eman nahi diegu herritarrei bertako langileok. Zerbitzu honek beti izan du pertsonal gabezia, bereziki, beste eskualde batzuetakoekin alderatuta, baina egoera jasanezina da gaur egun.

Ospitale berria orain dela 5 urte inauguratu genuen, ilusio handiarekin eta instalazio berrien abantailekin. Baina lan kargak gora egin du nabarmen eta pertsonalak ez ordea; are gehiago, kasu batzuetan, behera egin du.

Debagoienean, inguruko eskualdeak duten antzeko biztanleria izanik, larrialdi kasu gehiago hartzen ditugu pertsonal gutxiagorekin. Eta horrek eragin handia dauka bai langileon osasunean eta nola ez, gaixoei atentzioa emateko orduan.

Onartezina iruditzen zaigu Osakidetzak atentzio desberdina ematea Debagoienean bizitzeagatik.

Gure helburu nagusia herritarrei behar bezalako osasun zerbitzua eskaintzea da, gu eta gure ingurukoak langile izateaz gain erabiltzaile ere bagara eta.

Egoera hau salatzeko mobilizatzea erabaki dugu.

Larrialdietan egindako egonaldian itxaron beharra gertatu bazaizu edo atentzioan gabeziaren bat igarri baduzu, jakin ez dela izan profesionaltasun ezagatik, pertsonal ezagatik baizik.

*Gutun hau sinatzen dute: Amaia Agirre, Miren Kortabarria, Laura Sanchez, Rosa Diaz de Cerio, Amagoia Gorosabel, Eider Madina, Ainhoa Altube, Judith Badiola, Alejandro Masie, Mari Jose Muñoz, Lourdes Sordo, Zuriñe Perea.

Search