Mikel Zuazabeitia

Ramon Erañari eskerrak emanez

Irailaren 18an Aretxabaletan hil zen Ramon Erañari goraipamenak, gorazarreak eta esker onak agertu dizkiote GARAko hil-mezuetan herriko ezker abertzaleak, presoek eta preso ohiek, kultur elkarte, dantzari, txistulari, kirolari, mendigoizale, euskarazale eta abarrek.

Aipamen hau izan bedi GARAren sorreran Ramonek izan zuen parte-hartze eraginkorra gomutarazteko. Espainiako PPren gobernuak Egin egunkaria eta Irratia itxiarazi zituenean, barruan harrapatu zuten guztia birrinduz eta zuzendaritzako eta administrazio kontseiluko kideak atxilotuz, egun hartan bertan, 1998ko uztailaren 15ean, Egin-en ordez ahalik eta agudoen beste egunkari bat argitaratzea erabaki zen.

Mila milioi pezeta behar ziren horretarako. Jende abertzaleak, bero-bero, aurrera egin zuen, beti legez, eta denbora gutxian mila milioitik gora batu zen, herriz-herri zabaldu zen sare luzeari esker. Emaitza: 1999ko urtarrilaren 30eko goiztiar argi hotzak ikusi zuen kioskoetan GARAren lehen alea.

Bere lagunekin batera, Ramon izan zen Aretxabaletari egokitu zitzaion sare zatiaren arduraduna. Har beza, beraz, ekintza harengatik ere gure esker ona.

Search