NAIZ.INFO
DONOSTIA

Urteko egun guztiek euskararen egun behar dutela aldarrikatu dute

Abenduaren 3arekin batera, Euskararen Eguna ekintza ugariz josita dator: bertso saio, hitzaldi, jolas, kontzertu, mintzodromo, erakusketa... Adierazpen instituzionalak ere ez dira falta, guztiak aldarrikapen berberarekin: gaurkoak ez ezik, urteko egun guztiek izan behar dutela euskararen egun.

Data honen jatorria Eusko Ikaskuntzari lotuta dago. Lehenengo aldiz 1949an ospatu zen Euskararen Eguna, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta bertze leku batzuetan ere bai. Eta geroztik, urtero egin da.

Euskal Herri osoan antolatzen diren ehunka ekitaldiez aparte, adierazpen instituzionalak ere ez dira falta Euskararen Egunean. Gasteizko Legebiltzarrak, esaterako, «urteko egun guztiak euskararen egun» bilakatu behar direla aldarrikatu du. Normalkuntzan sakondu eta urratsak ematen jarraitzeko «prestutasuna» agertu du, eta «euskaraz ere bizi ahal izateko hizkuntza-politika orekatua bideratzeko konpromisoa adierazi die herritarrei».

Etxepare Euskal Institutuak, berriz, «euskararen olatua hartu eta munduko itsasertz guztietara heltzeko» deia egin du eta horretarako propio prestatutako spota zabaldu du.

Bilboko Udalak, berriz, omenaldia egin die hiriko hamasei euskaltegiei, Iñaki Azkuna alkatea eta EAJ, Bildu, PSE eta PPko zinegotziak izan diren ekitaldi batean.

Donostian joan den asteburuan hasita ehun ekitalditik gora antolatu dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Gaur gehienek San Telmo museoan dute hitzordua eta hantxe egin dute ekitaldi nagusia, eguerdian, Mintzanet proiektua aurkeztearekin batera.

Gasteizen, Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak Lazarraga Sariak banatu dizkiete herrialde horretako lau entitate eta pertsonari, euren lan-ingurunean euskara txertatzeko egindako ekimenengatik: Abel Enbeita bertsolariari, Cuadrabus garraio enpresari, Gometegui bulego teknikoari, Assa ikastolari eta Villa Lucia ardandegiari.

Baionan, Etxepare Lizeoko ikasleek argazkia atera dute.