Patxi Aznar Bellido

Nahitaezko galdeketa

Arestian gurekin izan zen Piotr Barcza, Europako ingurumen bulegoko hondakin politikaren arduraduna. “Berria”-k (5-13) berarekin izandako elkarrizketak «Errefusa gutxitzeko pizgarriak ezabatzen ditu errausketak» izenburua zeraman, eta kontua da elkarrizketa honetan argi uzten dela gai honetan zer egin behar den emaitza onak lortzeko. Errauskailuaz argi esaten du «teknologia zaharkitu bat da, produkzio eta kontsumo sistema iraunkorraren aurkakoa».

EAJ-PNVk mezu hau barneratu nahi ez duenez, unibertsala eta eraginkorra ez den zabor bilketaren aldeko apustuari eusten dio; hots, txipadun bosgarren edukiontzia, honen erabilpena borondatezkoa izanik. Izan ere, sistema honekin, kasurik onenean, birziklatze tasa %50era iristen da. Horren harira, M. Olanok iragarri duenez, organikoa bakarrik birziklatzen duenari ordainagirian %20ko hobaria egingo zaio. Nire ustez, ez da organikoa ondo birziklatzen duenari denen diruarekin hobari bat ematea, baizik eta kutsatzen duenak bere kutsadura ordaintzea, Europa aurreratuan egiten duten bezala, gainera sistema horrek ez du bermatzen beste hondakinen birziklatzea.

Bestalde, nahiz eta EAJ-PNVtik ziurtatzen da, 2020rako Europako araudiak dioen moduan, ez dela ezer erreko, ezin ditut ahaztu M. Olanok Andoinen EAJ-PNVko hautagaien egunean esan zizkidan hitzak: «Errefusa bakarrik erretzea ikuspuntu energetikotik ez da eraginkorra».

Horrez gain, kontuan hartu behar da, zabor bilketa sistema eraginkorra erabili ezean, birziklagarria dena erre edo lurperatu egin behar dela

Bukatzeko, egia izanda ere, Markel Olanok hauteskunde kanpainan zehar, iragarri zuela honako hau: hauteskundeak irabaziz gero, errauskailua egingo zuela, (bere garaian Bilduk atez atekoarekin egin zuen moduan), Bilduko kideei hamaika aldiz inposatzaileak deitu ondoren, eta Andoingo EAJko alkategaiak, MªJ. Izagirrek, publikoki (Aiurri aldizkariak antolatutako debatean) galdeketaren aldeko baietza emanda, nahitaez, nire ustez, errauskailuari buruzko galdeketa egin beharko luke. Egiten ez bada galdeketa hori, behintzat, argi geldituko da, hurrengoa: EAJ-PNVrentzat inposaketarena interesak ezkutatzeko aitzakia bat zela.

.

Search