Kepa Barañano Aldekoa

Si no hay toros

350 urte geroago, azkenik, Laudioko jaietan zezenketarik ez da egon. Gizartea zeharo aldatu da, azken urteetan batik-bat, eta anbiola jaietako gertagai nagusia –mezaz gain– izaiten zena, zezenen korritzea alegia, emaro-emaro motelduz-motelduz joan izan da, azkendu den arteraino. Beraz, berez, itzaldu da. Ala ez?

Zezentzale talde baten eritzi apalean, ostera, «apeta politiko baten ondorioa izan da». Apeta? Afán, capricho, intención, ganas...? Erdara hutsean, ohi legez, «política» dabilela adiarazi nahi ukan dute.

Politika zezenekin? A, bai! Fiesta Nacional Española izendatu zutenean politika egin zuten, eta ez zen apeta hutsa. Eta Bilbora, Donostiara... adarrak ikustera errege jaun txit emerito hori etorri (ohi) denean ez al da usaintzen, behi-sundaz gain halako espainiarkeria monarkiko zeraren lizun-kiratsik? Eta banderilla (bandera) josi behar duenak, ikurrinaren zuri-gorri-orlegia arbuiaturik, frankisten ori-gorri-oria josten duenean...eta «por el rey y por España» opa egiten duenean ez al da sumatzen halako kutsu politikorik...? Eta «porque esto es España» entzutean faxismoaren leloa irudikatzen ez duenak lelo ez ote dirudi?

Duela 350 urte baino gehiago ere, Alostorrean «zazpi zezen korritu (ei ziren) enparantzian», eta banderizoak, oñaztarrak eta ganboarrak elkar joka zebiltzan, batzuk Castillaren alde bestetzuk Nafarroaren alde, eta oro nor bere alde. Ohitura, ekandua, tradizioa, haztura...?
«Si no hay toros, ¿qué si habrá?» kantatu zuen Rupertok –36ko Francoren guduaz gero itzuli zenean egundainoko isuna jasan eta ordaintzera behartu zutena– eta urtea heldu da. 2017ko urtean –«Kantabriako partian» Txirritak esango zukeen bezala– Laudion (Amurrion, Okondon, Arrankudiagan... ere ez) ez da zezenketarik egon ez delako protestarik ez ixkurdurik. Amaitu da fiesta!

Search