Amaigabeko bidegabekeria jasaten ari direnen ahotsa

Ainhoa Villaverde eta Eneko Villegas gazteek ez dute bizimodu lasairik izan azken urteetan, 2010ean beste 26 gazterekin batera atxilotu eta espetxeratu zituztenetik, hain zuzen. Gazte horiek auzipetuta bizi izan duten egoera azal dezaten, horietako bi, Villaverde eta Villegas, Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean ager daitezela eskatu du EH Bilduk. Baina Villaverde espetxean dago duela hiru astetik, lau urte eta erdian bizitako bidegabekeria ez baita berarentzat amaitu, Auzitegi Nazional espainolak, beste sei laguni bezala, sei urteko kartzela zigorra ezarri zion eta; epaitutako gazteek polizia-etxean inkomunikatuta egindako adierazpenak «frogatzat» hartuta, eta tortura salaketei eta psikologoen txostenari muzin eginda, baita Estrasburgoko Auzitegiak Estatu espainolari tortura salaketak ez ikertzeagatik ezarritako zigorrei ere.

Estrasburgoren zigor horiek izan zituen atzo Jorge Fernandez Diazek hizpide. Villaverde eta beste hainbat herritarren urteetako amesgaiztoa ahalbidetu duen Gobernuko Barne ministroak tribunalei egotzi die behin eta berriz Estatu espainolak jasotako zigorra, eta ez bere Gobernuari. Hala esan zuen torturak ahalbidetzeko legezko eta legez kanpoko baldintzak indarrean jarri dituen Gobernuko kide horrek, tortura salaketak egitea delitugile izatearen frogatzat jo izan dutenetako batek. Barregarria bezain iraingarria. Halaber, ministroak esan zuen atxilotuen inkomunikazio aldiak «epaileen kontrol zorrotza duela», berak Estrasburgoren zigorra egotzi dien epaileen kontrola, hain zuzen. Milaka lagunen tortura salaketa ahalbidetu duten gobernuek, Fernandezena barne, duten kontrol zorrotzaz ari zen, nonbait.

Gasteizko Legebiltzarrak Ainhoa Villaverde Giza Eskubideen Batzordera agertzeko eskatu dio Estatuko Espetxe Zuzendaritzari; izan ere, garrantzitsua, beharrezkoa da amaigabeko bidegabekeria jasaten ari diren hainbeste euskal herritarren ahotsa entzutea. Baita Legebiltzarrean ere.

Search