Davis eta Otegi, hain ezberdin eta hain berdin

Angela Davis, mundu mailako sona duen ekintzailea izateaz gain, luma zorrotza eta etorri handiko hitz jarioa dituen emakumea da. Kontinente batean ala bestean, sarri azpimarratu ditu hainbatetan hain urruti diruditen fenomeno kultural eta politikoen arteko lotura eta konexioak. Borroka ezberdinen artean denboran eta espazioan dauden elkarguneak, kontzeptuak, garrantziaren araberako ilara eta urratsen hierarkia tradizional batean kokatu baino, ideia eta borrokok sare baten antzera, globalki ulertzeko dagoen beharra aipatu izan du. Beltzen askapen mugimenduak Vietnamgo gerra amaitzen lagundu zuenarekin duen lotura bistakoa den bezala, munduan askatasunaren alde dabiltzan herri eta mugimenduen borrokak geografia eta denborazkotasun komuna dute.

Atzo, elkargune eta lotura horren adibide apartekoa gertatu zen Logroñoko kartzelaren atarian. Preso politikoa izatea zer den ongi ezagutu duen eta bere komunitateko milioika kideren masazko kartzelatzea AEBetako kartzela-industriaren funtzionamendurako erregai gisa nola erabiltzen den hainbatetan salatu duen Angela Davisek Arnaldo Otegi bisitatu behar zuen. Biak dira komunitate baten zapalketaren lekuko, herriaren ondare eta inspirazio, biak globalki ezagunak, biak hain ezberdinak eta hain berdinak. Sinbolikoki irudi oso indartsua izan zen Logroñokoa, mugak (eta kartzeletako murruak) pasatu eta Otegiren kasua, euskal preso politiko guztien kausa, Euskal Herria bera, munduratu eta beste mugimendu askorekin lotu zituena.

Sorpresarik gabeko sorpresa izan zen espainiar agintariek Davis eta Otegi aurrez aurre elkartzea oztopatu izana. Edonola ere, bisitarekin, esanahi handiko detaile ttipi horrekin, Davisek erakutsitako kuraia ondo gordeta eramango dugu betiko euskaldunok. Bai, Davisek dioen gisa, askatasunaren aldeko borroka iraunkorra da. Afroamerikarren otoitzak dioen legez, «hainbeste urtez borrokatu dugu libre izan behar dugula ezinbestean!». Denok.

Search