Ariane Kamio
Donostia

Emakumeen Bira 2012

Lau egunez emakumezkoen nazioarteko txirrindularitzaren erdigune izango da Emakumeen Bira. Hogeita bosgarren urteurrenean, Marianne Vos, iazko irabazlea, ez da irteera puntuan izango, baina beste faboritoek goi mailan mantenduko dute urteroko froga. Iurreta, Matiena, Lekeitio eta Urduña izango dira aurten geldialdi nagusiak.

Iazko garaileak, Urduñako podiumean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Iazko garaileak, Urduñako podiumean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Emakumeen Birak mende laurdena bete du aurten. Hogeita bost urte etenik gabeko frogari pedal kolpean, emakumezkoen txapelketetan hitzordu nagusienetakoa bilakatu da Iurretako Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen lehia.

1988an abiatu zenetik aldaketa ugari izan ditu, ordea; bi eguneko froga izatetik lau etapa izatera pasa zen eta denbora horretan emakumezkoen txirrindularitzak izan duen garapenaren lekuko izan da. Nazioarte mailan punta-puntako froga bihurtu da urteen poderioz –UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren egutegiaren barruan dago 1992tik– eta 25. urteurrenean ere pelotoiko txirrindulari onenen neurrira egindako lehia antolatu dute.

Iurretan hasi eta amaituko da urteurren biril honetako lehen etapa. Matienaraino helduko da emakumezkoen pelotoia 97 kilometroko ibilbidearen baitan, eta Elorrio, Miota, Larrabetzu, Derio, Artebakarra, Mungia, Gamiz eta Astorekatik ere igaroko da.

Bigarren jardunaldia Lekeition abiatu eta amaituko da. 98 kilometro izango dituzte aurretik txirrindulariek, eta Milloi, Berriatua, Ondarroa (bi itzuli), Aulesti, Lekoitz (bigarren mailakoa), Markina eta berriro Miloitik pasako dira.

Larunbatez erlojupekoan ariko dira nazioarteko txirrindulari onenak Urduñan, 13,4 kilometrotako ibilbidean. Aurten, atzeko edizioetan ez bezala, froga bakarra egingo da larunbatez.

Erlojuaren kontrako etaparekin batera, azken jardunaldia izango da aurtengoan erabakiorrena. Urduñan bertan hasi eta Iurretan izango dute helmuga txirrindulariek, kasik atsedenik gabeko etapa gorabeheratsuaren baitan. Laudio, Ugao, Zeberio, Sarasolako gaina, Artea, Igorre, Dima, Zumeltza (bigarren maila), Otxandio, Urkiola (hirugarren maila), Mañaria, Goiuria, Duña (bigarren maila) eta Matiena izango dituzte aurretik, Iurretara iritsi baino lehen.

Marianne Vos ez da Biran izango

Herbehereak, Belgika, Italia, Alemania, Portugal, Australia, Estatu espainola eta Euskal Herriko hogei talde izango dira aurten euskal errepideetan. Marianne Vos txirrindulari herbeheretarra –iazko garailea eta faborito nagusienetakoa– izango da, ordea, hutsune nabarmenetakoa. Maiatzean haustura izan zuen lepauztaian eta lesioak ez dio Iurretako irteera puntuan egoten utziko.

Vosen bajak, alabaina, ateak irekiko dizkie tropeleko gainontzeko faboritoei eta lehia estu baino estuagoa espero da Judit Arndt (2009ko garailea), Emma Johansson, Sven Teutenberg, Annemiek van Vleuten, Claudia Haussler (2010eko garailea), Trixi Worrack, Emma Pooley, Noemi Cantele eta Nicole Cooke-n artean.

Euskal txirrindulariei dagokienez, Eneritz Iturriaga da euskal ordezkaritzan faboritoa. Sailkapen nagusiko hogei onenen artean egotea eta GARAren lehenengo euskal txirrindulariaren maillota lortzea dira bere helburu nagusiak.

Baina ez da lan erraza izango abadiñoarrak aurretik izango duena, atzetik datozen txirrindulari gazteek, Ane Santestebanek edo Dorleta Eskamendik, esaterako, aise erakutsi baitute beren pedal kolpea ere kontutan hartzekoa izango dela.