Naiz.info
Donostia

Gipuzkoako Aldundiaren erabakia «burujabetza ariketa» dela iritzi dio LAB sindikatuak

Gipuzkoako Aldundiak bere langileei ordainsari osagarri bat emateko hautuarekin krisiaren aurrean Euskal Herriak hartu behar duen bidean aurrera urratsa eman dela uste du LABek, eta «burujabetza ariketa» dela gaineratu du.

LABek txalotu egin du Gipuzkoako Aldundiaren erabakia eta erakusten du, bere iritziz, «langileen eskubideak behin eta berriro urratzen dituzten erabaki inposatuen aurrean gure erabaki propioak hartzeko premia dagoela eta horretarako prestutasuna duela».

Madrilgo Gobernuaren «inposaketek» lehen mailako gatazka bat agerian uzten dutela adierazi du ohar bidez, hots, «Euskal Herriak behar duen sektore publikoa, herri honek behar dituen zerbitzu publikoen eskaintza gauzatu eta bertako langile publikoen eskubideak arautzeko eskumen falta».

Ildo horretatik, Gipuzkoako Aldundiaren erabakia «burujabetza ariketa» dela nabarmendu du eta krisiaren aurrean Euskal Herriak hartu behar duen bidean aurrera urratsa eman dela gaineratu.

«Bide hori aldarrikatu dugu, bide hori beharrezkoa dugu, burujabetzaren bidean aurrera egitean baitago krisiari konponbidea eraikitzeko aukera», esan du.